deklinabidea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
deklinabidea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

15/5/28

Deabru janztea eskatu ziguten

Gogoratzen gure Rioko abenturaren hasiera? Behin erabakita marakaz jarraituko geniola erritmoari, behingoz mozorroa zehaztea genuen bigarren pausoa. Hainbat e-posta trukatu genituen A Mangueirako escolakoekin: mozorro hau, beste hura, hobe hau... Gaitza zen guztion gustuko bat aukeratzea: eztabaida eta pelika handiak izan genituen geure artean, harik eta escolak candombléko apaizeme den Trinidade do Agradorengana jo zuen arte: tortolosak bota zituen, txokor handi baten kearekin haizatu, eta erantzuna erakutsi zion Iemanjá itsasoko erreginak: Iste ano de demónio.

Trinidade do Agrado, kandonble-erritualari ekin aurretik

Jainkosa nagusienetako batek hala agintzen bazuen, hala onartu behar denok, ezbairik gabe. Jaso genuen e-postan esaten zigutenez, "Eskatzen dizuegu gure jainko-jainkosen agindua betetzea eta guztiak deabru jantzita etortzea". Gutako batek –oso zorrotza bera– berehala okertu zuen muturra (musturre, bere kasuan: ze tributakoa da, orduan?): "Eskatzen dizuet jarraitzeko eta etortzeko!!". Hala ote?

15/5/20

Amonaren gona zaharraz jantzi ziren festarako. Uste okerrak (IV)

Orain dela bi urteko inauteriak ailegatzeko zirela, kontsultakideok gertatzen hasi ginen ia urtero Rio de Janeirora egiten dugun bidaia (aurtengoa, Jamaikakoa, salbuespena izan da). Gure ohiko escola de sambako adiskideek –A Mangueira-koek– esan zigutenez, oraindik ez zuten urte honetarako gaia aukeratu, eta ideiak biltzen hasita zeuden eskolakideen artean: Nola jantzi? Nola mozorrotu?


Guk, jakina, prestu bezain prest, geure burutazioak bota genizkien: deabru, sorgin, txinatar... Erantzuna bat-batekoa izan zen: "Isto é Rio, não Lantz". Hortaz, beste buelta bat eman genien proposamenei:

Kontsultakide bat, bere proposamena erakusten.

Horretaz ari ginela, berehala etorri zitzaizkigun zalantza eta eztabaida: Marakekin jo erritmoa? Marakez jo erritmoa? Marakaz jo erritmoa? Erantzunak argia zirudien: instrumentala erabili beharko dugu, "instrumentua" adierazten ari garelako...

15/2/4

'(Demasiados) deberes'

Behin baino gehiagotan galdetu digute kontsulta zerbitzuan nola esaten den euskaraz gaztelaniazko deberes. Ustekabeko erantzuna jasotzen dute (hainbestek hala aitortuta), eta baliteke zuetako askok ere sorpresa jasotzea: etxeko lanak esateko aholkatzen diegu.

Horrelako erantzunetan, autoritatearen argudioa erabiltzen dugu, sinesgarriagoak izateko: kontsultatu ezazue Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua, edo Elhuyar hiztegia, edo Zehazki, edo EIBZ nafar erakundearen Hezkuntzako Hiztegia, eta guztietan aurkituko duzue "etxeko lanak", eta ez gure erabiltzaileek espero duten "etxerako lanak".

15/1/30

Urtarriletik otsailera

Maiz –maizegi, esan beharko genuke–, hautematen dugu geure eskoletan akats larri samar bat egiten dutela ikasketariek hilen izenekin: ‘urtarrilAtik otsailAra’ modukoak egiten dituzte batzuek. Atzo bertan, kontsulta zerbitzura heldu zaigun testu batean, ‘uztailAn’ zuzendu behar izan dugu…

"Urtarrila, otsaila…" esaten dugunean, -a hori artikulua da: izen arruntak dira hilen izenak, eta beraz letra xehez idazten dira (gaztelaniaz eta frantsesez ere bai, baina ez ingelesez!), eta izen arruntak bezala deklinatzen; hau da, artikulua ez da ikusten lekuzko kasuetan.

14/12/4

EUSKARA BATUAN, nola esaten da "batueraz" eta "batuaz"?

Askotan entzuten ditugu gure inguruan "Nola esaten da batueraz...?", "Lehen Hezkuntzan, batuaz egin behar dugu derrigor?"  eta horrelako esaldiak. Baina... zuzenak dira? Ez, ez dira zuzenak. Erreparatu zer joku dagoen kasu instrumentalarekin (ZERTAZ edo ZEREZ ):

  • Gauez egiten dut lan     baina      Gaur gauean lan handia egingo dut  (Gaur gauez/gauaz lan handia egingo dut)
  •  Metroz etortzen gara lanera     baina       Zortzietako metroan etortzen gara lanera  (Zortzietako metroz/metroaz etortzen gara lanera)
  • Mailuz jo zuen buruan     baina      Mailu honekin jo zuen buruan (Mailu honetaz jo zuen buruan)