Nor gara?


IRALEren kontsulta zerbitzua 2012ko urtarrilean jaio zen, euskal eskola-komunitate osoaren zerbitzurako. Jaiotze agiri hura sinatu genuenetik, era askotako kontsultak jaso ditugu, eta gure web orrian argitaratu ditugu galde-erantzunak. Hor ikusten da zein den gure egitekoa: hizkuntzaren inguruko zalantzak argitu, testuak zuzendu, zuzendutako testuekin ‘Idazki ereduak’ atala osatzen joan... 

Zertarako, orduan, blog hau? Bada, inork galdetzen ez dizkigun zenbait kontu ditugulako esateko; edo gure erantzunetan esandakoak findu nahi ditugulako; edo… Horregatik jarri dugu abian bloga, eskaintzen dugun zerbitzuaren osagarri. 

Gainera, nahi genuke IraleKZ eskola munduko kide guztion foro bihurtzea: gonbidatzen zaituztegu parte hartzera gure lanari zer irizten diozuen esateko, hizkuntzaren inguruko gogoetak egiteko, informazioa trukatzeko… Kolaboraziorik, galderarik, iradokizunik edo bestelakorik egin nahi izanez gero, iralekontsultazerbitzua@gmail.com  helbidera idatzi, eta bertatik jarriko gara zurekin harremanetan.