saski-naskia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
saski-naskia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

15/12/28

Elsoko Santxoren Doctrina Christiana agertu da Livornon!!!

Orain dela pare bat aste argitaratu genuen post batean euskarazko liburuen zerrenda bat. Zerrenda hura aldatu beharra daukagu euskal kultura astinduko duen berri bat izan dugulako, ia-ia esklusiban:

Elsoko Santxoren Doctrina Christiana Toskanan agertu da; Livornon, hain zuzen ere!!!

Gasteizko IRALEn R600 ikastaroan ibili zen ikasle batek (S. Lopez de G.), gure mezua irakurri ondoren, e-postaz jakinarazi digu liburua udan aurkitu zuela, txiripaz, Toskanan oporretan zela. Berria Euskaltzaindira bidali zuen, eta, jakin duenez, negoziatzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua liburua nola erosi eta Euskal Herrira itzularazi. Izan ere, hura da –oraingoz, behintzat– Elsoko Santxoren dotrinaren ale bakarra!!
Beriainen liburuaren azala

15/12/24

Gabon-gabontzeta

Iaz, abenduaren 15eko artikuluan, Gabonak izan genituen hizpide: egutegia, ohiturak, haiei lotutako lexikoa eta esaera zaharrak... (Egin klik jarri dizuegun estekan, gaurkoa irakurtzen amaitzen duzuenean: altxor bat daukazue). Besteak beste, hau idatzi genuen: 
«Gabon egunean, Euskal Herriko zenbait herritan, umeak kantuan irteten dira (Gabon kantak edo Eguberri kantak), baserririk baserri edo etxerik etxe, eskean (Gabon eskean, gabonsaria batzen)».
Gabonsariarena ez da nobedadea izango inorentzat. Baina horren harira, behin baino gehiagotan esan izan dugu kanta batzuk nagusitu ("Olentzero" bereziki) eta beste batzuk galdu egin direla gure artean. Haietako bat ekarri dizuegu hona, guk ume-umetan zer abesten genuen gogoratuta (lau-bost-sei urterekin, bost xentimoren truke).

.
 Mutrikuko Musika Eskolako umeak
"Gabon Gabontzeta" kantatzen
Entzuteko, egin klik 
hemen.
Gabon-gabontzeta
Errosa galtzeta
Aurra jaio da ta
Jo daigun krixketa.

Aire miramor, aire miramor.

Larrosa enkarnada.
Aire miramor, aire miramor.

Etxetxiki onetan
Jo daigun atia,
Iriki, al badezu,
Ama-andre maitia.

Aire miramor...


Etxe onetan lau ardi,
laurak zortzi belarri,
etxe onetako etxeko andreak
topin beltza dirudi.


Ortografiaren aldetik batura pasatu nahi baduzue –eta nola egin jakin ez–, zerbitzu hori geuk eskaintzen dizuegu. Sarean aurkitu ditugun bertsioetako bat kopiatu-itsatsi dugu, eta zegoen-zegoenean utzi: gure ukitua eman gabe.

Bide batez esanda, antzerki-lan bat ere bada Gabon-gabontzeta, J.A. Arkotxak idatzia.

Mutrikuarrei entzundakoa gustatu bazaizue, ikasi eta sartu datorren urtean Gabon-kanten errepertorioan. Edo, horrelako besterik baduzue eta hemen argitaratzea nahi, bidali (kantua bera, bideoaren esteka...) eta segituan helaraziko diegu gure irakurle guztiei.

Horrenbestez, eta loteria (aloterixe, loterie...) tokatu ez zaigunez, bagoaz kantuan eta eskean: Gabon-gabontzeta...


KZkook, gure lagunekin, goizean atera diguten lehen argazkian


Urtarrilean, gehiago. Edo lehenago... (nork daki!). Ondo jan, ondo edan, ondo lo egin... indarberrituta bueltatzeko.

Urte berri on!


15/12/15

Durangon topatu ez ditugun liburuak

Durangoko azokak ditu euskarazko libururik gehien erakusgarri bere standetan: nobela eta poema, hizkuntzalaritza eta alpinismoa, haurrentzako ipuinak eta helduentzakoak... Gainera, bertan fisikoki ez duten bat nahi izanez gero, sarritan pare bat egunera ekarriko digute saltzaile prestuek edo eskura dituzten katalogoetan begiratzeko aukera izango dugu, gero beste nonbaiten enkargatzeko.



Baina badugu euskaraz idatzitako liburu guztiak irakurtzeko paradarik? Biblioteketara joanda ere, topatuko ote dugu hor nonbait norbaitek XVIII. mendean idatzi zuen liburu bitxi hura? Ba ote dago Euskaltzaindiaren Azkue biblioteka eta artxiboan, esaterako?

15/12/3

Zorionak, "IRALEkume" guztioi!

Ana, Bego, Carmen, Dani, Enrike, Fidel, Gracia, Herminia, Itziar, Jabi, Kris, Luisa, Marian, Noemi, Oskar, Pablo, Rosa, Sofía, Tere, Unai, Vicente, Xanti, Yolanda, Zefe...

Eta hasi gaitezke berriro:

Ander, Bernar, Carlos, Dunia, Eulo, Fany, Grego, Hernando, Isidoro eta Isidro, Juan, Kontxi, Lidia, Mertxe, Nuria, Ofelia, Petri, Quintín, Ramoni, Sole, Tomas, Urko, Vanesa, Xaber, Yul, Zoraida...

Eta berriro:

Albina, Batis, Conra, Dolo, Enma, Filo, Gari, Heli, Ina, Jose, Kepa, Loren, Melisa, Neli, Olalla, Pili, Ramoni, Sonia, Tania, Unberto, Valentín, Xabier, Zezili...

Badakizue zenbat milaka lagun ibili zareten IRALEn euskara ikasten 1981etik hona? Hasiera hartan, gezurra zirudien ezer lortuko genuenik. Baina hemen gaude, eta ondo harro!

Aurten Euskararen Eguna euskaldun berriak omentzeko eguna izanda, ezin dizuegu hutsik egin: Zorionak, guzti-guztioi, hezkuntza-sistema euskalduntzen egin duzuen lan eskergagatik! Eta opari bat, zuentzat:




Monumentua ere merezi zenuten beren-beregi Irakasle Euskaldun Berriari eskainia, baina inori ez zaigu bururatu. Beste batzuk azkarrago ibili ziren: euskaldun berri guztien omenez, 2006an, Donostiako Altza auzoan jarri zuten bat (Lau Haizetara, Antton Mendizabal eskultorearena). Tribuaren Berbak telebista-saioan izan genuen horren berri.

Izan bedi, neurririk handienean, zuen omenez.


15/11/17

Bakea (edo gerra) irribarre batekin hasten da

Orain dela gutxi galdetu ziguten ea nola eman behar den euskaraz "Peace begins with a smile (La paz empieza con una sonrisa)":

"Bakea irribarre batekin hasten da" ala "Bakea irribarre batez hasten da"?

Lehenago ere helarazi digute beste batzuek zalantza bera (ZEREKIN ala ZEREZ/ZERTAZ); gure kontsulta zerbitzuko artikulu hauetan daude erantzunak:

"Txartelaz" ala "Txartelarekin"ordaindu?
"Gerrikoz lotu prakak" edo "Gerrikoarekin lotu prakak"?

Ez ditugu errepikatuko haietan esandakoak. Baina esandako horietatik guztietatik, proposatzen dugu Kalkutako Teresaren hitzak honela ematea euskaraz:

Bakea irribarre batekin (edo bategaz) hasten da.

Kontua da, ordea, gu hau idazten ari garela sarraskia gertatu dela Parisen (2015eko azaroaren 13a: ostiral gaua).



Esaldiaren formak baino gehiago kezkatu gaitu, orduan, edukiak. Zeren eta:

gerra ere irri zuri batekin hasi zen

Azoreetako hirukotea, 2003
edo algara batean.

Blair, Bush eta Aznar: behin betiko bakeari eta ordenari hasiera ematen.




15/6/24

Ehun

[…] laurogeita bi, laurogeita hiru, laurogeita lau, laurogeita bost, laurogeita sei, laurogeita zazpi, laurogeita zortzi, laurogeita bederatzi, laurogeita hamar, laurogeita hamaika, laurogeita hamabi, laurogeita hamahiru, laurogeita hamalau, laurogeita hamabost, laurogeita hamasei, laurogeita hamazazpi, laurogeita hamazortzi, laurogeita hemeretzi… eta EHUN! 100! Blogari hauek ikasi dugu behingoz 100 arte zenbatzen, bai eta 100era arteko zenbakiak zuzen idazten ere.

Nork pentsatuko zuen, 2014ko urriaren 14an “aitxitxe” gure artikulutxo xume hura hodeietaratu genuenean, zentenario bihurtuko ginela? Guztion topaleku izan nahi zuen postontzia eraiki nahi genuen, eta blogariok geure oihal zatiak jarri ditugu ehuntzeko. Bai, ehungile bihurtu gara: ehun erraldoia bilbatu dugu ehun txatalekin, eta espero dugu handia ez ezik apaina ere geratu izana, nahiz eta albainuz josita egon, eta nahiz eta batzuk artilezkoak izan eta beste batzuk lihozkoak, batzuk meheak eta beste batzuk lodiak, batzuk latzak eta beste batzuk leunak, batzuk hitsak eta beste batzuk kolore gorri bizikoak...

15/6/17

Selektibitatea: gurean, zer?

Esaera zaharrak dio: "Ekaina, azterketa garaia". Bueno, ez; honela dio: "Ekaina eder, uda halaber". Eta mix bat eginda –bide bihurri samar batetik–, hau ateratzen zaigu: "Ekaineko azterketak ondo, uda ezin hobeto". Hala daude –ezin hobeto– batxilergoa eta selektibitateko azterketak amaitu dituzten ikasleak: hiru hilabeteko oporraldian sartu dira. Nahi genuke guk halakorik!

Gu ez gaude, ez, oporretan; eta, gure lana euskararen kontuei erreparatzea denez, ikertzea okurritu zaigu ea nolakoa izan den 2015eko ekain honetan unibertsitatera sartzeko probaren Euskara eta Literatura atala.

15/5/25

Euskal literaturako irakasleentzat, bi ariketatxo xume


1. ariketa. Zortzi idazle eta ilustratzaile bat.

Sorgin gurpil honetan, zortzi idazleren (haietako bat, literatura kritikaria; beste bat, itzultzailea) eta ilustratzaile baten deiturak idatzi ditugu. Aurkitu behar dituzue, eta behean ematen dizkizuegun liburuekin (eta ponte izenekin) elkartu.


15/5/18

Toponimiarekin jolasten

Leku izen hauek guztiok ezaugarri bat partekatzen dute:
  • Saharako basamortua
  • Alcantarako zubia (Extremadura)
  • Flumen ibaia (Aragoi)
  • Michigan aintzira
  • Puebla hiria (Mexiko)
 Badakizue zein ezaugarri den? Gertatzen dira horrelakoak euskaraz ere?


15/5/1

Maiatzaren Lehena: ¡Erri gusietako langilleak, alkartu!

R600 ikastaroan, Euskalgintza arloan, euskal kazetaritzaren historia jorratzen dugu, besteak beste. Joan den mendeko 30eko hamarkada nabarmentzen dugu gehien, euskal gizartea bor-bor baten egon zelako Primo de Riveraren diktadura amaitu eta gerra zibilaren artean.

Gaur, 1933ko perla bat eskaintzen dizuegu, KZko kide baten osaba Teofiloren etxeko ganbaran  aurkitutakoa, Pasaian: komunisten Euskadi Roja astekariaren azal bat, maiatzaren 1ekoa.


15/4/2

Bi saeta El Bonillotik (Albacete)

Oporretan gaude, amaitu zaigu larruazala babesteko krema, sekulako betekada daukagu hainbeste otarrainekin... Baina ez gara ahaztu zuekin, ezta oporretan ere! Eta Gabonetako oporretan egin genuen bezala (Inuzente egunean), ez-ohiko mezu honekin gatozkizue oraingoan ere.

Kontua da jabetu direla Jamaikako kofradia batekoak euskaldunak garela, eta, pentsaturik euskaldun guztiok bezala geuk ere ederto kantatzen dugula, gonbidatu gaituzte Kingstongo katedralean... zer egitera? Bi saeta kantatzera! Ea ez diguten eskatzen bullfighter jantzi eta zezenketa bat egiteko...
KZko kide bat, Kingstongo katedralean saetak kantatzen (maletan lekurik ez zeukalako aitzakia jarrita, mantelina jantzita egin zuen British Airways-eko hegaldi osoa)

15/3/27

Usain, Aberri Eguna, Quasimodo...

Oporrak, gaur! Jamaikako Aste Santua ez dugu ezagutzen, eta hara itzuliko gara, zer-nolako
—Usain, prozesiora joateko, norantz? 
—Segi zuzen Slipe Rd-etik gora!
prozesioak antolatzen dituzten ikertzera.

Gaur oporrak, eta kilo erdiko txuleta bana bazkaltzera joango gara, ospatzeko... Gutako batek, baina, katoliko integrista izanik, ez du haragirik jaten ostiraletan, eta are gutxiago Aste Santu bezperan. Badakizue nola konpondu dugun arazoa? Laudiora joango gara, Dolumin Barikuko abere feria entzutetsua ikustera, eta aprobetxatuko dugu han aita santuaren bulda daukatela, garizumako ostiraletan ere haragia jateko baimena ematen diena, bertan bazkaltzeko...

15/3/23

Labur, eder

R600eko eskolak prestatzeko erdi ahaztuta daukagun John Zabalo "Txiki"ren gaineko liburu bat irakurtzen ari ginela [LABAIEN, MATXIN (biltzailea): "Txiki" marrazkilari ta umoredun, Auñamendi, Zarautz, 1973], irudi (edergarri, garai hartan esaten zuten bezala) honekin egin genuen topo:

Otsoa, artzain
Xabiertxo euskarazko eskola libururik famatuenaren azala diseinatu zuen Txikik. Beraz, zeharka baino ez bada ere, izango zenuten inoiz haren lanaren berri. Gaurko gaia beste bat izan arren, iruditzen zaigu opari ederra egingo zenioketela zuen buruari Txikiren gaineko jakin-mina piztuko balitzaizue...

"Otsoa artzain": hortik tiraka bilbatuko dugu gaurko artikulutxoa.

15/2/27

Jakinda, agorrilaren 16koa

Abuztuaren 16koa da gure lankide Juanjo. Juanjoren gurasoek jaiotegunari dagokion santuaren izena jartzea erabaki balute, eta horretarako Sabino Aranaren Egutegi bizkattarra ("bizkattarr batek iratzija" eta 1897an argitaratua) kontsultatu balute, Juanjo izan beharrean Jakindda izango zen (gaur egun, Hiazinto, Euskaltzaindiaren arabera; gazt. Jacinto, eta fr. Hyacinthe); eta emakume jaio balitz, berriz, Jakindde.

Euskal izendegian, sekulako lurrikara ekarri zuen Egutegi bizkattarrak (eta hartan oinarrituta, Sabino hil ondoren, Luis Eleizaldek argitaratu zuen Deun-ixendegi euzkotarrak): nahiz eta euskararen eta literaturaren tradizioarekin bat ez etorri, garai hartako eta ondorengo euskaltzale/abertzaleek bere egin, eta Gotzonez, Guruznez, Edurnez, Anez, Jaionez, Iñakiz, Josebaz, Gorkaz, Kepaz... bete da gure mundua; esportatu ere egin ditugu haietako batzuk.

Hori kontatzen dugu R600 ikastaroko saioetan. Eta ikasleak, guztiz engaiatuta, berehala hasten zaizkigu galdezka: "Nondik dator Koldobika izena? Eta Gotzon, nola demonio asmatu zuen Sabinok?...".

Eta beste galdera hau ere izaten da ohikoa: Zergatik -a amaiera gizonezkoen izenetan, eta -e emakumezkoenetan?". Sabinoren ustez, gizonezkoei A bokala dagokielako, eta E bokala, berriz, emakumezkoei (baita N kontsonantea ere, hika moldean ikusten den bezala).

15/2/15

Aurtengo gure mozorroa: Olariaga


Nork ez du sekula santan Antton Olariaga izan nahi izan? Guk ez dugu, jakina, haren pareko mailarik; baina, Inauterietan gaudela, zergatik ez hartu Olariagaren jantzia?

Zakilixuten sortzailea da A. Olariaga

15/2/9

Ocho apellidos vascos (eta beste bat)

Larunbat gauean, Goya sariak banatu zituen Espainiako zinema akademiak. Guk dakigula, lehendabiziko aldiz zegoen proposatuta, pelikularik onenaren sarirako, euskaraz filmatutako bat: Loreak. Guk ikusita daukagu, eta bikaina iruditu zitzaigun. Areago: hizkuntzaren hautua ere primerakoa iruditu zitzaigun, eredugarria, guztiz sinesgarria... Pena izan zen galako hizlariek galdetu ez izana -gure kontsulta zerbitzuan, esaterako- nola ahoskatzen den "loreak" berba gure hizkuntza bitxi honetan, etengabe ebakitzen baitzuten [lo-re-ák] Loreal apaintzeko kremen marka ezaguna zutela erreferentzia bakarra...

15/2/2

Nola esaten da 'Hondarribia' ingelesez?

Gipuzkoako herria izendatzeko, 'Hondarribia', jakina: "I´m going to Hondarribia to spend my summer holidays".

Baina ez dugu hori argitu nahi. Hurrengo batean, azalduko dugu nola deklinatzen diren -a artikuluaz amaitzen diren leku izenak; esaterako, 'Hondarribia' bera. Artikulua duela esan dugu, eta, beraz, artikuluaren aurrekoa izen bat baino ez da; kasu honetan, izen elkartu bat: 'hondar' + 'ibi'. Zer esan nahi du osagai bakoitzak?
Hondar = harea
Ibi = ibaia zeharkatzeko pasabide egokia

15/1/23

Hitzen joan-etorriak

Gaur hamabost, pare bat ariketa jarri genizkizuen; ez dakigu egin dituzuen ala ez, baina gu, badaezpada, erantzunak ematen ari gara. Aurrekoan silueta hitzarena kontatu genizuen; oraingoan, lehenengo galderari helduko diogu.

1. Gaztelaniazko hitz hauetatik zein dira euskaratik hartutakoak?
aguín, aquelarre, arangorri, arrabio, bardo, betarraga, bolo, cartolas, cencerro, cenzaya, chaparro, chatarra, chirimbolo, chistera, chistorra, chueca, esguín, fardel, gabarra, ganzúa, guiri, izquierdo, jorguín, lamia, laya, lurte, mochil, muga, órdago, orzaya, peto, sabaya, sarama, sinsorgo, zaborra, zacuto, zamarra, zurrón.
Erantzuna: guztiak, gorriz markatu ditugunak izan ezik.

15/1/16

Ingerada, silueta eta dintornoa

Aurrekoan (gaur zortzi), galdera batzuk egin genituen; eta ez dugu erantzunik jaso: ñi-ñi-ñi...! (Negarrez ari gara). 

Nor zen Etienne de Silhouette?
Ondo erantzun erraza: Finantza ministroa, Frantzian, 1759ko martxotik azarora, errege Luis XV.a zela. Aita Baionakoa zuen; eta abizena, frantses grafia gora-behera, hau: Zuloeta edo Zulueta. (Wikipedia) 
Zein hitz arrunt dator abizen horretatik?  
Erantzuna, erraza baino errazagoa: ingerada (Wikipedia).