15/2/2

Nola esaten da 'Hondarribia' ingelesez?

Gipuzkoako herria izendatzeko, 'Hondarribia', jakina: "I´m going to Hondarribia to spend my summer holidays".

Baina ez dugu hori argitu nahi. Hurrengo batean, azalduko dugu nola deklinatzen diren -a artikuluaz amaitzen diren leku izenak; esaterako, 'Hondarribia' bera. Artikulua duela esan dugu, eta, beraz, artikuluaren aurrekoa izen bat baino ez da; kasu honetan, izen elkartu bat: 'hondar' + 'ibi'. Zer esan nahi du osagai bakoitzak?
Hondar = harea
Ibi = ibaia zeharkatzeko pasabide egokia

Orain, zubiak ditugu ibaiak pasatzeko, eta ahaztu ere egin dugu zer den ibi bat.
Zur bi = zubi
Baina leku izenetan fosilduta geratu zaigu: Zaldibia, Urdanibia, Arantzibia, Astibia, Oñatibia... eta, Bidasoan bertan, Hondarribitik pixka bat gorago, Beho(i)bia. Zaldiak, urdeak, behorrak...: a zer-nolako espezializazioa!

Ñuibia
Gaztelaniako, frantseseko eta ingeleseko irakasleei galdetu ea nola esaten den 'ibia', eta gutxik jakingo dute erantzuten (hizkuntza horietan ere eraiki dituzte zubiak, eta ibiak ahaztu):
gaztelaniaz, vado          frantsesez, gué           ingelesez, ford
Beraz, hondar+ibia = sand + ford (Sandford). Egin proba Wikipedian, eta ikusiko duzue Sandford ugari dagoela Britainia Handian; haietako bat, esaterako, Somersetekoa. Egin proba guk egin dugun bezala Google-n 'le gué des sables' sartuta, eta aurkituko duzu noski...

Ingelesek, frantsesek eta espainiarrek ere badaukate makina bat animalia ibaiak zeharkatzen beren leku-izenetan eta deituretan: Oxford (idiak), Pigford (urdeak), Le Gué des Chevaux, El Vado del Caballo, El Vado de las Yeguas...

Amaitzeko, beste ideia bat emango diegu hondarribiarrei Sandford guztiekin ez ezik beste herri batekin senidetzeko, artikulutxo hau idazten ari garela ikasi baitugu nola esaten den irlanderaz 'hondarribia': Belfast (Béal = bokale + Feirste= hareazko ibia).



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina