zuzentasuna eta egokitasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
zuzentasuna eta egokitasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

15/11/26

Oharrak idazteko gomendio batzuk

Blog honetako artikulu batean baino gehiagotan (hemen, adibidez) azaldu izan dugu zer zuzenketa egiten ditugun kontsulta zerbitzuan jasotzen ditugun testuetan. Hizkuntza zuzentzen dugu, jakina: hitzen ordena, aditza, deklinabidea, lexikoa... Baina, horretaz gain, garrantzi handia ematen diogu testuaren formari, testuaren itxurari... Izan ere, alderdi horrek ere asko laguntzen digu (edo oztopatu) komunikazioan.

Egunotan gurasoentzako ohar askotxo zuzendu ditugu, eta haietako bat erakutsiko dizuegu. Honela jaso genuen (euskarazko testua goian, eta gaztelaniazkoa azpian):



Guk hiru aldaketa hauek egin dizkiogu: izenburua jarri, bi aldiz emandako datuak behin bakarrik eman eta testua bi zutabetan jarri. Ea zer iruditzen zaizuen.





  

15/11/24

Terminoak itzultzeko, jokatu arduratsu

Terminologiaren inguruko kontsultan agertu zitzaigun zalantza: nola esan behar dugu euskaraz diseño responsable? Alegia: web-orriak gailu bakoitzaren pantailaren neurrietara moldatzeko eraikitzen den diseinuari, nola esan behar zaio euskaraz? Kontzeptua erraza da ulertzen. Adibidez, gure blog hau honela ikusten da telefono adimentsu batean:




Eztabaidan, bat-bateko erantzuna azaldu zen: diseinu arduratsua. Batzuok ez zioten hankarik ez bururik aurkitzen terminoari, diseinu batzuk, ardura bakoak eta ganorabakoak izan arren (hau, esate baterako), primeran egokitzen zaizkielako gure tramankuluen pantailen ezaugarriei. Baina zentzua aurkitzen ziotenek bazuten argudio bat: gaztelaniaz, diseño responsable erabiltzen dela.

Eta zergatik ez joan jatorrizko terminora itsu-itsuan gaztelaniakora jo beharrean? Ingelesekoan hauxe aurkitu genuen: responsive design

15/11/19

Gehiegizko limurkeria

Irrati eta telebistako albistegietan berriak leunkiro ematen dizkigute, leunegi eman ere. Azken aldian hainbaten ahotan entzuten dira “galdetu nahi izan dugu”, “hurbildu nahi izan dugu”, “adierazi nahi izan digute” bezalako hitz-jario eta adierazpen luzeak, itzulinguruka eta zeharka aritzeko makulu apartak. Adierazpenok zenbat eta luzeago eman, orduan eta handiagoa izaten da berri-emaileak hartzen duen lasaitua.

Bada, horrelako baliabideak ez dira euskaraz soilik entzuten, gaztelaniaz ere entzuten baitira.  Besteak  beste, “los vecinos nos han querido mostrar su enfado”,  “nos hemos querido desplazar y acercar al lugar de los hechos”, “hemos querido conocer la predicción meteorológica” bezalako esaldiak (esan gabe doa euskaldunok gaztelaniatik hartu ditugula ereduak).
Zeharkako esaldiak sistematikoki egiten dira eta askoz praktikoagoa izango litzateke esaldi edo galdera laburrak eta zuzenak egitea, eremu irristakorretan labain ez egiteko. Esaterako:
-Zer eguraldi egingo du?
-Zer gertatu da?
-Bertara joan gara eta galdetu dugu.
-Bizilagunek haserre daudela esan digute.
- …
Pragmatikaren izenean, sarritan, hiztunok gehiegi fintzen ditugu enuntziatuak bestaldean dagoen hartzailearen belarriak limurtzeko edo. Informazioaren muina zuzenean ematen/galdetzen bada, komunikazioa aise bideratzen da. Horrek ez du esan nahi esaldi okerrak direnik, baina mezua korapilatu egiten dute eta hobe da hitz-kate horiek apurtzea.
Honezkero, zeharo puztuta izango ditu begi-belarriak ikus-entzuleak; izan ere, espresio batek arrakasta duenean, atoan agertzen da berri-emaile askoren ahotan. Janaria kontrako eztarrira joango ahal zaigu albistegietan horrelako esaldi jantziak entzutean!

15/11/5

Intoxikazio-kasu bi eman dira Txorrierrin, perretxikoak janda

Seguruena, eman aditza izan daiteke euskaraz dugun polisemikoenetako bat. Adiera batzuk aipatzearren:


  • norbait zerbaiten edukitzaile egin: dirua eman zion / txupatxusa eman dit / belarrondoko bat emango dizut!!
  • denboraz ari garela, igaro edo pasatu: 3 urte eman zituen galeretan / bi ordu eman ditut museoko ilaran
  • irudia, itxura izan: konponduz gero, berria emango du / tontoa ematen du 
  • ekin, lotu: edateari eman zion / polizia ikusita, ihesari eman genion
  • (ondo edo gaizki) egokitu: soineko horrek ederki ematen din!!
  • itzuli: latinetik ez ezik, grezieratik ere eman zituen hainbat lan euskarara
  • ...
Hala ere, gaztelaniazko "darse = producirse" horren eraginez, gertatu, jazo adierarekin entzuten da sarritan gure eman hori, batez ere ahozko komunikabideetan.

  • *Obamaren eta Putinen arteko kontaktuak eman dira
  • *Ikasleen artean noizean behin ematen diren gorabeherak...
  • *Teknologiaren munduan, berrikuntza ikusgarriak ematen ari dira
  • *Intoxikazio-kasu bi eman dira Zamudion, perretxikoak janda


Horietan guztietan, gertatu, jazo, izan, suertatu dira erabili beharrekoak1, edo, bestela, zuzenean izenak (kontaktu, berrikuntza, intoxikazio) aditz bihurtu:

  • Kontaktuak izan dira Obamaren eta Putinen artean = Obamak eta Putinek behin baino gehiagotan kontaktatu dute
  • Ikasleen artean suertatzen diren gorabeherak...
  • Teknologiaren munduan, berrikuntza ikusgarriak gertatzen ari dira = Teknologiaren munduan, ikaragarri ari dira gauzak berritzen
  • Intoxikazio-kasu bi jazo dira Txorierrin, perretxikoak janda = Pertsona bi intoxikatu dira Txorierrin, perretxikoak janda
Hortaz, tentuz ibili sasoi honetan inork ematen dizkizun perretxiko, onddo, ziza, nikalo eta abarrekin!!!





Euskaltzaindiaren hiztegiak 206. orrialdean dio:
"[Oharra: Euskaltzaindiak, neska-mutikoen artean ematen diren liskarrak esapideak eta kidekoek euskara idatzian izan duten erabilera kontuan harturik, esapide horien ordez, neska-mutikoen artean gertatzen diren liskarrak eta kideko esapideak erabiltzea gomendatzen du]".

15/6/12

Zortzietan irten egingo gara

Ailegatu zen egun handia: prest genituen mozorroak; prest koreografia; prest gogoa... Ailegatu zen egun handia: munduari erakutsiko genion zer-nolakoak ginen inoizko Escola do Samba onenekoak.

Bazkaldu ostean, kirioak jota, alai hurreratu ginen Mangueirako muinurrutuko favelara. Han genituen zain kuadrillako kide guztiak, nor bere mozorro eta jantzi distiratsuenak soinean, musika eta caipirinha, barre eta elkarrizketa urduriak, dantza-urratsak berotzen... Trinidade do Agrado candomblé-apaizemeak azken ukituak egin zizkion aldareari, eta haren bedeinkazioaren bila abiatu ginen guztiok, banan-banan.


Kontsulta-zerbitzuko kide bat, bedeinkazioa hartzen.

Halako batean, arrapalada batean sartu zen A Mangueirako buru zen Germão Careca: "Aldaketa bat egon da! Hirugarren barik, laugarren irten egingo gara!!" Ulertu bagenion ere, muturra okertu zuen gure arteko hitzen ordenako espezialistak: "egin hori ez dago ondo erabilita..." 

15/6/5

Eta sambodromoan dantzatuko dugu

Behin mozorroa aukeratuta eta bikain josita genuela, Riora joatea zen hurrengo pausoa: abioiko txartelak erosi, hotela hartu Ipaneman bertan ez gara gu edozelakoak, eta pozik baina urduri irten ginen Riorantz: irabaziko ziguten Portelakoek (EIBZkoak eurekin ateratzen dira)?; barregarri geldituko ginen?; nahikoa entsegu egin genituen gure koreografiako urratsak ikasteko? Rioko aireporturako jaisten ari ginela zerubidean, ederto ulertu genuen berriro ere zergatik zen hura munduko hiririk ederrenetako bat: Guanabarako badia ikusten genuen, Pão de Açúcarreko tontorra, Maracanãko estadioa, mendixketako oihanak... 



Antônio Carlos Jobim aireportura iritsi (hura bai izen aproposa!), bagajea hartu, eta ezinezko maleta eskerga haiekin abiatu ginen hotelera. Hantxe genituen zain Zé eta Nélia, A Mangueirako bi lagun carioca: "Bizkor! Azken entsegua dugu ordu erdi barru! Bihar dantzatuko dugu sambodromoan!". Gutako batek zuzendu egin zuen: "Dantzatuko gara". Ui, ui, ui... inauterietan ere lanean aritu behar eta azalpenak eman...

15/5/29

Kontuz!

Joan den ostiralean, gaur zortzi, segurtasun-kartelak direla eta aritu ginen. Batzuetan, kartel horiek ez dute hitzik behar. Adibidez:

Gerta liteke, ordea, baten batek pentsatzea hor patinaje artistikoa edo rokanrola ikasteko eskolaren bat dagoela (eta zartako earra hartzea). Orduan, hitzez zehaztu behar da: Kontuz! Zorua bustita (hori bururatu zaigu guri, eta hala dakar Errotuluen Hiztegiak: bingo!).

15/5/28

Deabru janztea eskatu ziguten

Gogoratzen gure Rioko abenturaren hasiera? Behin erabakita marakaz jarraituko geniola erritmoari, behingoz mozorroa zehaztea genuen bigarren pausoa. Hainbat e-posta trukatu genituen A Mangueirako escolakoekin: mozorro hau, beste hura, hobe hau... Gaitza zen guztion gustuko bat aukeratzea: eztabaida eta pelika handiak izan genituen geure artean, harik eta escolacandombléko apaizeme den Trinidade do Agradorengana jo zuen arte: tortolosak bota zituen, txokor handi baten kearekin haizatu, eta erantzuna erakutsi zion Iemanjá itsasoko erreginak: Iste ano de demónio.

Trinidade do Agrado, kandonble-erritualari ekin aurretik

Jainkosa nagusienetako batek hala agintzen bazuen, hala onartu behar denok, ezbairik gabe. Jaso genuen e-postan esaten zigutenez, "Eskatzen dizuegu gure jainko-jainkosen agindua betetzea eta guztiak deabru jantzita etortzea". Gutako batek oso zorrotza bera berehala okertu zuen muturra (musturre, bere kasuan: ze tributakoa da, orduan?): "Eskatzen dizuet jarraitzeko eta etortzeko!!". Hala ote?

15/5/22

Ez sartu!


Behar al du testurik irudi honek? Seguru asko, ez. Denok egingo dugu irakurketa bera, nork bere hizkuntzan: prohibit el pas, prohibido o paso, accès interdit, no entry, vietato l'ingresso, passagem proíbida... 

Eta euskaraz ?

15/5/20

Amonaren gona zaharraz jantzi ziren festarako. Uste okerrak (IV)

Orain dela bi urteko inauteriak ailegatzeko zirela, kontsultakideok gertatzen hasi ginen ia urtero Rio de Janeirora egiten dugun bidaia (aurtengoa, Jamaikakoa, salbuespena izan da). Gure ohiko escola de sambako adiskideek A Mangueira-koek esan zigutenez, oraindik ez zuten urte honetarako gaia aukeratu, eta ideiak biltzen hasita zeuden eskolakideen artean: Nola jantzi? Nola mozorrotu?


Guk, jakina, prestu bezain prest, geure burutazioak bota genizkien: deabru, sorgin, txinatar... Erantzuna bat-batekoa izan zen: "Isto é Rio, não Lantz". Hortaz, beste buelta bat eman genien proposamenei:

Kontsultakide bat, bere proposamena erakusten.

Horretaz ari ginela, berehala etorri zitzaizkigun zalantza eta eztabaida: Marakekin jo erritmoa? Marakez jo erritmoa? Marakaz jo erritmoa? Erantzunak argia zirudien: instrumentala erabili beharko dugu, "instrumentua" adierazten ari garelako...

15/5/15

Aditza, aurrera! (komeni denean)

Aurreko batean, akta bat nola egin erakutsi genizuen: nola egituratu, zer itxura eman... (diseinu kontuak). Azalpenetan sartu gabe, eredu bat eskaini genizuen. Gaurkoan, hizkuntza kontuetan sartuko gara.
Izan ere, egunotan KZra iritsi zaigu ikastetxe bateko (beste) akta bat zuzentzeko; eta, beste askotan bezala, esaldi jakin batzuen ordena aldatzen ibili gara. Ezkerreko zutabean ageri dira jatorrizko esaldiak; eskuinekoan, guk proposatutakoak. Horiz markatu dugu bere horretan utzi duguna.


Edozein mintegik har dezakeela parte, baina dagokion titulazioa eduki behar dutela azaldu du ikasketaburuak.

Ikasketaburuak azaldu du edozein mintegik har dezakeela parte, baina titulazioa eduki behar dutela.
Ordu kreditua jasotzeko, titulazioaz gain, beste baldintzaren bat eskatzen duten galdetu du Anak. Ezetz erantzun du ikasketaburuak. Gainera, datorren kurtsoan, 1. eta 2. mailan, ez dela egongo Historia ingelesez esan du.

Anak galdetu du beste baldintzaren bat eskatzen duten titulazioaz gain 6 orduko kreditua jasotzeko. Ezetz erantzun du ikasketaburuak. Eta esan du, gainera, datorren kurtsoan 1. eta 2. mailan ez dela emango Historia ingelesez.
Aurreko klaustroan batzorde bat osatu zela kalitatearena berrikusteko gogorarazi du ikasketaburuak.

Ikasketaburuak gogorarazi du aurreko klaustroan batzorde bat osatu zela kalitatearena ikuskatzeko.
Zertan datzan proiektua azaldu du zuzendariak gain-gainetik.

Zuzendariak gain-gainetik azaldu du zertan den proiektua.
Errekuperazioak egin ondoren estatistikak entregatzea komeni dela azaldu du ikasketaburuak, bestela datuak ez dira errealak.

Ikasketaburuak azaldu du komeni dela errekuperazioak egin ondoren estatistikak entregatzea, bestela datuak ez baitira errealak.
 
Konturatuko zinetenez, subjektua eta aditza aurreratu egin ditugu. Eta ohartuko zineten, gainera, aditz jakin batzuk direla horiek: azaldu, galdetu, esan, gogorarazi... Osagarriak -(e)la edo -(e)n menderagailua duten esaldi luze samarrak izaten dituzte; eta, jakina, oso ohikoak edozein aktatan.

PowerPoint aurkezpen hau daukagu zintzilik Interneten: "Hitzen ordena".

Ba, halakoetan, aditza aurrera eramatearena ez da gure kapritxo bat. Ahoz holako hurrenkera erabiltzen dugu, eta zerbaitengatik izango da: komunikazioa nabarmen errazten duelako. Beraz, uste dugu idatzira ere lasai-lasai ekarri dezakegula molde hori.

15/5/6

Dirurik lapurtzekotan, deitu poliziari. Uste okerrak (III)

Bilboko metroan orain dela gutxi ipini duten kartela:


*Suitzalgailu okerraz eta mugagabe okerraz (*Larriunetan) gain —luzitu egin dira kartel honetan, “Zure segurtasunerako dira, surik izatekotan” ere irakurtzen dugu. Jakina, “-tzekotan” baldintzazkoa da-eta…

15/5/4

Francok gerra zibila galdu balu... (Baldintzak I)


Joan den larunbatean, KZko kideok eta lankide batzuk mendi buelta bat egitera joan ginen, arratsaldean, nora eta… Legutio aldera noski, osaba Teofilori (Rosa Luxemburg batailoia, PCE-EPK-koa) eta tio Saturri (Olabarri batailoia, ANV-EAEkoa) eta tio Joseri (Araba batailoia, PNV-EAJkoa) eta Legutioko batailan borrokatu ziren beste milaka gudari-milizianori gorazarre egin behar geniela gogoan sartuta, maiatzaren 1ekoa idatzi eta gero. Gutako gehienok –ez denak– harro, familiakoak ez ziren-eta okerreko bandoan egon 1937 malapartatu hartan.

Hona ibilaldia: Legutio - Jarindo (895 m) - Maroto (864) - Larragoien (gudarien oroigarria) - Albertia (867) - Legutio. Eta, egunari berea emateko, Otxandioko jantoki batean afaldu genuen.

Gudarien oroigarria. Ez dugu gure argazkia jarri nahi izan: gutako bat zerrendaburu doa Obaban udal hauteskundeetan, eta ez dugu arazorik nahi eskualdeko hauteskunde-batzordearekin.

Kontua da gehienok oso pozik amaitu genuela eguna, baina bi kidek komentario bitxi hauek egin zizkiotela antolatzaileari:
XABI: Ño! Jakin baneu aldatsak egongo zirela, ez nintzonan etorriko... (bizkaieraz eta noka)
LALI: Ba ni ere, jakin banu holako aldapa txikiak egongo zirela, ez nindunan etorriko... (gipuzkeraz eta noka)
Aukerako eguna izan zen nonbait iraganeko baldintza irrealak egiteko, Albertiako gailurrean honela jardun baikenuen: 
  • Francok gerra galdu balu, gure familia askoz ere hobeto biziko zen: aita ez zen sartuko lanean fabrikan 14 urterekin...
  • Francok gerra galdu balu, Francoren alde borrokatu ziren gehienak ere hobeto ibiliko ziren bizitzan: gutxi batzuek baino ez zuten irabazi gerra hura...
Eta afarian ere, mendi bueltako gorabeherak goraki hausnarka, berdin: 
  • Brutus (txakurra) ekarri banu, atzetik ibiliko zitzaien ikusi ditugun sai eta zaldi guztiei.
  • Jarindon eguraldi ona egin baligu, Gorbeia eta Anboto eta beste mendi ugari ikusiko genituen: ikuspegi benetan ederrak ditu.
  • Frontalak ekartzea ahaztu ez balitzaigu, sartuko ginen apur batean Otxarretako kobazuloan.



Adibide horietan guztietan, hiztunak egia ez den (edo egiatzat ez daukan) hipotesi bat egiten du baldintza perpausean. Kontrafaktuala esaten zaio horri: Ipuin-eleberri-pelikula ugari egin dira kontrafaktualetan oinarrituta (bestela gertatu balitz...); esaterako, Harkaitz Canoren Belarraren Ahoa eleberria (Alberdania, 2004) eta Quentin Tarantinoren Inglourious Basterds (2009) filma, naziekin zerikusia duten bi obra aipatzearren. Eta politikari merkeen argudio askoren funtsa kontrafaktual bat izaten da (boterean zuen ordez gu egon bagina...).



Ikusi dezagun zein den kontrafaktualen egitura, gaurko lehen orduan entzun dugun beste adibide honekin: Abisatu bazenigu, benetan gustura lagunduko genizuen...

  • Baldintza perpausa: iraganeko gertakari bati buruzkoa denez, aditz nagusiak aspektu burutua du [abisatu]; eta aditz laguntzaileak, berriz, alegialdiko tempusa dakar [bazenigu].   
  • Ondore perpausa: aditzak ez ditu alegialdiko ezaugarriak: aspektua gerokoa da [lagunduko], eta laguntzailea iraganaldikoa [genizuen/genizukeen].


Oharrak:
  1. Hiztun askok izan aditza txertatuta indartzen dute baldintza perpauseko aditza: jakin izan banu, galdu izan balu, ekarri izan banu, egin izan baligu, ahaztu izan ez balitzaigu, abisatu izan bazenigu...
  2. Gehienok, indikatibozko iraganaldiko aditz laguntzaileak erabiltzen ditugu ondore perpausetan (nintzen, zitzaien, genituen...), baina Euskaltzaindiak bi aukera ematen ditu bere 42. arauan: nintzen/nintzatekeen, zen/zatekeen, ziren/ziratekeen, zitzaien/zitzaiekeen, genituen/genituzkeen, ginen/ginatekeen, genizuen/genizukeen...

15/4/27

Soilik emakume bat zegoen tabernan, bakarrik. Uste okerrak (II)


Hiru ikaslek bakarrik egin dute lana, eta elkarrekin, gainera.

Elkarrekin egin badute, ezin egin bakarrik.

Nola?

Bakarrik konpainiarik gabe da. Esan duzun horretan, soilik erabili behar da: hots, besterik ez.

Orduan, kafe-etxe batean pertsona bat baino ez badago, eta inor gehiagorik ez: soilik emakume bat dago tabernan, bakarrik...



15/4/24

Bikoteak eta hirurok zuhaitz etxe batean emango dugu asteburua

Lehengo astean, sanedrinean bilduta gaudela, txoritxo bat (tamainagatik eta janzkeragatik, erroi bat) etorri zitzaigun albistea ematera:
—Gure lankide H. ezkondu egingo da, hilaren 24an!
—No-no-no-norekin, baina? —guk, zezelka, inbidiaz beteta.
—Ez dakit nor izango den haren bikotea. Galdetuko diot ikasketaburuari —gaineratu zuen erroi bihozgabeak.
'Bikotea' entzun, eta argi gorriak piztu zitzaizkigun gure burmuin gaixoetan: Aldatu egin ote du PPko gobernuak legea? Mormoitu egin ote da? Legezkoak izango ote dira aurrerantzean hiruren arteko ezkontza zibilak?

15/4/22

Lehen, "ingelera" esaten zen. (Zeeerrrrrrrr???)

"Lehen ingelera esaten zen" bezalakoak entzuten ditugunean, esan dezagun apur bat urduri jartzen garela. Noiz da lehen hori? Orain dela 100 urte? 70eko hamarkadatik aurrera? Geroago jarri zen modan?

Egia da hori esaten duenari norbaitek ingelera hitza irakatsi ziola, edo sarritan entzun duela euskarazko komunikabideetan, baita hiztun bikainen ahotan ere. Bitartean, ordea, beste askok ingelesa esaten eta idazten zuten. Munduan gaur egun nagusi den hizkuntzaren izenari buruz ari gara, jakina. Kontu sinplea dirudi, baina jende asko oraindik ere zalantzan dabilela ikusten dugu: maiz galdetzen digute KZkooi. Eta, behin baino gehiagotan, English irakasleek berek dute zalantza!

Eta zein da erantzuna? Egin klik hemen.

Beste hau ere galdetu izan digute inoiz: gaztelania ala gaztelera? Ba, horren erantzuna hemen daukazue.

Orain, ariketa bat egitea tokatzen zaizue. Nola eman behar dira euskaraz irudian ageri diren hizkuntzen izenak?



Eta estekatu ditugun gure bi artikulu horiek irakurri badituzue, bikain nota aterako duzue.

15/4/15

Lagunduko zaitut etxera, amari pastela egiten laguntzeko? Uste okerrak (I)

Gure ikasleei entzuten dizkiegunak entzunda, frogatuta dago uste oker asko dagoela euskara zuzenaren gainean. Sarritan entzuten diren komentarioetako bat:
- "Etxera lagunduko dizut", ez: "lagunduko zaitut".
- "Patxik lagundu nau lana egiten", ez: "Patxik lagundu dit".

15/4/13

Egin proba, eta frogatu badakizula "proba" eta "froga" bereizten

Martxoaren 27an argitaratu genuen artikulutxoan, honela aurkeztu genuen egun hura:

«Batzuei, egun honetantxe hasiko zaie Aste Santua / Saindua / Gurena edo gurutzebidea, IRALEko atariko proba (eta ez froga) egin behar dute eta!»
Jende askori entzuten diogu "atariko froga" eta antzekoak erabiltzen dituela, eta erabaki dugu gaurkoan ariketatxo bat proposatzea, proba eta froga hitzak bereizteko balio lezakeena.

Beste ezer baino lehen, ikusi dezagun nola azaltzen dituen esanahiak Euskaltzaindiaren Hiztegiak:

froga iz. Zerbait egia dela finkatzeko edo egiaztatzeko balio duen gauza.

proba 1 iz. Norbait zerbaitetarako gai dela ikusteko egiten den saioa.
2 iz. Dema, norgehiagoka.
3 iz. Inprimatze lanaren kopia, hutsak zuzentzeko ateratzen dena.

15/2/13

Piratak

Munduko kontsulta zerbitzu guztiei, lehenago edo geroago, mozorrotu aditzari lotutako zalantza heltzen zaie. Guri ere etorri zitzaigun, sortuberriak ginela, modu honetan formulatuta:
‘Pirata jantzita mozorrotzea’: zuzena da?


 Hona zer erantzun genuen:
Ez dakigu zer erantzun; eta ez dakigu burua apurtu behar dugun esaldi horren zuzentasuna aztertzen. Zaila egiten zaigu erabakitzea: jantzi+mozorrotu sekuentzia ez dugu inoiz batera entzun edo irakurri, eta, hori dela eta, pixka bat arraroa egiten zaigu. Baina ez dugu pontifikatu nahi: arauei dagozkien kontzeptuak dira zuzena / ez zuzena, eta ez dakigu dena arautu litekeen. Ahozko eta idatziko testu egokiak sortzea eta sortzen laguntzea da gure helburua, eta ez da xumea. 
Esan nahi duzuna adierazteko, askoz ohikoagoak dira guretzat:
  • Pirata janztea
  • Pirata arropekin mozorrotzea
  • Mozorrotzea (pentsatu dut): pirata jantzita joango naiz
Hau da, mozorrotu aditza alde batetik eta bera bakarrik, eta pirata jantzi esamoldea bestetik.
Hiru horien zuzentasunaz galdetuko bazenigu, ez genuke inolako zalantzarik: erabat zuzenak dira. Hiru arrazoi hauengatik:
1) Pirata janztea: berekin dauka mozorroaren esanahia.
2) Pirata jantzita esaten dugu gehienok eta ez pirataz jantzita (asko zabaldu da esamolde hori, seguruenik erdararen kalkoa eginda).
3) Mozorrotu aditza, tradizioan, bera bakarrik erabili da.
Kontsulta Zerbitzuko bi kide, pirata jantzita
(Jamaikako inauterietara joan ginenekoa)

EGUNERATZEA:

Jagonet zerbitzuan mozorrotu aditzaren osagarriari buruzko informazioa eguneratu dute. Hona hemen erantzun osoa:
  • mozorrotu
    • Galdera
          Nola esan behar da: indio mozorrotu ala indioz mozorrotu?
          Galdera zein litzateke Nola mozorrotu zara? ala Zer mozorrotu zara?
    • Erantzuna
          Galdera egokia Nola mozorrotu zara? litzateke.
Bestalde, -z mozorrotu (indioz mozorrotu) ala mozorrotu (indio mozorrotu) egituretako zein erabili den (erabili bada) jakiteko Orotariko Euskal Hiztegiko datuak ikusita, gaur egunera arte, ez da aurkitu -z mozorrotu egituraren lekukotasunik batere euskarazko tradizio idatzian, eta horregatik hobetsi zuen Gramatika batzordeak -0 mozorrotu egitura 1997an.
Gramatika batzordearen ustez, -z mozorrotu bezalakoak berri samarrak dira, eta euskarak horren ordez beste egitura batzuk erabili izan ditu: hala nola, indio jantzita, indio jantzian, indio mozorroan, indio arropetan (iparraldean) eta abar. Mozorrotu aditza erabili izan da literaturan, baina bakarrik agertzen da gehienetan: mozorrotuta joan zen kalera
Egia da gaur eguneko erabileran asko ugaldu dela -z mozorrotu egitura; Ereduzko Prosa Gaur corpuseko datuetara baldin bagatoz, nabarmena da ugaltze hori. Euskaltzaindiaren Hiztegia osatzeko, lehenagoko tradizioko datuak (OEH) eta gaur egungoak (EPG) erabili dira, eta, horregatik, indioz mozorrotu egitura ere ontzat eman da 2012an.

Euskaltzaindiaren Hiztegian ere hauxe ageri da mozorrotu hitzaren sarreran:

  • Aurpegia mozorroz estali; mozorroa jantzi. Mozorrotuta zegoelako. Itsaslapurrez mozorrotua.
Hortaz, pirata mozorrotu zein pirataz mozorrotu, biak dira zilegi.