15/1/26

Jebieuskalduna naiz, eta harro nago!

Gasteizko institutu bateko euskara irakasleak oso argi dauka, ikasleek esanda, zergatik desertatzen duten gehienek euskaraz hitz egitetik: besteak beste, euskaraz lexikoa falta zaielako nahi dutena nahi duten moduan esateko; hau da, hizkuntza nolabait jasoa irakasten zaielako ikasgelan, eta ez berek behar dutena ligatzeko, iraintzeko, birao egiteko…
 
Eta, hazia lur onean jausiko den esperantza gutxirekin bada ere, hogeita bost hitzeko zerrenda bat osatu du, haietatik bakoitzak lau aukeratu eta ahozko testu labur-labur batean erabiltzeko. Ikasle gehienek, askogatik, lau hauek aukeratu dituzte: nekaporratu, tronpatu, makakorro eta barakarro; irakasleak garrantzirik eman gabe bezala baina guztiz kontziente gainerako hogeita bat gatzgabeko hitzen artean txertatu dituenak, hain zuzen ere.

Zergatik horiek? Seguruenik, musikalitate berezia daukatelako: ez digute seguruenik Bachen sonata baten oihartzuna edo Erramun Martikorenaren ahots zerutarra ekarriko, baina bai Black Sabbath edo Etorkizun Beltza edo Anestesia edo Adhur taldeen burdinaren gaineko mailukadak. Primeran!


  • Nekaporratu: (akitu, nekatu, talikatu, unatu…) Biak nekaporraturik lúrrean etzánik zeudelaik yá ezin mogitus, axáriak joán ta arrapatuzióte eizia biéi.
  • Tronpatu: (nahasi, nahastu, okertu, erratu, huts egin…) Aita Saindua tronpa ditake?
  • Makakorro: (orroa, marraska, marrua…) Gaztelaniaz aritzen ziren, halaber, jostundegiko zein ostatu nagusiko irrati aparatuak, beti ere makakorro batean edukitzen zituztenak.
  • Barakarro: (barea –animalia–) Gizon artean badira, gazte / Barakarroak ugari.

Halako batean, Aimar matxoalfa makakorro batean hasi da: 

«Eta makakorro batean hasi zitzaion: “Berriz ere tronpatu zara, barakarro alaena! Nekaporratuta naukazu zure hanka-sartzeekin!». 

Eta, bestela bezala, Aimarrek ez dezan pentsatu horixe bera egitea nahi zuela, irakasleak “Ondo” esan dio, garrantzirik eman gabe bezala. 

Baina ezin izan dio irribarreari eutsi hurrengo astelehenean matxoalfari berari entzun dionean lagunei esaten: «Ostia, tío, guztiz nekaporratuta nago; joder nolako asteburua». Eta imajinazioa saltoka joan zaio Aimarrekin batera Gasteizko jaietatik Bilbokoetara eta Bilbokoetatik Zeraingoetara eta Zeraingoetatik Atarrabiakoetara (gutxi-asko hemen jaio zen hitza, Joakin Lizarraga Elkanokoaren izkribuetan ageri baita) eta Atarrabiatik Euskal Herri osora, lagunik lagun, nobiorik nobio, nobiarik nobia.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina