15/2/9

Ocho apellidos vascos (eta beste bat)

Larunbat gauean, Goya sariak banatu zituen Espainiako zinema akademiak. Guk dakigula, lehendabiziko aldiz zegoen proposatuta, pelikularik onenaren sarirako, euskaraz filmatutako bat: Loreak. Guk ikusita daukagu, eta bikaina iruditu zitzaigun. Areago: hizkuntzaren hautua ere primerakoa iruditu zitzaigun, eredugarria, guztiz sinesgarria... Pena izan zen galako hizlariek galdetu ez izana -gure kontsulta zerbitzuan, esaterako- nola ahoskatzen den "loreak" berba gure hizkuntza bitxi honetan, etengabe ebakitzen baitzuten [lo-re-ák] Loreal apaintzeko kremen marka ezaguna zutela erreferentzia bakarra...
Iazko pelikularik arrakastatsuena, Espainian, Ocho apellidos vascos [Zortzi deitura euskaldun] izan zen, denok jakingo duzuenez. Komedia izan arren -ez da batere ohikoa-, pelikulan parte hartu zuten hiru aktorek jaso zuten Goya sari bana: Dani Rovira malagarrak, Carmen Machi madrildarrak eta Karra Elejalde gasteiztarrak. Arrakastari arrakasta. 



Euskal zinemaren beste hautagaiak hauek izan ziren: Pascal Gaigne musikaria, Dixie eta matxinada zonbia animazio pelikula, Loco con ballesta [Zoroa baleztarekin] eta Sangre de unicornio [Adarbakarraren odola] film laburrak, Fernando Velazquez konpositorea eta Kalo Berridi argazkilaria. Baina ez dute saririk jaso: Karra Elejalderi bakarrik eman diote Goya saria.

'Elejalde', jakina, euskal deitura da (Elizalde, Elissalt... hainbat aldaera ditu), eta asko aipatu zen larunbat gaueko gala hartan. Baina euskal deiturarik aipatuena, askogatik, beste bat izan zen: Goia bera (Goya, erdal grafian).

Txikitan, bestelako curriculum bat indarrean zegoenean behinik behin, buruz ikasi behar izaten genuen gutako askok Francisco de Goya y Lucientes Zaragozako probintziako Fuendetodos herrian jaio zela, baina inork ez zigun esan euskal jatorrriko zuela lehen deitura...

Bai: artista handi haren herenaitona, Domingo Goia Etxeandia, Zerainen (Gipuzkoa, Goierri) jaio zen, Mantxola baserrian, haren omenez eraikitako eskulturak dioen bezala (ezkerreko argazkian duzue; garai bateko eskultura horren ordezkoa eskuineko argazkian ageri da). Domingo Goia hargina zen, eta Aragoira joan zen lanera, Fuentes de Jiloca herriko eliza berregitera.




Zubietan, Oiartzunen, Arrazolan, Zeanurin, Mungian... dauzkate goiatarrek leinu etxeak, eta ez dira gutxi Euskal Herrian. Haietako bat Luis Goia (1951-2006) izan zen, zinema ekoizlea (Kalabaza tripontzia, Ke arteko egunak, La sombra de nadie...). Ekoizle modura, mereziko zuen sariren bat (xelebrea izango zen Goya bat irabazi izana: "El Goya es para Goia"), baina ez zioten eman; kontrara, Egunkaria Sortzenen bultzatzailea izan zenez, atxilotu egin zuten Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak hala aginduta, beste zortzi kiderekin batera. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina