15/12/22

Euskaraz ikasiz. Gerundioak (I)

Nola esaten da euskaraz "cantar"? Eta nola "cantando"?
Lehenengo galderari guztiok erantzungo genioke "testuinguaren arabera":

Quiere cantar = Kantatu nahi du
Cantar es muy sano = Kantatzea oso osasungarria da
Sabe cantar opera = Opera kantatzen daki
Puede cantar mejor = Hobeto kanta(tu) dezake

Bigarren galderari antzera erantzun beharko diogu:

Está cantando = Kantatzen ari da / Kantuan ari da / Kantari ari da...
Cantando, se vive más contento = Kantatu(a)z / Kantatuta / Kantaturik, pozago bizitzen da

Salomé kantari bizi zen

Beste aditz batzuekin:

Tuvo un accidente viniendo de Bilbao = Istripua izan zuen Bilbotik zetorrela
Me estoy meando = Txiza-larri nago / Txiza-eginean nago
Lo recibieron aplaudiéndolo = Txaloka / Txalo batean hartu zuten

Testuinguruaren arabera (eta aditzaren beraren arabera, batzuetan) forma bat edo bestea erabiltzen dugu euskaraz, ez baitugu gerundiorik gure hizkuntzan.

Nola eman bada, testuinguru urria duten slogan antzeko esaldietan? Sarritan ikusten ditugu forma hauek : "jaiak defendatuz"; "Iparraldea ezagutuz"; "Herria indartuz"... Zuzenak dira horiek?

Esaldi horiek zer galderari erantzuten dioten jakin behar dugu lehendabizi, eta argi dago gehienetan "zertan ari" dugula horien atzetik.

Irudi hau ikusita, nola erantzungo genioke "zertan ari da" galderari?

a) eskalatzen
b) eskalatuz

eskalatzen

Eta honi?
a) igerian / igeri egiten
b) igeri eginez

igerian / igeri egiten

Eta honi?

a) negarrez / negar batean / negar egiten
b) negar eginez

negarrez / negar batean / negar egiten


Eta honi? 
a) paseatzen / pasieran / paseoan
b) paseatuz

paseatzen / pasieran / paseoan

"Eskalatuz", "igeri eginez", "negar eginez", "paseatuz" eta tankera berekoak [-tu(a)z formak, alegia], mendeko perpausak sortzeko erabiltzen ditugu, eta, Euskaltzaindiak EGLU II-ko 92. orrialdean dioenez, "modua eta bidea adierazten dute".

  • Enpresan gora eskalatuz irabazi du lanpostu hori
  • Igeri eginaz, asko argaldu naiz
  • Negar eginez lortu du horrek horren ordutegi ona!
  • Paseatuz indartu ditu belaunak



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina