Izenburuko esaldia tren-geltokian entzungo bagenu, gehienoi
–baina, guztioi?– halako belarriko mina
emango liguke, gaztelaniatik eratorritako kalko gordina dela eta. Baina, beste adibide hauetan?
“Poliziak miaketa burutu du Getariako portuan, heroina bila”
“Zuzendariaren begiradapean burutuko dute sute-simulazioa”
Zergatik ez badakigu ere, gehiagok –gehienek?– emango lituzkete ontzat horiek biak izenburukoa baino, sarri xamar entzun eta irakurtzen
ditugu eta...
Hala ere, arazoa dugu, izen horiekin perpausa osatu nahi badugu,
aditzak ere behar ditugula. Euskaraz, izan
eta egin oso eskura ditugu,
baina, “gehiegi ez erabiltzearren”, haien lekua betetzera etorri dira beste
aditz batzuk, gehienak esanahi ilun edo, zuzenean, ezezagunekoak. Hor sartu
zaizkigu burutu, pairatu, jasan...
Kontua, baina, ez da aditz horiek zuzenak edo desegokiak
diren ala ez. Formula xinple bat: izen horiek aditzetatik eratorrita badaude,
zergatik ez erabili zuzenean aditzok? Ez dela nahiko jasoa? Eta zergatik erabiltzen
dute ingelesek, bada, “The train will leave from platform 6” xinple hori?
- ???Trenak bere irteera burutuko du 6. nasan > Trena 6. nasatik irtengo da
- ???Poliziak miaketa burutu du Getariako portuan, heroina bila > Poliziak Getariako portua miatu du, heroina bila
- ???Zuzendariaren begiradapean burutuko dute sute-simulazioa > Zuzendariaren begiradapean simulatuko dute sutea
- ???Atxilotuek torturak jasan omen dituzte > Atxilotuak torturatu egin omen dituzte
- ???Ikastaroaren iraupena hamar ordukoa izango da > Ikastaroak hamar ordu iraungo du
- ???Zazpietan ospatu zuten bilera sindikatuekin > Zazpietan bildu ziren sindikatuekin
- ???Aktoreek alfonbra gorritik egingo dute sarrera > Aktoreak alfonbra gorritik sartuko dira
- ???165 langilek pairatuko dute kaleratzea > 165 langile kaleratuko dituzte
- ???Zuzendariaren hautaketa klaustroan burutuko da > Zuzendaria klaustroak hautatuko du
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina