Irrati eta telebistako
albistegietan berriak leunkiro ematen dizkigute, leunegi eman ere. Azken aldian
hainbaten ahotan entzuten dira “galdetu nahi izan dugu”, “hurbildu nahi izan
dugu”, “adierazi nahi izan digute” bezalako hitz-jario eta adierazpen luzeak,
itzulinguruka eta zeharka aritzeko makulu apartak. Adierazpenok zenbat eta
luzeago eman, orduan eta handiagoa izaten da berri-emaileak hartzen duen
lasaitua.
Bada, horrelako baliabideak ez dira euskaraz soilik
entzuten, gaztelaniaz ere entzuten baitira.
Besteak beste, “los
vecinos nos han querido mostrar su enfado”, “nos hemos querido desplazar y acercar al
lugar de los hechos”, “hemos querido conocer la predicción meteorológica” bezalako esaldiak (esan gabe doa
euskaldunok gaztelaniatik hartu ditugula ereduak).
Zeharkako esaldiak sistematikoki
egiten dira eta askoz praktikoagoa izango litzateke esaldi edo galdera laburrak
eta zuzenak egitea, eremu irristakorretan labain ez egiteko. Esaterako:
-Zer eguraldi egingo du?
-Zer gertatu da?
-Bertara joan gara eta galdetu dugu.
-Bizilagunek haserre daudela esan digute.
- …
Pragmatikaren izenean,
sarritan, hiztunok gehiegi fintzen ditugu enuntziatuak bestaldean dagoen
hartzailearen belarriak limurtzeko edo. Informazioaren muina zuzenean ematen/galdetzen
bada, komunikazioa aise bideratzen da. Horrek ez du esan nahi esaldi okerrak
direnik, baina mezua korapilatu egiten dute eta hobe da hitz-kate horiek
apurtzea.
Honezkero, zeharo puztuta
izango ditu begi-belarriak ikus-entzuleak; izan ere, espresio batek arrakasta
duenean, atoan agertzen da berri-emaile askoren ahotan. Janaria
kontrako eztarrira joango ahal zaigu albistegietan horrelako esaldi jantziak
entzutean!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina