kalkoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kalkoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

15/11/19

Gehiegizko limurkeria

Irrati eta telebistako albistegietan berriak leunkiro ematen dizkigute, leunegi eman ere. Azken aldian hainbaten ahotan entzuten dira “galdetu nahi izan dugu”, “hurbildu nahi izan dugu”, “adierazi nahi izan digute” bezalako hitz-jario eta adierazpen luzeak, itzulinguruka eta zeharka aritzeko makulu apartak. Adierazpenok zenbat eta luzeago eman, orduan eta handiagoa izaten da berri-emaileak hartzen duen lasaitua.

Bada, horrelako baliabideak ez dira euskaraz soilik entzuten, gaztelaniaz ere entzuten baitira.  Besteak  beste, “los vecinos nos han querido mostrar su enfado”,  “nos hemos querido desplazar y acercar al lugar de los hechos”, “hemos querido conocer la predicción meteorológica” bezalako esaldiak (esan gabe doa euskaldunok gaztelaniatik hartu ditugula ereduak).
Zeharkako esaldiak sistematikoki egiten dira eta askoz praktikoagoa izango litzateke esaldi edo galdera laburrak eta zuzenak egitea, eremu irristakorretan labain ez egiteko. Esaterako:
-Zer eguraldi egingo du?
-Zer gertatu da?
-Bertara joan gara eta galdetu dugu.
-Bizilagunek haserre daudela esan digute.
- …
Pragmatikaren izenean, sarritan, hiztunok gehiegi fintzen ditugu enuntziatuak bestaldean dagoen hartzailearen belarriak limurtzeko edo. Informazioaren muina zuzenean ematen/galdetzen bada, komunikazioa aise bideratzen da. Horrek ez du esan nahi esaldi okerrak direnik, baina mezua korapilatu egiten dute eta hobe da hitz-kate horiek apurtzea.
Honezkero, zeharo puztuta izango ditu begi-belarriak ikus-entzuleak; izan ere, espresio batek arrakasta duenean, atoan agertzen da berri-emaile askoren ahotan. Janaria kontrako eztarrira joango ahal zaigu albistegietan horrelako esaldi jantziak entzutean!

15/6/15

Kat-aforak Kat-alunian

Aste honetan alabarekin izandako elkarrizketa, telefonoan (Bartzelonan bizi da, Núriarekin –amarekin–):
—Aita, aita! Eskerrik asko, eskerrik asko! Badakizu zer galdetu diguten selektibitatean, Lengua Españolan? Katafora bat zer den definitzeko, eta adibide bat jartzeko. Eta klasekoen artean neuk bakarrik jakin dut, joan den astelehenekoa irakurrita, Murumendiren gainekoa!
—A, ze ondo! Zerbaitetarako balio izan dizu orduan nire matrakak. Eta nola definitu duzu?
—Ba…, hau idatzi dut: “Testu bateko hizkuntza elementua, gero aipatuko den zerbaiti erreferentzia egiten diona”. Ondo dago?
—Nire ustez, primeran, baina ez dakit zuzentzaileek zer pentsatuko duten, batzuk arriskutsuak izan litezke-eta. Eta adibidea, zein jarri duzu?
—Zure ohorez, “Honako gailur hauek ikusten dira Murumenditik: Txindoki, Aizkorri, Izazpi, Erlo, Ernio…”. Eta beste bat, barkatu…:  "El Barça ho ha guanyat tot: la Lliga, la Copa i la Champions".
—Ederto biak. Baina bigarrenak min ematen dit… Kontatuko diet KZkoei, eta poz-pozik jarriko dira gurea aprobetxagarria dela jakinda. Musu handi bat. Diverteix-te. Que t´ho passis bé.
Selektibitat amb catàfora.

15/4/24

Bikoteak eta hirurok zuhaitz etxe batean emango dugu asteburua

Lehengo astean, sanedrinean bilduta gaudela, txoritxo bat (tamainagatik eta janzkeragatik, erroi bat) etorri zitzaigun albistea ematera:
—Gure lankide H. ezkondu egingo da, hilaren 24an!
—No-no-no-norekin, baina? —guk, zezelka, inbidiaz beteta.
—Ez dakit nor izango den haren bikotea. Galdetuko diot ikasketaburuari —gaineratu zuen erroi bihozgabeak.
'Bikotea' entzun, eta argi gorriak piztu zitzaizkigun gure burmuin gaixoetan: Aldatu egin ote du PPko gobernuak legea? Mormoitu egin ote da? Legezkoak izango ote dira aurrerantzean hiruren arteko ezkontza zibilak?

15/3/13

Kalko oker bat: "Puntuak, lerroak eta... azalerak (!?)"

Euskaltzaindiaren Hiztegiak dixit:
azalera iz. Mat. Geometria figura baten luze-zabalaren neurria. Triangeluaren azalera kalkulatzeko.
[Oharra: Neurria adierazteko erabiltzen da soilik: bestetarako, azal (leun, zakar...), gainazal, eremu (lurralde batena, adib.) etab. daude].
Badirudi euskaldun askok arazo handiak dituztela azalera hitzarekin; hainbestek eta hainbeste, non ohar bat gaineratu beharra sentitu duten Euskaltzaindiaren hiztegiko sarrera horretan...

"Izenak izana darama": Kontsulta Zerbitzukoon penthouseko azalea

15/2/25

'SU'rik gabe, hobeto biziko ginateke

Joan den ostiralean, lanetik irten, segituan etxera joan, eta Teleberrirekin bazkaltzen ari garela, ostiralean bertan gure zine aretoetan estreinatuko ziren bi pelikularen gainean hasi ziren.

Haietako bat American Sniper (Frankotiratzailea) zen: "El francotirador Christian Kyle mató a alrededor de 200 insurgentes en Irak. Clint Eastwood se ha basado en SU autobiografía para hacer esta película."


14/12/1

Nola esaten da erdaraz "Irten trenetik"?


Lehengo larunbatean, bazkaltzeko hitzordua nuen IRALEko lankide –adiskide on eta oso atsegin– baten etxean, Getxon. Garraio publikoan joan nintzaion, berak hala aholkatuta: PESAko autobusa hartu, Bilboko Termibusera heldu, eta metroa hartu nuen. Azken geltokian jaitsi behar nuen.

Geltoki bakoitzera heltzerakoan, geltokiaren izena esaten zuten bozgorailutik, eta horrekin batera hitzen jatorriak asmatzeari ekiten nion: Lutxana (< lat. Lucius + -ana), Leioa (< lat. Laelius + -ana?), Areeta (erraza!), Neguri (erraza!), Algorta (< ahari + korta?)...

Eta Bidezabalera iritsi ginen: "Bidezabal. Bidaiaren amaiera. Irten trenetik, mesedez". Eta erdaraz ere bai: "Fin de trayecto. Por favor, abandonen la unidad".

14/11/21

Trenak bere irteera burutuko du 6. nasan

Izenburuko esaldia tren-geltokian entzungo bagenu, gehienoi –baina,  guztioi?– halako belarriko mina emango liguke, gaztelaniatik eratorritako kalko gordina dela eta. Baina, beste adibide hauetan?

“Poliziak miaketa burutu du Getariako portuan, heroina bila”
“Zuzendariaren begiradapean burutuko dute sute-simulazioa”

Zergatik ez badakigu ere, gehiagok –gehienek?– emango lituzkete ontzat horiek biak izenburukoa baino, sarri xamar entzun eta irakurtzen ditugu eta...

14/11/10

Geroko utzi gabe, beranduegi izan liteke eta

«Hiru mende beranduago, 4 milioi beltz afrikar indarrez eraman zituzten Brasilera, esklabo gisa lan egitera.» 

Eman dezagun zuzena dela esaldia. Orduan, XV. mendearen amaieran, plantazio-jabeak 4 milioi beltz horiek noiz etorriko zain egongo ziren Brasilen, baina 300 bat urtez atzeratuta heldu ziren esklaboak; berandu, baina heldu ziren azkenean! 


Zer gertatu da? Beste hainbatetan bezala, erdararen oihartzuna nagusitu zaigula: erdaraz, “tres siglos más tarde” esaten denez, nahastu egiten gara tarde horrekin, kalkatu egiten dugu –oker–, eta gero behar zuena berandu bihurtzen da. Askori gertatzen zaigu, gero!: euskaraz ikasten hasi berri denari,  irratiko kazetari bikain batzuei, irakasleoi, zenbait euskaltzaini ere...

Hona esaldia, zuzenduta:

«Hiru mende beranduago geroago, 4 milioi beltz afrikar indarrez eraman zituzten Brasilera, esklabo gisa lan egitera.» 

Hiztegiaren arabera, “ohi den, egoki den, behar den uneaz geroago” da berandu:
  • "Berandu heldu gara hitzordura"
  • "Irakaslea berandu etorri da klasera, eta are beranduago Vanessa"
  • "Oso berandu oheratu naiz bart, eta barea baino motelago daukat burua gaur goizean: ez lo bai lo"…

Inoiz ez da berandu orain arte gaizki esan ditugunak zuzentzeko!