15/2/4

'(Demasiados) deberes'

Behin baino gehiagotan galdetu digute kontsulta zerbitzuan nola esaten den euskaraz gaztelaniazko deberes. Ustekabeko erantzuna jasotzen dute (hainbestek hala aitortuta), eta baliteke zuetako askok ere sorpresa jasotzea: etxeko lanak esateko aholkatzen diegu.

Horrelako erantzunetan, autoritatearen argudioa erabiltzen dugu, sinesgarriagoak izateko: kontsultatu ezazue Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua, edo Elhuyar hiztegia, edo Zehazki, edo EIBZ nafar erakundearen Hezkuntzako Hiztegia, eta guztietan aurkituko duzue "etxeko lanak", eta ez gure erabiltzaileek espero duten "etxerako lanak".

Zergatik? Beste erantzun batean azaldu genuen zergatik gertatzen den hori: 'Bilboko trena' ala 'Bilborako trena'?. Bertan azaldu genuen NORAKO kasua aditzekin bakarrik erabiltzen dela eskuarki, eta ez izenekin:
  • Norako dira lan horiek? Etxerako. Horiek etxeko lanak dira, etxean egitekoak.
  • Norako behar dituzu praka loredun horiek? Jamaikarako, hondartzarako.
  • Norako da hurrengo autobusa? Donostiarako. Hurrengoa, Donostiako autobusa da.

















Beraz, etxerako agintzen ditugu lanak eskolan: etxeko lanak. Eta etxera heldutakoan, honela galdetzen diogu Anartzi: "Zer, (etxeko) lan asko agindu dizkizute gaur eskolan?": etxeko perspektibatik, eskolako lanak dira etxean egin beharrekoak, eskolan agindutakoak.

Egia da, baina, 'Donostiako autobusa' eta horrelakoak anbiguoak izan daitezkeela:
  • Donostia hiri barruan ibiltzen den autobusa
  • Bilbotik Donostiara doana
  • Gasteizera joateko Donostian irteten dena
Oraintsu arte hiztunek sentitu ez duten anbiguotasun hori apurtu nahian, batzuek 'Donostiako autobusa', 'Donostiarako autobusa' eta 'Donostiatiko autobusa' eraiki dituzte, eta haiek erabiltzea bultzatu. Guk ez dugu horrelakorik aholkatuko, baina ez ditugu okertzat joko. Beste artikulu batzuetan, marratu egiten ditugu forma ez-zuzenak (uztailako), baina gaurkoan ez daukagu horrela jokatzerik: baliteke erabilerak berak kontu hauek guztiak aldaraztea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina