onomastika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
onomastika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

15/5/18

Toponimiarekin jolasten

Leku izen hauek guztiok ezaugarri bat partekatzen dute:
  • Saharako basamortua
  • Alcantarako zubia (Extremadura)
  • Flumen ibaia (Aragoi)
  • Michigan aintzira
  • Puebla hiria (Mexiko)
 Badakizue zein ezaugarri den? Gertatzen dira horrelakoak euskaraz ere?


15/2/27

Jakinda, agorrilaren 16koa

Abuztuaren 16koa da gure lankide Juanjo. Juanjoren gurasoek jaiotegunari dagokion santuaren izena jartzea erabaki balute, eta horretarako Sabino Aranaren Egutegi bizkattarra ("bizkattarr batek iratzija" eta 1897an argitaratua) kontsultatu balute, Juanjo izan beharrean Jakindda izango zen (gaur egun, Hiazinto, Euskaltzaindiaren arabera; gazt. Jacinto, eta fr. Hyacinthe); eta emakume jaio balitz, berriz, Jakindde.

Euskal izendegian, sekulako lurrikara ekarri zuen Egutegi bizkattarrak (eta hartan oinarrituta, Sabino hil ondoren, Luis Eleizaldek argitaratu zuen Deun-ixendegi euzkotarrak): nahiz eta euskararen eta literaturaren tradizioarekin bat ez etorri, garai hartako eta ondorengo euskaltzale/abertzaleek bere egin, eta Gotzonez, Guruznez, Edurnez, Anez, Jaionez, Iñakiz, Josebaz, Gorkaz, Kepaz... bete da gure mundua; esportatu ere egin ditugu haietako batzuk.

Hori kontatzen dugu R600 ikastaroko saioetan. Eta ikasleak, guztiz engaiatuta, berehala hasten zaizkigu galdezka: "Nondik dator Koldobika izena? Eta Gotzon, nola demonio asmatu zuen Sabinok?...".

Eta beste galdera hau ere izaten da ohikoa: Zergatik -a amaiera gizonezkoen izenetan, eta -e emakumezkoenetan?". Sabinoren ustez, gizonezkoei A bokala dagokielako, eta E bokala, berriz, emakumezkoei (baita N kontsonantea ere, hika moldean ikusten den bezala).

15/2/9

Ocho apellidos vascos (eta beste bat)

Larunbat gauean, Goya sariak banatu zituen Espainiako zinema akademiak. Guk dakigula, lehendabiziko aldiz zegoen proposatuta, pelikularik onenaren sarirako, euskaraz filmatutako bat: Loreak. Guk ikusita daukagu, eta bikaina iruditu zitzaigun. Areago: hizkuntzaren hautua ere primerakoa iruditu zitzaigun, eredugarria, guztiz sinesgarria... Pena izan zen galako hizlariek galdetu ez izana -gure kontsulta zerbitzuan, esaterako- nola ahoskatzen den "loreak" berba gure hizkuntza bitxi honetan, etengabe ebakitzen baitzuten [lo-re-ák] Loreal apaintzeko kremen marka ezaguna zutela erreferentzia bakarra...

15/2/2

Nola esaten da 'Hondarribia' ingelesez?

Gipuzkoako herria izendatzeko, 'Hondarribia', jakina: "I´m going to Hondarribia to spend my summer holidays".

Baina ez dugu hori argitu nahi. Hurrengo batean, azalduko dugu nola deklinatzen diren -a artikuluaz amaitzen diren leku izenak; esaterako, 'Hondarribia' bera. Artikulua duela esan dugu, eta, beraz, artikuluaren aurrekoa izen bat baino ez da; kasu honetan, izen elkartu bat: 'hondar' + 'ibi'. Zer esan nahi du osagai bakoitzak?
Hondar = harea
Ibi = ibaia zeharkatzeko pasabide egokia

15/1/23

Hitzen joan-etorriak

Gaur hamabost, pare bat ariketa jarri genizkizuen; ez dakigu egin dituzuen ala ez, baina gu, badaezpada, erantzunak ematen ari gara. Aurrekoan silueta hitzarena kontatu genizuen; oraingoan, lehenengo galderari helduko diogu.

1. Gaztelaniazko hitz hauetatik zein dira euskaratik hartutakoak?
aguín, aquelarre, arangorri, arrabio, bardo, betarraga, bolo, cartolas, cencerro, cenzaya, chaparro, chatarra, chirimbolo, chistera, chistorra, chueca, esguín, fardel, gabarra, ganzúa, guiri, izquierdo, jorguín, lamia, laya, lurte, mochil, muga, órdago, orzaya, peto, sabaya, sarama, sinsorgo, zaborra, zacuto, zamarra, zurrón.
Erantzuna: guztiak, gorriz markatu ditugunak izan ezik.

15/1/16

Ingerada, silueta eta dintornoa

Aurrekoan (gaur zortzi), galdera batzuk egin genituen; eta ez dugu erantzunik jaso: ñi-ñi-ñi...! (Negarrez ari gara). 

Nor zen Etienne de Silhouette?
Ondo erantzun erraza: Finantza ministroa, Frantzian, 1759ko martxotik azarora, errege Luis XV.a zela. Aita Baionakoa zuen; eta abizena, frantses grafia gora-behera, hau: Zuloeta edo Zulueta. (Wikipedia) 
Zein hitz arrunt dator abizen horretatik?  
Erantzuna, erraza baino errazagoa: ingerada (Wikipedia).

14/10/17

Richard Lionheart


Richard Lionheart (Ricardo Corazón de León) eta John Lackland (Juan sin Tierra): nola esan euskaraz? kontsulta-zerbitzura galdera egin zigutenetik, urte guztietan erabiltzen dugu adibide bera EIMAren Onomastika (zerrendak) liburukiaren berri emateko:“Eman dezagun Robin Hood lantzen ari zaretela ikasgelan, B edo D ereduan, eta halako batean “Ricardo Corazón de León” agertzen dela: nola esango zenukete euskaraz?”Harrigarria egin zaigu beti irakasle askok eta askok nolako erreakzioa duten: “Baina… zergatik demontre euskaratu behar da?”. Ez dira konturatzen frantsesez “Richard Ier Coeur de Lion” esaten dela, eta ingelesez “Richard I the Lion-Heart”; eta, beraz, euskaraz ezin dugula erdarazko formarik eman…