Irakurri zenuten joan
den hilaren 28an –tokatzen zen bezala eta iragarri genizuen bezala– idatzi
genuen adarjotze inozente hura? Dena izan zen
gezurra idazki hartan? Ikusi dezagun…
Euskararen jatorria, argi eta garbi |
Ikertzaileek deszifratu
egin dituzte, nolabait, hildako hainbat hizkuntzatan idatzitako inskripzioak:
badakite gutxi-asko nola irakurri, baina ez dakite zer esan nahi duten.
Hala gertatzen da
piktoen hizkuntzarekin (Eskozia), etruskoarekin (Italia), minoikoarekin (Kreta)
eta iberierarekin. Bada, eskrupulurik gabeko ikertzaile iruzurti askok,
aprobetxaturik euskara isolatuta dagoela eta haren jatorria enigma bat dela,
hizkuntza horien guztien inskripzioak euskararen bidez irakurri dituzte;
guk dakigula, Indo haraneko eta Pazko uharteko inskripzioak baino ez dira
libratu orain arte amarru horretatik.
Veleiako txerritxoa |
Areago: Arabako Veleiako
aferan gertatu bezala, asmatu eta fabrikatu ere egin dituzte hainbat eta
hainbat idazkun euskara itxuraz zaharrean idatzitakoak…
Beraz, aspalditik datorkigun tradizio bati jarraitu besterik ez genuen egin gure post harekin.
Inskripzioak asmatu egin genituen: ez dago ez KHARBELS
ECHASSARTErik, ez ECHEYDE GAR MENTI NABVSIrik, eta ez noski eldarnio
beteko LAVR TA KHIRHVR BADArik ere.
Toponimoak, berriz, benetakoak dira, baina euskararen
oihartzuna zekarkiguten batzuk baino ez genituen aukeratu: Arrieta, Arteara,
Echeyde (Teide), Tasarte, Aguere, Arinaga… denak dira Kanarietako leku izenak.
Jakina, ez genituen aukeratu Archifiras, Alajeró, Tinzar, Timijiraque,
Taburiente, Tamadaba, Nublo, Guayedra… eta haiek bezalako beste asko eta asko,
ez dute-eta inolako antzik euskarazko hitzekin.
Guantxeen hizkuntza
XVIII. mendean hil zen, eta, beraz, ez da deszifratu behar izan:
hizkuntzalariek badakite nola ahoskatzen ziren hainbat eta hainbat hitz –kronistek
beren izkribuetan jaso baitzituzten–, eta zer esan nahi duten. Hala, guk
aukeratutakoek honako esanahi hauek dituzte:
- adar = bizkarra
- aho = esne
- argui = ardi
larru
- chenique = basoko
sutegi batean lapikoari eusteko erabiltzen diren hiru harrietako bat (suharriak
/ sutarriak eta sutostekoa)
Ordukoan ere, propio
aukeratu genituen hitzok, eta beste hauek –adibidez– baztertu: adijirja (errekasto,
lats), baifo (antxume, auma), chamato (emakume), guataca (aitzur)…
Hizkuntzalariek
frogatutzat daukate guantxea eta bereberera (Ipar Afrika) enbor berekoak
direlako teoria. Ez, berriz, euskara eta bereberera ahaidetuta daudela. Baina
izan da hipotesi horri eutsi dionik ere; besteak beste, Federiko Krutwigek, euskara batuaren
bultzatzaile nagusietako batek, Garaldea. Sobre el origen de los vascos y su
relación con los guanches liburuarekin (Txertoa, 1978) proposatu zuen
euskara eta guantxea genetikoki lotuta daudela. Batzuek serio proposatu zuten,
beren garaietako tresna urriak baliatuta, eta beste batzuek iruzurra egiten ari
zirela jakinda, seguru asko.
Azken argibidea: egia da Manuel Gómez-Moreno arkeologo eta hizkuntzalari granadarrak deszifratu zituela iberierazko inskripzioak, 1922an (horri esker eraitsi zen neurri handi batean euskara eta iberiera ahaidetuta zeudelako hipotesia, joan den mendeko 40ko hamarkadatik aurrera batik bat, 1922ko lana oharkabean pasatu zelako). Baina 1970ean hil zen. Beraz, nekez idatzi zezakeen artikulurik La Voz de La Palma kazetan. Baina omenaldi txikia egin nahi genion, izena aipatuta.
Hasi gara pentsatzen zer idatzi 2015eko abenduaren
28rako, seguruenik Mauna Kea eta Mauna Loa sumendietatik gertu egongo
garelarik (botako du kea lehenak?; lo egongo da bigarrena?...: jakinaraziko
dizuegu).
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina