Aurten, Gabon jaiak luzeak ditugu eta, haien usainean, uste izan dugu egokia izan litekeela egutegi hau eskaintzea.
- Abenduaren 24tik Errege egunera bitartekoa: Gabonak edo Eguberriak.
- Abenduaren 21a: San Tomas (Euskaltzaindiak dio San dela batuko forma, eta ez Santo). 1960an, euskara hutsezko lehen lizeoa zabaldu zen, frankismo gorrian, Donostian: Santo Tomas lizeoa.
- Abenduaren 24a: Gabon eguna (batez ere, bizkaieraz eta mendebaldeko gipuzkeran) edo Eguberri bezpera. Gabon egunean, Euskal Herriko zenbait herritan, umeak kantuan irteten dira (Gabon kantak edo Eguberri kantak), baserririk baserri edo etxerik etxe, eskean (Gabon eskean, gabonsaria batzen). Jakina, Olentzero ere egun honetantxe etortzen zaigu, lehen Gipuzkoako herri gutxi batzuetan eta Nafarroako Bortzirietan baino ez, eta gaur egun Euskal Herri osoan. Gabon gauean (edo Eguberri gauean), Gabon afaria egiten dugu, beheko suan enborra daukagula: Gabon zuzia/mukurra/subila.
- Abenduaren 25a: Eguberria edo Natibitatea (Eguberri eguna edo Natibitate eguna): Egun honetantxe jaio zen Humphrey Bogart, 1899an. Eta Charles Chaplin hil, 1977an.
- Abenduaren 26a: Eguberri bigarren, San Esteban eguna. Esaera zaharrak honela dio: Natibittate, ase ta bete; San Estebantxe, berriz be len letxe (Natibitate, ase eta bete; San Estebantxe, berriz ere lehen legetxe/bezalaxe): Gabonak pasatutakoan, berriz ere eskasia.
- Abenduaren 28a: Inozente eguna, edo Eguberri laugarren. KZko kideak oso serioak gara, serioegiak agian; hain serioak, non oso serio hartuko dugun egun hori, eta inozentada bat argitaratuko. Erne, beraz!
- Abenduaren 31: Gabon zaharra edo Urtezaharra. Lehenbizikoz aireratu zen egun honetan ETB1, 1983an. Denboragarrenera, 'Euskal Kantuen Gaua' programarekin betetzen dituzte Gabon zahar gaueko afariko orduak, politikariek, konkistadoreek, futbolariek... desafinatzen dutela. Aita Jose Migel Barandiaran Urtezahar egunean jaio zen, 1889an, Ataunen (eta San Tomas egunean hil, 1991n, Ataungo bere etxean).
- Urtarrilaren 1a: Urteberri edo Urtats (Iparraldean). Urte barri, barri, txarri-belarri, daukanak eztaukanari katillutxu bete gari. Ipar Euskal Herrian, urtea ondo hasteko opatzeko, Urthats onak! formula erabiltzen dute. Mendizaleok, Urteberri egunez edo Urtezaharrez, entzute handiko mendiren batera igotzen gara; esaterako, Gorbeiara, Zaldiaranera, Aizkorrira, Txindokira, Adarrara...
- Urtarrilaren 5a: Errege bezpera. Kabalgata eguna. Trakatan, trakatan hiru errege; trakatan, trakatan Betlehemera... Ez ahaztu gailetatxo batzuk eta esnea edo ardo gozoa uztea!
- Urtarrilaren 6a: Errege(en) eguna. Benito Lertxundik 72 urte beteko ditu... Orain Olentzero eguna den bezalaxe, lehen Erregeen eguna zen umeentzako egun handia. Suerte hobea daukate gaur egungo umeek Olentzerorekin: guk, opariak jaso, eta hurrengo egunean eskolara joan behar izaten genuen. 2015eko urtarrilaren 7an ere, eskolara joan behar izango dugu, eta gainera ganorazko oparirik gabe.
Eguberri on! KZko kideok Jamaikara goaz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina