15/6/12

Zortzietan irten egingo gara

Ailegatu zen egun handia: prest genituen mozorroak; prest koreografia; prest gogoa... Ailegatu zen egun handia: munduari erakutsiko genion zer-nolakoak ginen inoizko Escola do Samba onenekoak.

Bazkaldu ostean, kirioak jota, alai hurreratu ginen Mangueirako muinurrutuko favelara. Han genituen zain kuadrillako kide guztiak, nor bere mozorro eta jantzi distiratsuenak soinean, musika eta caipirinha, barre eta elkarrizketa urduriak, dantza-urratsak berotzen... Trinidade do Agrado candomblé-apaizemeak azken ukituak egin zizkion aldareari, eta haren bedeinkazioaren bila abiatu ginen guztiok, banan-banan.


Kontsulta-zerbitzuko kide bat, bedeinkazioa hartzen.

Halako batean, arrapalada batean sartu zen A Mangueirako buru zen Germão Careca: "Aldaketa bat egon da! Hirugarren barik, laugarren irten egingo gara!!" Ulertu bagenion ere, muturra okertu zuen gure arteko hitzen ordenako espezialistak: "egin hori ez dago ondo erabilita..." 
Izan ere, aditza bera galdegai denean bakarrik txertatzen dugu egin.

Eta zer da galdegaia? Bada, nolabait definitzekotan, “informazio berria dakarren osagaia da galdegaia (edo osagai horretan enfasi berezia hartzen duen zatia)”. Galdegai hori, idatzian behinik behin, aditzaren aurrean jartzen dugu normalean euskaraz, gaztelaniaren edo portugesaren kontrara:
  • Zazpietan da batzarra = La reunión es a las siete
  • Etxera joango gara gero = Después nos iremos a casa
Jakina, batzarra edo gero hitzak beste nonbait ere koka ditzakegu, informazio zaharra edo inplizitua delako diskurtso jakin horretan:
  • Batzarra Zazpietan da.
  • Gero etxera joango gara.
Aditzarekin batera ahoskatu behar da, inolako etenik egin gabe, eta doinua beti beherantz doala.

Hala ere, hitz egiten dugunean, idaztean baino tresna gehiago ditugu komunikatzeko intonazioa, keinuak... eta sarritan hausten dugu ordena hori enfasi bereziak egiteko. Ordena ez-markatuan, berriz,  esaldi bateko galdegaia aditzaren aurrean idazteko aholkatzen dugu (esan bezala, hizketan badaude beste baliabide batzuk).
  • Maddi dolomitetara joan zen iaz. (Nora joan zen…?)
  • maddi joan zen iaz Dolomitetara. (Nor joan zen…?)
  • iaz joan zen Maddi Dolomitetara. (Noiz joan zen…?)
Baina zer gertatzen da aditza bera denean informazio berri hori? Eman dezagun galdetzen digutela:
  •  Zer gertatu zen atzo New Yorkeko burtsarekin? 
  •  Zer egin zuen atzo Realak?
Erantzunak hauek izan litezke (hurrenez hurren):
  • 30 puntu jaitsi zela.
  • bi eta zortzi irabazi zuela.
Baina hauek ere bai:
  • jaitsi egin zela.
  • irabazi egin zuela.
Azken bi horietan, aditza da galdegaia, eta horiexetan txertatzen dugu egin aditza bizkaieraz eta gipuzkeraz (bizkaieraz, gainera, “Ekarri dakar (ez eroan)” eta antzekoak ere esaten dira, aditza galdegaia denean, eta adizki trinkoa bada).

Jakina, atal bik ezin dute segida berean enfasia izan:
  • *30 puntu jaitsi egin zen.
  • *bi eta zortzi irabazi egin zuen.
Horrelakoetan, ohikoena da atzealdean gehitzea bigarren informazio berria:
  • jaitsi egin zen, 30 puntu.
  • irabazi egin zuen, bi eta zortzi.
Tira... Eta zer egin genuen guk sanba-eskoletako lehian???
A Mangueirakook, sanbodromoan: ea ezagutzen gaituzuen!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina