Seguruena, eman aditza izan daiteke euskaraz dugun polisemikoenetako bat. Adiera batzuk aipatzearren:
- norbait zerbaiten edukitzaile egin: dirua eman zion / txupatxusa eman dit / belarrondoko bat emango dizut!!
- denboraz ari garela, igaro edo pasatu: 3 urte eman zituen galeretan / bi ordu eman ditut museoko ilaran
- irudia, itxura izan: konponduz gero, berria emango du / tontoa ematen du
- ekin, lotu: edateari eman zion / polizia ikusita, ihesari eman genion
- (ondo edo gaizki) egokitu: soineko horrek ederki ematen din!!
- itzuli: latinetik ez ezik, grezieratik ere eman zituen hainbat lan euskarara
- ...
Hala ere, gaztelaniazko "darse = producirse" horren eraginez, gertatu, jazo adierarekin entzuten da sarritan gure eman hori, batez ere ahozko komunikabideetan.
- *Obamaren eta Putinen arteko kontaktuak eman dira
- *Ikasleen artean noizean behin ematen diren gorabeherak...
- *Teknologiaren munduan, berrikuntza ikusgarriak ematen ari dira
- *Intoxikazio-kasu bi eman dira Zamudion, perretxikoak janda
Horietan guztietan, gertatu, jazo, izan, suertatu dira erabili beharrekoak1, edo, bestela, zuzenean izenak (kontaktu, berrikuntza, intoxikazio) aditz bihurtu:
- Kontaktuak izan dira Obamaren eta Putinen artean = Obamak eta Putinek behin baino gehiagotan kontaktatu dute
- Ikasleen artean suertatzen diren gorabeherak...
- Teknologiaren munduan, berrikuntza ikusgarriak gertatzen ari dira = Teknologiaren munduan, ikaragarri ari dira gauzak berritzen
- Intoxikazio-kasu bi jazo dira Txorierrin, perretxikoak janda = Pertsona bi intoxikatu dira Txorierrin, perretxikoak janda
1 Euskaltzaindiaren hiztegiak 206. orrialdean dio:
"[Oharra: Euskaltzaindiak, neska-mutikoen artean ematen diren liskarrak esapideak eta kidekoek euskara idatzian izan duten erabilera kontuan harturik, esapide horien ordez, neska-mutikoen artean gertatzen diren liskarrak eta kideko esapideak erabiltzea gomendatzen du]".
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina