15/12/28

Elsoko Santxoren Doctrina Christiana agertu da Livornon!!!

Orain dela pare bat aste argitaratu genuen post batean euskarazko liburuen zerrenda bat. Zerrenda hura aldatu beharra daukagu euskal kultura astinduko duen berri bat izan dugulako, ia-ia esklusiban:

Elsoko Santxoren Doctrina Christiana Toskanan agertu da; Livornon, hain zuzen ere!!!

Gasteizko IRALEn R600 ikastaroan ibili zen ikasle batek (S. Lopez de G.), gure mezua irakurri ondoren, e-postaz jakinarazi digu liburua udan aurkitu zuela, txiripaz, Toskanan oporretan zela. Berria Euskaltzaindira bidali zuen, eta, jakin duenez, negoziatzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua liburua nola erosi eta Euskal Herrira itzularazi. Izan ere, hura da –oraingoz, behintzat– Elsoko Santxoren dotrinaren ale bakarra!!
Beriainen liburuaren azala

15/12/24

Gabon-gabontzeta

Iaz, abenduaren 15eko artikuluan, Gabonak izan genituen hizpide: egutegia, ohiturak, haiei lotutako lexikoa eta esaera zaharrak... (Egin klik jarri dizuegun estekan, gaurkoa irakurtzen amaitzen duzuenean: altxor bat daukazue). Besteak beste, hau idatzi genuen: 
«Gabon egunean, Euskal Herriko zenbait herritan, umeak kantuan irteten dira (Gabon kantak edo Eguberri kantak), baserririk baserri edo etxerik etxe, eskean (Gabon eskean, gabonsaria batzen)».
Gabonsariarena ez da nobedadea izango inorentzat. Baina horren harira, behin baino gehiagotan esan izan dugu kanta batzuk nagusitu ("Olentzero" bereziki) eta beste batzuk galdu egin direla gure artean. Haietako bat ekarri dizuegu hona, guk ume-umetan zer abesten genuen gogoratuta (lau-bost-sei urterekin, bost xentimoren truke).

.
 Mutrikuko Musika Eskolako umeak
"Gabon Gabontzeta" kantatzen
Entzuteko, egin klik 
hemen.
Gabon-gabontzeta
Errosa galtzeta
Aurra jaio da ta
Jo daigun krixketa.

Aire miramor, aire miramor.

Larrosa enkarnada.
Aire miramor, aire miramor.

Etxetxiki onetan
Jo daigun atia,
Iriki, al badezu,
Ama-andre maitia.

Aire miramor...


Etxe onetan lau ardi,
laurak zortzi belarri,
etxe onetako etxeko andreak
topin beltza dirudi.


Ortografiaren aldetik batura pasatu nahi baduzue –eta nola egin jakin ez–, zerbitzu hori geuk eskaintzen dizuegu. Sarean aurkitu ditugun bertsioetako bat kopiatu-itsatsi dugu, eta zegoen-zegoenean utzi: gure ukitua eman gabe.

Bide batez esanda, antzerki-lan bat ere bada Gabon-gabontzeta, J.A. Arkotxak idatzia.

Mutrikuarrei entzundakoa gustatu bazaizue, ikasi eta sartu datorren urtean Gabon-kanten errepertorioan. Edo, horrelako besterik baduzue eta hemen argitaratzea nahi, bidali (kantua bera, bideoaren esteka...) eta segituan helaraziko diegu gure irakurle guztiei.

Horrenbestez, eta loteria (aloterixe, loterie...) tokatu ez zaigunez, bagoaz kantuan eta eskean: Gabon-gabontzeta...


KZkook, gure lagunekin, goizean atera diguten lehen argazkian


Urtarrilean, gehiago. Edo lehenago... (nork daki!). Ondo jan, ondo edan, ondo lo egin... indarberrituta bueltatzeko.

Urte berri on!


15/12/22

Euskaraz ikasiz. Gerundioak (I)

Nola esaten da euskaraz "cantar"? Eta nola "cantando"?
Lehenengo galderari guztiok erantzungo genioke "testuinguaren arabera":

Quiere cantar = Kantatu nahi du
Cantar es muy sano = Kantatzea oso osasungarria da
Sabe cantar opera = Opera kantatzen daki
Puede cantar mejor = Hobeto kanta(tu) dezake

Bigarren galderari antzera erantzun beharko diogu:

Está cantando = Kantatzen ari da / Kantuan ari da / Kantari ari da...
Cantando, se vive más contento = Kantatu(a)z / Kantatuta / Kantaturik, pozago bizitzen da

Salomé kantari bizi zen

Beste aditz batzuekin:

Tuvo un accidente viniendo de Bilbao = Istripua izan zuen Bilbotik zetorrela
Me estoy meando = Txiza-larri nago / Txiza-eginean nago
Lo recibieron aplaudiéndolo = Txaloka / Txalo batean hartu zuten

Testuinguruaren arabera (eta aditzaren beraren arabera, batzuetan) forma bat edo bestea erabiltzen dugu euskaraz, ez baitugu gerundiorik gure hizkuntzan.

Nola eman bada, testuinguru urria duten slogan antzeko esaldietan? Sarritan ikusten ditugu forma hauek : "jaiak defendatuz"; "Iparraldea ezagutuz"; "Herria indartuz"... Zuzenak dira horiek?

15/12/17

'Eskerrik' eta beste

Ikasturtearen hasieran, lankide batek esan zigun: "Idatzi beharko zenukete 'eskerrik' horren kontura; ikaragarri ari da zabaltzen, eta jendeak uste du, gainera, zuzena dela". Beste batek, berriz, orain dela gutxi izenburu hau proposatu zigun: "eta, zenbakiekin, bai". Orain arte ez ditugu aipatu ez bata, ez bestea.

Bada, Euskadi Irratiko Hiri Gorrian saioan –abenduaren 3an, euskararen egunean–, horiek biak eta beste batzuk izan ziren hizpide Maider Segurolak Ander Altunari egin zion elkarrizketan. Euskararen aje modernoak izan zen gaia.

Segurolak, amaieran, honelatsu agurtu zuen Altuna: «Eskerrik gurekin jolasteagatik, euskararekin egiten ari garenagatik alarmaren tinbrea ukitzen laguntzeagatik. Eta ea dena ondo akabatzen den. Si eske oso erraza da, en plan Mitxelena.»   

15/12/15

Durangon topatu ez ditugun liburuak

Durangoko azokak ditu euskarazko libururik gehien erakusgarri bere standetan: nobela eta poema, hizkuntzalaritza eta alpinismoa, haurrentzako ipuinak eta helduentzakoak... Gainera, bertan fisikoki ez duten bat nahi izanez gero, sarritan pare bat egunera ekarriko digute saltzaile prestuek edo eskura dituzten katalogoetan begiratzeko aukera izango dugu, gero beste nonbaiten enkargatzeko.



Baina badugu euskaraz idatzitako liburu guztiak irakurtzeko paradarik? Biblioteketara joanda ere, topatuko ote dugu hor nonbait norbaitek XVIII. mendean idatzi zuen liburu bitxi hura? Ba ote dago Euskaltzaindiaren Azkue biblioteka eta artxiboan, esaterako?

15/12/10

Apurka-apurka



Hitz egiten dugunean, den-denok erabiltzen ditugu makulu-hitzak. Tarteka-marteka ihes egiten digute, konturatu gabe. Modu guztietakoak izan daitezke: bueno, tira, bale?, bai, ezta?, nolabait… Baina, denen artean, deigarrienetako bat apur bat betegarria da.
Eman dezagun, adibidez, honelakoak entzuten ditugula hitzaldi batean:
Azalduko dizuet diseinuaren munduan apur bat zeintzuk diren punta-puntako materialak.
Materialen artean, egurra, beira eta metala izaten dira, apur bat, erabilienak.

Testuinguru horretan, ziurrenik, hizlariak zehatz-mehatz azalduko ditu diseinuzko asmakizunak egiteko material onenen ezaugarriak. Zer dela eta erabiltzen du, orduan, "apur bat"?

Bada, ahozko diskurtsoan beti behar izaten ditugulako esaldiak osatzeko hitz betegarriak. Hutsuneek eta isiltasunek beldur ematen digute, eta nahiago izaten dugu esango duguna nola edo hala arindu. Baina, batzuetan, hobe da esango dugun hori pentsatzeko denbora tartetxoa hartzea –isiluneak ahozko diskurtsoak antolatzeko trikimailu paregabeak dira– hitzok apurka-apurka esateko, eta apur bat bezalako makuluak, apur bat edo pitin bat besterik ez erabiltzeko.

15/12/3

Zorionak, "IRALEkume" guztioi!

Ana, Bego, Carmen, Dani, Enrike, Fidel, Gracia, Herminia, Itziar, Jabi, Kris, Luisa, Marian, Noemi, Oskar, Pablo, Rosa, Sofía, Tere, Unai, Vicente, Xanti, Yolanda, Zefe...

Eta hasi gaitezke berriro:

Ander, Bernar, Carlos, Dunia, Eulo, Fany, Grego, Hernando, Isidoro eta Isidro, Juan, Kontxi, Lidia, Mertxe, Nuria, Ofelia, Petri, Quintín, Ramoni, Sole, Tomas, Urko, Vanesa, Xaber, Yul, Zoraida...

Eta berriro:

Albina, Batis, Conra, Dolo, Enma, Filo, Gari, Heli, Ina, Jose, Kepa, Loren, Melisa, Neli, Olalla, Pili, Ramoni, Sonia, Tania, Unberto, Valentín, Xabier, Zezili...

Badakizue zenbat milaka lagun ibili zareten IRALEn euskara ikasten 1981etik hona? Hasiera hartan, gezurra zirudien ezer lortuko genuenik. Baina hemen gaude, eta ondo harro!

Aurten Euskararen Eguna euskaldun berriak omentzeko eguna izanda, ezin dizuegu hutsik egin: Zorionak, guzti-guztioi, hezkuntza-sistema euskalduntzen egin duzuen lan eskergagatik! Eta opari bat, zuentzat:




Monumentua ere merezi zenuten beren-beregi Irakasle Euskaldun Berriari eskainia, baina inori ez zaigu bururatu. Beste batzuk azkarrago ibili ziren: euskaldun berri guztien omenez, 2006an, Donostiako Altza auzoan jarri zuten bat (Lau Haizetara, Antton Mendizabal eskultorearena). Tribuaren Berbak telebista-saioan izan genuen horren berri.

Izan bedi, neurririk handienean, zuen omenez.


15/12/1

"Blakfraideia" erabiltzera iritsiko gara?

Duela hilabete pasatutxo, milaka lagun izan ziren Gernikan Urriko Azken Astelehena ospatzen. Azoka astelehenero egiten bada ere, urriko azkena izaten da berezi: izugarrizko festa antolatzen dute egun osorako, eta jendetza biltzen da.

Azaroaren amaieran, berriz, beste ospakizun hau izan dute: "Black Friday Gernikés" (hala iragarri du hango dendari batek bere facebookean).

15/11/26

Oharrak idazteko gomendio batzuk

Blog honetako artikulu batean baino gehiagotan (hemen, adibidez) azaldu izan dugu zer zuzenketa egiten ditugun kontsulta zerbitzuan jasotzen ditugun testuetan. Hizkuntza zuzentzen dugu, jakina: hitzen ordena, aditza, deklinabidea, lexikoa... Baina, horretaz gain, garrantzi handia ematen diogu testuaren formari, testuaren itxurari... Izan ere, alderdi horrek ere asko laguntzen digu (edo oztopatu) komunikazioan.

Egunotan gurasoentzako ohar askotxo zuzendu ditugu, eta haietako bat erakutsiko dizuegu. Honela jaso genuen (euskarazko testua goian, eta gaztelaniazkoa azpian):



Guk hiru aldaketa hauek egin dizkiogu: izenburua jarri, bi aldiz emandako datuak behin bakarrik eman eta testua bi zutabetan jarri. Ea zer iruditzen zaizuen.





  

15/11/24

Terminoak itzultzeko, jokatu arduratsu

Terminologiaren inguruko kontsultan agertu zitzaigun zalantza: nola esan behar dugu euskaraz diseño responsable? Alegia: web-orriak gailu bakoitzaren pantailaren neurrietara moldatzeko eraikitzen den diseinuari, nola esan behar zaio euskaraz? Kontzeptua erraza da ulertzen. Adibidez, gure blog hau honela ikusten da telefono adimentsu batean:




Eztabaidan, bat-bateko erantzuna azaldu zen: diseinu arduratsua. Batzuok ez zioten hankarik ez bururik aurkitzen terminoari, diseinu batzuk, ardura bakoak eta ganorabakoak izan arren (hau, esate baterako), primeran egokitzen zaizkielako gure tramankuluen pantailen ezaugarriei. Baina zentzua aurkitzen ziotenek bazuten argudio bat: gaztelaniaz, diseño responsable erabiltzen dela.

Eta zergatik ez joan jatorrizko terminora itsu-itsuan gaztelaniakora jo beharrean? Ingelesekoan hauxe aurkitu genuen: responsive design. 

15/11/19

Gehiegizko limurkeria

Irrati eta telebistako albistegietan berriak leunkiro ematen dizkigute, leunegi eman ere. Azken aldian hainbaten ahotan entzuten dira “galdetu nahi izan dugu”, “hurbildu nahi izan dugu”, “adierazi nahi izan digute” bezalako hitz-jario eta adierazpen luzeak, itzulinguruka eta zeharka aritzeko makulu apartak. Adierazpenok zenbat eta luzeago eman, orduan eta handiagoa izaten da berri-emaileak hartzen duen lasaitua.

Bada, horrelako baliabideak ez dira euskaraz soilik entzuten, gaztelaniaz ere entzuten baitira.  Besteak  beste, “los vecinos nos han querido mostrar su enfado”,  “nos hemos querido desplazar y acercar al lugar de los hechos”, “hemos querido conocer la predicción meteorológica” bezalako esaldiak (esan gabe doa euskaldunok gaztelaniatik hartu ditugula ereduak).
Zeharkako esaldiak sistematikoki egiten dira eta askoz praktikoagoa izango litzateke esaldi edo galdera laburrak eta zuzenak egitea, eremu irristakorretan labain ez egiteko. Esaterako:
-Zer eguraldi egingo du?
-Zer gertatu da?
-Bertara joan gara eta galdetu dugu.
-Bizilagunek haserre daudela esan digute.
- …
Pragmatikaren izenean, sarritan, hiztunok gehiegi fintzen ditugu enuntziatuak bestaldean dagoen hartzailearen belarriak limurtzeko edo. Informazioaren muina zuzenean ematen/galdetzen bada, komunikazioa aise bideratzen da. Horrek ez du esan nahi esaldi okerrak direnik, baina mezua korapilatu egiten dute eta hobe da hitz-kate horiek apurtzea.
Honezkero, zeharo puztuta izango ditu begi-belarriak ikus-entzuleak; izan ere, espresio batek arrakasta duenean, atoan agertzen da berri-emaile askoren ahotan. Janaria kontrako eztarrira joango ahal zaigu albistegietan horrelako esaldi jantziak entzutean!

15/11/17

Bakea (edo gerra) irribarre batekin hasten da

Orain dela gutxi galdetu ziguten ea nola eman behar den euskaraz "Peace begins with a smile (La paz empieza con una sonrisa)":

"Bakea irribarre batekin hasten da" ala "Bakea irribarre batez hasten da"?

Lehenago ere helarazi digute beste batzuek zalantza bera (ZEREKIN ala ZEREZ/ZERTAZ); gure kontsulta zerbitzuko artikulu hauetan daude erantzunak:

"Txartelaz" ala "Txartelarekin"ordaindu?
"Gerrikoz lotu prakak" edo "Gerrikoarekin lotu prakak"?

Ez ditugu errepikatuko haietan esandakoak. Baina esandako horietatik guztietatik, proposatzen dugu Kalkutako Teresaren hitzak honela ematea euskaraz:

Bakea irribarre batekin (edo bategaz) hasten da.

Kontua da, ordea, gu hau idazten ari garela sarraskia gertatu dela Parisen (2015eko azaroaren 13a: ostiral gaua).



Esaldiaren formak baino gehiago kezkatu gaitu, orduan, edukiak. Zeren eta:

gerra ere irri zuri batekin hasi zen

Azoreetako hirukotea, 2003
edo algara batean.

Blair, Bush eta Aznar: behin betiko bakeari eta ordenari hasiera ematen.




15/11/12

Galiziako harginen euskal hitzak

Erdi Aroan, Galizian, beste leku askotan bezala, harginek elkarte sekretu bat osatu zuten. Hizkera misteriotsu batean hitz egiten zuten, harriak lantzeko jakintzarekin batera belaunaldiz belaunaldi transmititu dena; gremio-jargoi honetaz baliatzen ziren sekretuak gordetzeko: inguruko entzule jakingurek uler ez zezaten, alegia. Gaur oso hiztun gutxi dituen mintzaira kriptiko horri "verbo dos arginas" edo "latín dos canteiros" esaten diote. Bada, isilpeko mintzo honetan euskal harginen eta euskararen eragina nabarmenak dira: euskaldunoi ezagun egingo zaizkigu arría, chacurro, napurra, bay eta beste hainbat hitz.

15/11/10

Pelloren erroskillak, lentillak eta galtzontzilloak

Bazenekiten euskaraz ere ll digrafoa erabiltzen dela? Digrafoa [grezieraz δίς (dis bezala transkribatuta: "bikoitz") eta γράφω (grafō, gráphō): "idatzi"] hots bakarra adierazten duen bi letrako sekuentzia da.  Esaterako: Ortuella,  txepetxa, onddoa, otsoa, Aitziber…

Baina, utz ditzagun pellokeriak eta rolloak alde batera! Goazen harira! Ikusten duzuenez, izenburuan ageri diren hitz guztiek ezaugarri bat partekatzen dute: denak idazten dira ll-z euskara batuan.

- Pello
- erroskilla
- lentilla
- galtzontzilloak
- paella
- brillante
- salmonella
- bulldog
- …

15/11/9

Hau proba bat da

Arazoak izan ditugu e-posta bidezko harpidedunei automatikoki bidaltzen zaizkien mezuekin. Konpontzen ibili gara, eta konponduta dagoela uste dugu. Ia egia den!

15/11/5

Intoxikazio-kasu bi eman dira Txorrierrin, perretxikoak janda

Seguruena, eman aditza izan daiteke euskaraz dugun polisemikoenetako bat. Adiera batzuk aipatzearren:


  • norbait zerbaiten edukitzaile egin: dirua eman zion / txupatxusa eman dit / belarrondoko bat emango dizut!!
  • denboraz ari garela, igaro edo pasatu: 3 urte eman zituen galeretan / bi ordu eman ditut museoko ilaran
  • irudia, itxura izan: konponduz gero, berria emango du / tontoa ematen du 
  • ekin, lotu: edateari eman zion / polizia ikusita, ihesari eman genion
  • (ondo edo gaizki) egokitu: soineko horrek ederki ematen din!!
  • itzuli: latinetik ez ezik, grezieratik ere eman zituen hainbat lan euskarara
  • ...
Hala ere, gaztelaniazko "darse = producirse" horren eraginez, gertatu, jazo adierarekin entzuten da sarritan gure eman hori, batez ere ahozko komunikabideetan.

  • *Obamaren eta Putinen arteko kontaktuak eman dira
  • *Ikasleen artean noizean behin ematen diren gorabeherak...
  • *Teknologiaren munduan, berrikuntza ikusgarriak ematen ari dira
  • *Intoxikazio-kasu bi eman dira Zamudion, perretxikoak janda


Horietan guztietan, gertatu, jazo, izan, suertatu dira erabili beharrekoak1, edo, bestela, zuzenean izenak (kontaktu, berrikuntza, intoxikazio) aditz bihurtu:

  • Kontaktuak izan dira Obamaren eta Putinen artean = Obamak eta Putinek behin baino gehiagotan kontaktatu dute
  • Ikasleen artean suertatzen diren gorabeherak...
  • Teknologiaren munduan, berrikuntza ikusgarriak gertatzen ari dira = Teknologiaren munduan, ikaragarri ari dira gauzak berritzen
  • Intoxikazio-kasu bi jazo dira Txorierrin, perretxikoak janda = Pertsona bi intoxikatu dira Txorierrin, perretxikoak janda
Hortaz, tentuz ibili sasoi honetan inork ematen dizkizun perretxiko, onddo, ziza, nikalo eta abarrekin!!!





1 Euskaltzaindiaren hiztegiak 206. orrialdean dio:
"[Oharra: Euskaltzaindiak, neska-mutikoen artean ematen diren liskarrak esapideak eta kidekoek euskara idatzian izan duten erabilera kontuan harturik, esapide horien ordez, neska-mutikoen artean gertatzen diren liskarrak eta kideko esapideak erabiltzea gomendatzen du]".

15/11/4

Bueltan gara, berandu baina seguru

Agur esan genizuen ekainaren 24an, baina agindu ere bai "laster" itzuliko ginela. Denboratxo hori, azkenean, lau hilabetekoa gertatu da: A zer lotsa! Ez pentsa, hala ere, egonean egon garenik (edo lau hilabeteko oporrak izan ditugunik). Kontsulta zerbitzura heldu zaizkigun galderei erantzuten eta testuak zuzentzen ibili gara, buru-belarri.

Oso-oso serio ari gara lanean.
Beti bezala, era askotako galderak egin dizkiguzue: terminologia kontuak, puntuazioaren gainekoak, hitzen idazkeraz... Zuzendu ditugun testuak ere tipo askotakoak izan dira: eskolarako apunteak, gurasoentzako oharrak, gelako araudiak...

Badakizue horiek guztiak gure erantzunen datu-basean dituzuela eskuragarri. Adibidez:

  • Jakin nahi duzue nola esaten den euskaraz "craneofacial"? Horixe izan da ikasturte honetako lehen galdera (irailaren 2an jaso genuen), eta hemen duzue erantzuna.
  • Ondo esanda ote daude "egongo denaren ustean", "etorri delaren berria" eta antzekoak? Ziur ez bazaudete, begiratu hemen.
  • Eskolarako "birziklatzeko gida" bat idatzi behar duzuela? Oso eredu txukuna bidali digute.
  • Beste hau, berriz, lagungarri izan dakizueke ikasleekin gelako arautegi bat adosteko.
  • ...

Hemendik aurrera, txintxo-txintxo emango dizuegu jasotzen dugunaren berri. Eta –bloga abian jarri genuenean esan bezala– inork galdetzen ez dizkigunak ere izango ditugu hizpide, merezi duela irizten badiogu/badiozue.

15/6/25

Ehun t'erdi

Eskulanetan, "nahikoa" atera dugu, gure hiru patchworkei esker. Lan hauek entregatu genizkion irakasleari:

1. hiruhilekoan



2. hiruhilekoan



3. hiruhilekoan




LASTER ARTE! ONDO PASATU OPORRETAN!