15/12/1

"Blakfraideia" erabiltzera iritsiko gara?

Duela hilabete pasatutxo, milaka lagun izan ziren Gernikan Urriko Azken Astelehena ospatzen. Azoka astelehenero egiten bada ere, urriko azkena izaten da berezi: izugarrizko festa antolatzen dute egun osorako, eta jendetza biltzen da.

Azaroaren amaieran, berriz, beste ospakizun hau izan dute: "Black Friday Gernikés" (hala iragarri du hango dendari batek bere facebookean).

15/11/26

Oharrak idazteko gomendio batzuk

Blog honetako artikulu batean baino gehiagotan (hemen, adibidez) azaldu izan dugu zer zuzenketa egiten ditugun kontsulta zerbitzuan jasotzen ditugun testuetan. Hizkuntza zuzentzen dugu, jakina: hitzen ordena, aditza, deklinabidea, lexikoa... Baina, horretaz gain, garrantzi handia ematen diogu testuaren formari, testuaren itxurari... Izan ere, alderdi horrek ere asko laguntzen digu (edo oztopatu) komunikazioan.

Egunotan gurasoentzako ohar askotxo zuzendu ditugu, eta haietako bat erakutsiko dizuegu. Honela jaso genuen (euskarazko testua goian, eta gaztelaniazkoa azpian):



Guk hiru aldaketa hauek egin dizkiogu: izenburua jarri, bi aldiz emandako datuak behin bakarrik eman eta testua bi zutabetan jarri. Ea zer iruditzen zaizuen.





  

15/11/24

Terminoak itzultzeko, jokatu arduratsu

Terminologiaren inguruko kontsultan agertu zitzaigun zalantza: nola esan behar dugu euskaraz diseño responsable? Alegia: web-orriak gailu bakoitzaren pantailaren neurrietara moldatzeko eraikitzen den diseinuari, nola esan behar zaio euskaraz? Kontzeptua erraza da ulertzen. Adibidez, gure blog hau honela ikusten da telefono adimentsu batean:




Eztabaidan, bat-bateko erantzuna azaldu zen: diseinu arduratsua. Batzuok ez zioten hankarik ez bururik aurkitzen terminoari, diseinu batzuk, ardura bakoak eta ganorabakoak izan arren (hau, esate baterako), primeran egokitzen zaizkielako gure tramankuluen pantailen ezaugarriei. Baina zentzua aurkitzen ziotenek bazuten argudio bat: gaztelaniaz, diseño responsable erabiltzen dela.

Eta zergatik ez joan jatorrizko terminora itsu-itsuan gaztelaniakora jo beharrean? Ingelesekoan hauxe aurkitu genuen: responsive design. 

15/11/19

Gehiegizko limurkeria

Irrati eta telebistako albistegietan berriak leunkiro ematen dizkigute, leunegi eman ere. Azken aldian hainbaten ahotan entzuten dira “galdetu nahi izan dugu”, “hurbildu nahi izan dugu”, “adierazi nahi izan digute” bezalako hitz-jario eta adierazpen luzeak, itzulinguruka eta zeharka aritzeko makulu apartak. Adierazpenok zenbat eta luzeago eman, orduan eta handiagoa izaten da berri-emaileak hartzen duen lasaitua.

Bada, horrelako baliabideak ez dira euskaraz soilik entzuten, gaztelaniaz ere entzuten baitira.  Besteak  beste, “los vecinos nos han querido mostrar su enfado”,  “nos hemos querido desplazar y acercar al lugar de los hechos”, “hemos querido conocer la predicción meteorológica” bezalako esaldiak (esan gabe doa euskaldunok gaztelaniatik hartu ditugula ereduak).
Zeharkako esaldiak sistematikoki egiten dira eta askoz praktikoagoa izango litzateke esaldi edo galdera laburrak eta zuzenak egitea, eremu irristakorretan labain ez egiteko. Esaterako:
-Zer eguraldi egingo du?
-Zer gertatu da?
-Bertara joan gara eta galdetu dugu.
-Bizilagunek haserre daudela esan digute.
- …
Pragmatikaren izenean, sarritan, hiztunok gehiegi fintzen ditugu enuntziatuak bestaldean dagoen hartzailearen belarriak limurtzeko edo. Informazioaren muina zuzenean ematen/galdetzen bada, komunikazioa aise bideratzen da. Horrek ez du esan nahi esaldi okerrak direnik, baina mezua korapilatu egiten dute eta hobe da hitz-kate horiek apurtzea.
Honezkero, zeharo puztuta izango ditu begi-belarriak ikus-entzuleak; izan ere, espresio batek arrakasta duenean, atoan agertzen da berri-emaile askoren ahotan. Janaria kontrako eztarrira joango ahal zaigu albistegietan horrelako esaldi jantziak entzutean!

15/11/17

Bakea (edo gerra) irribarre batekin hasten da

Orain dela gutxi galdetu ziguten ea nola eman behar den euskaraz "Peace begins with a smile (La paz empieza con una sonrisa)":

"Bakea irribarre batekin hasten da" ala "Bakea irribarre batez hasten da"?

Lehenago ere helarazi digute beste batzuek zalantza bera (ZEREKIN ala ZEREZ/ZERTAZ); gure kontsulta zerbitzuko artikulu hauetan daude erantzunak:

"Txartelaz" ala "Txartelarekin"ordaindu?
"Gerrikoz lotu prakak" edo "Gerrikoarekin lotu prakak"?

Ez ditugu errepikatuko haietan esandakoak. Baina esandako horietatik guztietatik, proposatzen dugu Kalkutako Teresaren hitzak honela ematea euskaraz:

Bakea irribarre batekin (edo bategaz) hasten da.

Kontua da, ordea, gu hau idazten ari garela sarraskia gertatu dela Parisen (2015eko azaroaren 13a: ostiral gaua).



Esaldiaren formak baino gehiago kezkatu gaitu, orduan, edukiak. Zeren eta:

gerra ere irri zuri batekin hasi zen

Azoreetako hirukotea, 2003
edo algara batean.

Blair, Bush eta Aznar: behin betiko bakeari eta ordenari hasiera ematen.




15/11/12

Galiziako harginen euskal hitzak

Erdi Aroan, Galizian, beste leku askotan bezala, harginek elkarte sekretu bat osatu zuten. Hizkera misteriotsu batean hitz egiten zuten, harriak lantzeko jakintzarekin batera belaunaldiz belaunaldi transmititu dena; gremio-jargoi honetaz baliatzen ziren sekretuak gordetzeko: inguruko entzule jakingurek uler ez zezaten, alegia. Gaur oso hiztun gutxi dituen mintzaira kriptiko horri "verbo dos arginas" edo "latín dos canteiros" esaten diote. Bada, isilpeko mintzo honetan euskal harginen eta euskararen eragina nabarmenak dira: euskaldunoi ezagun egingo zaizkigu arría, chacurro, napurra, bay eta beste hainbat hitz.

15/11/10

Pelloren erroskillak, lentillak eta galtzontzilloak

Bazenekiten euskaraz ere ll digrafoa erabiltzen dela? Digrafoa [grezieraz δίς (dis bezala transkribatuta: "bikoitz") eta γράφω (grafō, gráphō): "idatzi"] hots bakarra adierazten duen bi letrako sekuentzia da.  Esaterako: Ortuella,  txepetxa, onddoa, otsoa, Aitziber…

Baina, utz ditzagun pellokeriak eta rolloak alde batera! Goazen harira! Ikusten duzuenez, izenburuan ageri diren hitz guztiek ezaugarri bat partekatzen dute: denak idazten dira ll-z euskara batuan.

- Pello
- erroskilla
- lentilla
- galtzontzilloak
- paella
- brillante
- salmonella
- bulldog
- …