14/12/1

Nola esaten da erdaraz "Irten trenetik"?


Lehengo larunbatean, bazkaltzeko hitzordua nuen IRALEko lankide –adiskide on eta oso atsegin– baten etxean, Getxon. Garraio publikoan joan nintzaion, berak hala aholkatuta: PESAko autobusa hartu, Bilboko Termibusera heldu, eta metroa hartu nuen. Azken geltokian jaitsi behar nuen.

Geltoki bakoitzera heltzerakoan, geltokiaren izena esaten zuten bozgorailutik, eta horrekin batera hitzen jatorriak asmatzeari ekiten nion: Lutxana (< lat. Lucius + -ana), Leioa (< lat. Laelius + -ana?), Areeta (erraza!), Neguri (erraza!), Algorta (< ahari + korta?)...

Eta Bidezabalera iritsi ginen: "Bidezabal. Bidaiaren amaiera. Irten trenetik, mesedez". Eta erdaraz ere bai: "Fin de trayecto. Por favor, abandonen la unidad".


Deformazio profesionala zer den, ezin eutsi bi mezuak konparatu gabe:
  • Euskarazkoa: Argia, komunikazio egoerari egokia eta beraz demokratikoa (edozein euskaldunek ulertzeko modukoa)... Irten aditza bere lehen adieran emanda dago, eta bai tren izena ere.
  • Erdarazkoa: Handiustekoa, arrandiosoa, desegokia eta beraz antikomunikatiboa. Abandonar bere hirugarren adieran erabilita dago ("Dejar un lugar, apartarse de él"), eta unidad bosgarrenean ("Cada uno de los elementos que forman un convoy, un tren, etc."), Espainiako Errege Akademiaren hiztegiaren arabera.

Zergatik eta zertarako abandonar eta unidad aukeratu: bost hogerlekoko hitzak direlako (Getxoko lagunak esango lukeen bezala) eta geure burua sasijakintsu agertzeko? Horrelako hainbat eta hainbat egiten dira erdaraz; eta, horrelako hainbatekin liluratuta geratzen garenez, askotan kikildu ere egiten gara euskara normalean emateko ("Utzi unitatea" proposatuko lukete batek baino gehiagok, "irten trenetik" bikainari pobre iritzita). Zein kalte handia ekarri digun erdaraz (gaztelaniaz eta frantsesez, behinik behin) nagusitu den estilo formal puztu horrek!

Hainbeste urtez gure kalko tragi(komi)koei negar egin eta gero ("trenak goiz eta berandu", "bigarren landarea"...), harro-harro sentitu nintzen gure hizkuntza hainbestetan gutxietsian emandako "irten trenetik" mezu soil harekin: 'Eskerrik asko' esan nahi nioke mezua horrela ematea erabaki zuenari; zaldi gaineko estatua bat ere eraikiko nioke geltoki hartan bertan...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina