Terminologiaren inguruko kontsultan agertu zitzaigun zalantza: nola esan behar dugu euskaraz diseño responsable? Alegia: web-orriak gailu bakoitzaren
pantailaren neurrietara moldatzeko eraikitzen den diseinuari, nola esan behar
zaio euskaraz? Kontzeptua erraza da ulertzen. Adibidez, gure blog hau
honela ikusten da telefono adimentsu batean:
Eztabaidan, bat-bateko erantzuna azaldu zen: diseinu
arduratsua. Batzuok ez zioten
hankarik ez bururik aurkitzen terminoari, diseinu batzuk, ardura bakoak eta
ganorabakoak izan arren (hau,
esate baterako), primeran egokitzen zaizkielako gure tramankuluen pantailen ezaugarriei.
Baina zentzua aurkitzen ziotenek bazuten argudio bat: gaztelaniaz, diseño responsable erabiltzen dela.
Eta zergatik ez joan jatorrizko terminora itsu-itsuan gaztelaniakora jo beharrean? Ingelesekoan hauxe aurkitu genuen: responsive design.
Duda barik, gaztelaniazko responsable hori ingeleseko responsivetik
itzuli dute, norbaitek hanka sartu eta responsible
irakurri zuelako edo (edo ingeles gutxi zekielako). Responsive
horrek web-orri batzuek gailuen
pantailen eskakizunei “erantzuteko” gaitasunean du oinarri, eta ez du
zerikusirik responsable (arduratsu) izatearekin. Gaztelaniaren bitartekaritza baztertu bagenu, euskaraz “erantzule” edo aterako zitzaigun.
Baina, ingelesetik zuzen itzuli
beharrean, zergatik ez jo responsive horren esanahiaren itzulpena
egitera? Hots, moldatzen, egokitzen den
diseinura? Hortik abiatuta, euskaraz moldagarri,
moldakor edo antzekoren bat aterako litzaiguke, Euskaltermen ageri den
legez. Gaztelaniaz ere responsable horren
barrabaskeriaren aurrean, aurkitu dute ordaina: diseño adaptable topatu dugu
Wikipedian.
Hortaz, terminoak itzultzeko orduan, jo dezagun jatorrizko hizkuntzara edo terminoaren esanahira!
Antzeko arazo batekin egin dugu topo beste material batzuk zuzentzen ari ginela.
Arthur Millerren antzezlanik ezagunena, euskarazko Wikipediaren arabera, Bidaiari baten heriotza omen da. Nola
iritsi dira wikipediarrak bidaiari ematera
salesman jatorrizkotik abiatuta????
BINGO!!! La muerte de
un viajanteren bitartekaritza-lanari esker!
Xabier Galarretak jakin zuen zer itzultzen ari zen (The Death of a Salesman). |
Informatikan maiz daukagu arazo horren antzekoren bat; eta argi dago zuek proposatutakoa zuzenena dela.
ErantzunEzabatuZoritxarrez, euskarazko materiala eskas-samarra da arlo honetan eta, askotan, galdera hau egiten diogu geure buruari: hobe da izulpen txarren katearekin (ingelesa-gaztelania) jarraitu edo hitzaren jatorrira joan ondo itzultzeko? Lehenengo bidea hautatzen baldin badugu, ikasleek berehala ulertuko dute; bigarrena hautatzen baldin badugu, berriz, zailagoa izango zaie.
Milesker zuen lanagatik
Egileak iruzkina kendu du.
ErantzunEzabatuMila esker zure iruzkinagatik.
ErantzunEzabatuEz da auzi erraza, ez, terminologiarena oro har, eta bereziki informatikarena, kontuan izanik jatorriz ingelesez sortzen dela informatikaren terminologia ia-ia erabatekoa. Batzuetan, sasoiz ordain egokirik aurkitu ez delako edo, mailegu gordina erabiltzen dugu (hardware, flood); beste batzuetan, gaztelaniara egin den itzulpenera jotzen dugu (to scale =escalar= eskalatu ; inherit =heredar =heredatu: nekez aurkituko ditugu eskala handitu/txikitu edo jarauntsi informatikaren testuinguruan).
Ulergarritasunari dagokionez, ez dugu argi ikusten ikasleek sistematikoki gaztelaniazko terminoak hobeto ulertzen dituztela euskal ordainak baino: guk geuk hobeto ulertzen dugu ezaugarriak heredatu ezaugarriak jarauntsi baino, baina eskala handitu/txikitu hitzak eskalatu baino hobeto ulertzen ditugu. Gure postaren kasu zehatzean, pentsatzen dugu diseinu moldagarria terminoaren esanahia hobeto ulertzen dugula diseinu arduratsua baino.
Askotan, hizkuntza guztietan, termino batzuk aldatu egiten dira (gripe aviar>gripe aviaria; bird flu>avian influenza) ordain txukunagoa aurkitzen denean. Guri iruditzen zaigu berdin jokatu behar dugula, sasoiz gabiltzanean behintzat.