gramatika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
gramatika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

15/12/22

Euskaraz ikasiz. Gerundioak (I)

Nola esaten da euskaraz "cantar"? Eta nola "cantando"?
Lehenengo galderari guztiok erantzungo genioke "testuinguaren arabera":

Quiere cantar = Kantatu nahi du
Cantar es muy sano = Kantatzea oso osasungarria da
Sabe cantar opera = Opera kantatzen daki
Puede cantar mejor = Hobeto kanta(tu) dezake

Bigarren galderari antzera erantzun beharko diogu:

Está cantando = Kantatzen ari da / Kantuan ari da / Kantari ari da...
Cantando, se vive más contento = Kantatu(a)z / Kantatuta / Kantaturik, pozago bizitzen da

Salomé kantari bizi zen

Beste aditz batzuekin:

Tuvo un accidente viniendo de Bilbao = Istripua izan zuen Bilbotik zetorrela
Me estoy meando = Txiza-larri nago / Txiza-eginean nago
Lo recibieron aplaudiéndolo = Txaloka / Txalo batean hartu zuten

Testuinguruaren arabera (eta aditzaren beraren arabera, batzuetan) forma bat edo bestea erabiltzen dugu euskaraz, ez baitugu gerundiorik gure hizkuntzan.

Nola eman bada, testuinguru urria duten slogan antzeko esaldietan? Sarritan ikusten ditugu forma hauek : "jaiak defendatuz"; "Iparraldea ezagutuz"; "Herria indartuz"... Zuzenak dira horiek?

15/11/17

Bakea (edo gerra) irribarre batekin hasten da

Orain dela gutxi galdetu ziguten ea nola eman behar den euskaraz "Peace begins with a smile (La paz empieza con una sonrisa)":

"Bakea irribarre batekin hasten da" ala "Bakea irribarre batez hasten da"?

Lehenago ere helarazi digute beste batzuek zalantza bera (ZEREKIN ala ZEREZ/ZERTAZ); gure kontsulta zerbitzuko artikulu hauetan daude erantzunak:

"Txartelaz" ala "Txartelarekin"ordaindu?
"Gerrikoz lotu prakak" edo "Gerrikoarekin lotu prakak"?

Ez ditugu errepikatuko haietan esandakoak. Baina esandako horietatik guztietatik, proposatzen dugu Kalkutako Teresaren hitzak honela ematea euskaraz:

Bakea irribarre batekin (edo bategaz) hasten da.

Kontua da, ordea, gu hau idazten ari garela sarraskia gertatu dela Parisen (2015eko azaroaren 13a: ostiral gaua).



Esaldiaren formak baino gehiago kezkatu gaitu, orduan, edukiak. Zeren eta:

gerra ere irri zuri batekin hasi zen

Azoreetako hirukotea, 2003
edo algara batean.

Blair, Bush eta Aznar: behin betiko bakeari eta ordenari hasiera ematen.




15/11/5

Intoxikazio-kasu bi eman dira Txorrierrin, perretxikoak janda

Seguruena, eman aditza izan daiteke euskaraz dugun polisemikoenetako bat. Adiera batzuk aipatzearren:


  • norbait zerbaiten edukitzaile egin: dirua eman zion / txupatxusa eman dit / belarrondoko bat emango dizut!!
  • denboraz ari garela, igaro edo pasatu: 3 urte eman zituen galeretan / bi ordu eman ditut museoko ilaran
  • irudia, itxura izan: konponduz gero, berria emango du / tontoa ematen du 
  • ekin, lotu: edateari eman zion / polizia ikusita, ihesari eman genion
  • (ondo edo gaizki) egokitu: soineko horrek ederki ematen din!!
  • itzuli: latinetik ez ezik, grezieratik ere eman zituen hainbat lan euskarara
  • ...
Hala ere, gaztelaniazko "darse = producirse" horren eraginez, gertatu, jazo adierarekin entzuten da sarritan gure eman hori, batez ere ahozko komunikabideetan.

  • *Obamaren eta Putinen arteko kontaktuak eman dira
  • *Ikasleen artean noizean behin ematen diren gorabeherak...
  • *Teknologiaren munduan, berrikuntza ikusgarriak ematen ari dira
  • *Intoxikazio-kasu bi eman dira Zamudion, perretxikoak janda


Horietan guztietan, gertatu, jazo, izan, suertatu dira erabili beharrekoak1, edo, bestela, zuzenean izenak (kontaktu, berrikuntza, intoxikazio) aditz bihurtu:

  • Kontaktuak izan dira Obamaren eta Putinen artean = Obamak eta Putinek behin baino gehiagotan kontaktatu dute
  • Ikasleen artean suertatzen diren gorabeherak...
  • Teknologiaren munduan, berrikuntza ikusgarriak gertatzen ari dira = Teknologiaren munduan, ikaragarri ari dira gauzak berritzen
  • Intoxikazio-kasu bi jazo dira Txorierrin, perretxikoak janda = Pertsona bi intoxikatu dira Txorierrin, perretxikoak janda
Hortaz, tentuz ibili sasoi honetan inork ematen dizkizun perretxiko, onddo, ziza, nikalo eta abarrekin!!!





1 Euskaltzaindiaren hiztegiak 206. orrialdean dio:
"[Oharra: Euskaltzaindiak, neska-mutikoen artean ematen diren liskarrak esapideak eta kidekoek euskara idatzian izan duten erabilera kontuan harturik, esapide horien ordez, neska-mutikoen artean gertatzen diren liskarrak eta kideko esapideak erabiltzea gomendatzen du]".

15/6/12

Zortzietan irten egingo gara

Ailegatu zen egun handia: prest genituen mozorroak; prest koreografia; prest gogoa... Ailegatu zen egun handia: munduari erakutsiko genion zer-nolakoak ginen inoizko Escola do Samba onenekoak.

Bazkaldu ostean, kirioak jota, alai hurreratu ginen Mangueirako muinurrutuko favelara. Han genituen zain kuadrillako kide guztiak, nor bere mozorro eta jantzi distiratsuenak soinean, musika eta caipirinha, barre eta elkarrizketa urduriak, dantza-urratsak berotzen... Trinidade do Agrado candomblé-apaizemeak azken ukituak egin zizkion aldareari, eta haren bedeinkazioaren bila abiatu ginen guztiok, banan-banan.


Kontsulta-zerbitzuko kide bat, bedeinkazioa hartzen.

Halako batean, arrapalada batean sartu zen A Mangueirako buru zen Germão Careca: "Aldaketa bat egon da! Hirugarren barik, laugarren irten egingo gara!!" Ulertu bagenion ere, muturra okertu zuen gure arteko hitzen ordenako espezialistak: "egin hori ez dago ondo erabilita..." 

15/6/5

Eta sambodromoan dantzatuko dugu

Behin mozorroa aukeratuta eta bikain josita genuela, Riora joatea zen hurrengo pausoa: abioiko txartelak erosi, hotela hartu Ipaneman bertan –ez gara gu edozelakoak–, eta pozik baina urduri irten ginen Riorantz: irabaziko ziguten Portelakoek (EIBZkoak eurekin ateratzen dira)?; barregarri geldituko ginen?; nahikoa entsegu egin genituen gure koreografiako urratsak ikasteko? Rioko aireporturako jaisten ari ginela zerubidean, ederto ulertu genuen berriro ere zergatik zen hura munduko hiririk ederrenetako bat: Guanabarako badia ikusten genuen, Pão de Açúcarreko tontorra, Maracanãko estadioa, mendixketako oihanak... 



Antônio Carlos Jobim aireportura iritsi (hura bai izen aproposa!), bagajea hartu, eta ezinezko maleta eskerga haiekin abiatu ginen hotelera. Hantxe genituen zain Zé eta Nélia, A Mangueirako bi lagun carioca: "Bizkor! Azken entsegua dugu ordu erdi barru! Bihar dantzatuko dugu sambodromoan!". Gutako batek zuzendu egin zuen: "Dantzatuko gara". Ui, ui, ui... inauterietan ere lanean aritu behar eta azalpenak eman...

15/5/28

Deabru janztea eskatu ziguten

Gogoratzen gure Rioko abenturaren hasiera? Behin erabakita marakaz jarraituko geniola erritmoari, behingoz mozorroa zehaztea genuen bigarren pausoa. Hainbat e-posta trukatu genituen A Mangueirako escolakoekin: mozorro hau, beste hura, hobe hau... Gaitza zen guztion gustuko bat aukeratzea: eztabaida eta pelika handiak izan genituen geure artean, harik eta escolak candombléko apaizeme den Trinidade do Agradorengana jo zuen arte: tortolosak bota zituen, txokor handi baten kearekin haizatu, eta erantzuna erakutsi zion Iemanjá itsasoko erreginak: Iste ano de demónio.

Trinidade do Agrado, kandonble-erritualari ekin aurretik

Jainkosa nagusienetako batek hala agintzen bazuen, hala onartu behar denok, ezbairik gabe. Jaso genuen e-postan esaten zigutenez, "Eskatzen dizuegu gure jainko-jainkosen agindua betetzea eta guztiak deabru jantzita etortzea". Gutako batek –oso zorrotza bera– berehala okertu zuen muturra (musturre, bere kasuan: ze tributakoa da, orduan?): "Eskatzen dizuet jarraitzeko eta etortzeko!!". Hala ote?

15/5/20

Amonaren gona zaharraz jantzi ziren festarako. Uste okerrak (IV)

Orain dela bi urteko inauteriak ailegatzeko zirela, kontsultakideok gertatzen hasi ginen ia urtero Rio de Janeirora egiten dugun bidaia (aurtengoa, Jamaikakoa, salbuespena izan da). Gure ohiko escola de sambako adiskideek –A Mangueira-koek– esan zigutenez, oraindik ez zuten urte honetarako gaia aukeratu, eta ideiak biltzen hasita zeuden eskolakideen artean: Nola jantzi? Nola mozorrotu?


Guk, jakina, prestu bezain prest, geure burutazioak bota genizkien: deabru, sorgin, txinatar... Erantzuna bat-batekoa izan zen: "Isto é Rio, não Lantz". Hortaz, beste buelta bat eman genien proposamenei:

Kontsultakide bat, bere proposamena erakusten.

Horretaz ari ginela, berehala etorri zitzaizkigun zalantza eta eztabaida: Marakekin jo erritmoa? Marakez jo erritmoa? Marakaz jo erritmoa? Erantzunak argia zirudien: instrumentala erabili beharko dugu, "instrumentua" adierazten ari garelako...

15/5/6

Dirurik lapurtzekotan, deitu poliziari. Uste okerrak (III)

Bilboko metroan orain dela gutxi ipini duten kartela:


*Suitzalgailu okerraz eta mugagabe okerraz (*Larriunetan) gain —luzitu egin dira kartel honetan—, “Zure segurtasunerako dira, surik izatekotan” ere irakurtzen dugu. Jakina, “-tzekotan” baldintzazkoa da-eta…

15/5/4

Francok gerra zibila galdu balu... (Baldintzak I)


Joan den larunbatean, KZko kideok eta lankide batzuk mendi buelta bat egitera joan ginen, arratsaldean, nora eta… Legutio aldera noski, osaba Teofilori (Rosa Luxemburg batailoia, PCE-EPK-koa) eta tio Saturri (Olabarri batailoia, ANV-EAEkoa) eta tio Joseri (Araba batailoia, PNV-EAJkoa) eta Legutioko batailan borrokatu ziren beste milaka gudari-milizianori gorazarre egin behar geniela gogoan sartuta, maiatzaren 1ekoa idatzi eta gero. Gutako gehienok –ez denak– harro, familiakoak ez ziren-eta okerreko bandoan egon 1937 malapartatu hartan.

Hona ibilaldia: Legutio - Jarindo (895 m) - Maroto (864) - Larragoien (gudarien oroigarria) - Albertia (867) - Legutio. Eta, egunari berea emateko, Otxandioko jantoki batean afaldu genuen.

Gudarien oroigarria. Ez dugu gure argazkia jarri nahi izan: gutako bat zerrendaburu doa Obaban udal hauteskundeetan, eta ez dugu arazorik nahi eskualdeko hauteskunde-batzordearekin.

Kontua da gehienok oso pozik amaitu genuela eguna, baina bi kidek komentario bitxi hauek egin zizkiotela antolatzaileari:
XABI: Ño! Jakin baneu aldatsak egongo zirela, ez nintzonan etorriko... (bizkaieraz eta noka)
LALI: Ba ni ere, jakin banu holako aldapa txikiak egongo zirela, ez nindunan etorriko... (gipuzkeraz eta noka)
Aukerako eguna izan zen nonbait iraganeko baldintza irrealak egiteko, Albertiako gailurrean honela jardun baikenuen: 
  • Francok gerra galdu balu, gure familia askoz ere hobeto biziko zen: aita ez zen sartuko lanean fabrikan 14 urterekin...
  • Francok gerra galdu balu, Francoren alde borrokatu ziren gehienak ere hobeto ibiliko ziren bizitzan: gutxi batzuek baino ez zuten irabazi gerra hura...
Eta afarian ere, mendi bueltako gorabeherak goraki hausnarka, berdin: 
  • Brutus (txakurra) ekarri banu, atzetik ibiliko zitzaien ikusi ditugun sai eta zaldi guztiei.
  • Jarindon eguraldi ona egin baligu, Gorbeia eta Anboto eta beste mendi ugari ikusiko genituen: ikuspegi benetan ederrak ditu.
  • Frontalak ekartzea ahaztu ez balitzaigu, sartuko ginen apur batean Otxarretako kobazuloan.



Adibide horietan guztietan, hiztunak egia ez den (edo egiatzat ez daukan) hipotesi bat egiten du baldintza perpausean. Kontrafaktuala esaten zaio horri: Ipuin-eleberri-pelikula ugari egin dira kontrafaktualetan oinarrituta (bestela gertatu balitz...); esaterako, Harkaitz Canoren Belarraren Ahoa eleberria (Alberdania, 2004) eta Quentin Tarantinoren Inglourious Basterds (2009) filma, naziekin zerikusia duten bi obra aipatzearren. Eta politikari merkeen argudio askoren funtsa kontrafaktual bat izaten da (boterean zuen ordez gu egon bagina...).



Ikusi dezagun zein den kontrafaktualen egitura, gaurko lehen orduan entzun dugun beste adibide honekin: Abisatu bazenigu, benetan gustura lagunduko genizuen...

  • Baldintza perpausa: iraganeko gertakari bati buruzkoa denez, aditz nagusiak aspektu burutua du [abisatu]; eta aditz laguntzaileak, berriz, alegialdiko tempusa dakar [bazenigu].   
  • Ondore perpausa: aditzak ez ditu alegialdiko ezaugarriak: aspektua gerokoa da [lagunduko], eta laguntzailea iraganaldikoa [genizuen/genizukeen].


Oharrak:
  1. Hiztun askok izan aditza txertatuta indartzen dute baldintza perpauseko aditza: jakin izan banu, galdu izan balu, ekarri izan banu, egin izan baligu, ahaztu izan ez balitzaigu, abisatu izan bazenigu...
  2. Gehienok, indikatibozko iraganaldiko aditz laguntzaileak erabiltzen ditugu ondore perpausetan (nintzen, zitzaien, genituen...), baina Euskaltzaindiak bi aukera ematen ditu bere 42. arauan: nintzen/nintzatekeen, zen/zatekeen, ziren/ziratekeen, zitzaien/zitzaiekeen, genituen/genituzkeen, ginen/ginatekeen, genizuen/genizukeen...

15/4/15

Lagunduko zaitut etxera, amari pastela egiten laguntzeko? Uste okerrak (I)

Gure ikasleei entzuten dizkiegunak entzunda, frogatuta dago uste oker asko dagoela euskara zuzenaren gainean. Sarritan entzuten diren komentarioetako bat:
- "Etxera lagunduko dizut", ez: "lagunduko zaitut".
- "Patxik lagundu nau lana egiten", ez: "Patxik lagundu dit".

15/3/20

Zenbat permutazio egin daitezke hiru elementurekin?

Eman dezagun esaldi rastafari sinple bat, hiru elementu dituena (subjektua, objektua eta aditza): 
"Ehiztariak tigrea hil zuen". Egin ditzagun permutazio guztiak elementu horiekin guztiekin aztertzeko ea permutazio guztiak gramatika aldetik zuzenak diren, eta erkatu dezagun ikerketatxo hori beste bi hizkuntzarekin: gaztelaniarekin eta ingelesarekin.

KZko kide baten osaba (Migel), ehiztari amorratua bera, ehizatu nahi zuen tigreak hil zuen, Bengala aldean.

15/3/18

Oi, Pello, Pello! Jaikiren hiza behingotz oheti?

R600eko gure eskoletan, erabaki dugu egundoko oparia egitea ikasketariei: Valere Artxu-Idiart Altzürüküko bertsolariaren Argi azkorrian jinik (Agota) kantua eskaintzea, bi gazteren arteko ezinezko amodio baten gaineko elkarrizketa (XVIII. mendearen amaierakoa da). Zubereraz dago idatzita, eta, beraz, oztopo akizaten dira maiz oso-osorik ulertzeko. Esaterako, hirugarren ahapaldian atzizki arrotz samar bat ageri da, hiru aldiz ageri ere:
—Gor niza, ala entzün düt? Erran deitadazia
sekülakoz jin zaiztala adio erraitera?
Etziradia orhitzen gük hitz eman dügüla
Lürrian bizi gireno alkharren maithatzia?
(niza = niz + a / deitadazia = deitadazu + a / etziradia = ez zirade + a)

Zer demontre da berdez nabarmendu dugun atzizki hori? Bada, Ekialdean (behe nafarreraz eta zubereraz) erabiltzen den -a atzizkia adizki jokatuei eransten zaie bai/ez moldeko galde perpausetan, eta gipuzkeraz erabiltzen den 'al' partikularen testuinguruetan agertzen da (Euskaltzaindiaren Gramatika laburratik).


15/3/6

Partizipioa eta infinitiboa

Aste honetan bertan, Kontsulta Zerbitzuko erabiltzaile batek harrituta bezala galdetu zigun: "Zergatik diozue asmatu eta harrapatu partizipioak direla? Ez al dira infinitiboak, ala?"·.

Gure erantzuna: "Ez, asmatu eta harrapatu (eta ebaki, eta etorri, eta igo...) partizipioak dira". Asko sinplifikatuta: Euskarazko partizipioaren parekoa, jakina, erdarazko partizipioa da (ikusi beheko irudia); baina erdarazko infinitiboaren parekoa, izatekotan, aditz-izena da euskaraz.

Nondik datorkio gure lagunari kontzeptuak nahaste hori? Seguruenik, aditzen sarreretan partizipioa jartzen delako euskarazko hiztegietan, baina infinitiboa gaztelaniazkoetan:

ebaki, ebakitzen 1. du ad. Lanabes eta aho-zorrotz baten bidez, zerbait, osatzen duen edo itsatsirik dagoen beste zerbaitetatik edo nonbaitetik bereizi [...]        (Euskaltzaindiaren Hiztegia)

cortar. (Del lat. curtāre) 1. tr. Dividir algo o separar sus partes con algún instrumento cortante. [...]        (Diccionario de la Lengua Española - DRAE)