15/6/15

Kat-aforak Kat-alunian

Aste honetan alabarekin izandako elkarrizketa, telefonoan (Bartzelonan bizi da, Núriarekin amarekin):
—Aita, aita! Eskerrik asko, eskerrik asko! Badakizu zer galdetu diguten selektibitatean, Lengua Españolan? Katafora bat zer den definitzeko, eta adibide bat jartzeko. Eta klasekoen artean neuk bakarrik jakin dut, joan den astelehenekoa irakurrita, Murumendiren gainekoa!
—A, ze ondo! Zerbaitetarako balio izan dizu orduan nire matrakak. Eta nola definitu duzu?
—Ba…, hau idatzi dut: “Testu bateko hizkuntza elementua, gero aipatuko den zerbaiti erreferentzia egiten diona”. Ondo dago?
—Nire ustez, primeran, baina ez dakit zuzentzaileek zer pentsatuko duten, batzuk arriskutsuak izan litezke-eta. Eta adibidea, zein jarri duzu?
—Zure ohorez, “Honako gailur hauek ikusten dira Murumenditik: Txindoki, Aizkorri, Izazpi, Erlo, Ernio…”. Eta beste bat, barkatu…:  "El Barça ho ha guanyat tot: la Lliga, la Copa i la Champions".
—Ederto biak. Baina bigarrenak min ematen dit… Kontatuko diet KZkoei, eta poz-pozik jarriko dira gurea aprobetxagarria dela jakinda. Musu handi bat. Diverteix-te. Que t´ho passis bé.
Selektibitat amb catàfora.
Gaur, kataforen beste adibide batzuk emango ditugu. Beste hizkuntza batzuekin hasiko gara:
  • Te lo digo por última vez: ¡no!
  • Ils sont fous, ces romains [Obelixi ikasia].
  • I reached the following equation: 4y + 5x 8 = 0.
Euskaraz, (honako) hau da baliabide tipikoena kataforak egiteko (lehen graduko erakusleez baliatuta, jakina):
  • [Zuzena] Honako galdera hau bota zidan tupustean: "Non demontre pasatu duzu gaua?".
  • [Zuzena] Galdera hau bota zidan tupustean: "Non demontre pasatu duzu gaua?".
  • [Zalantzazkoa] Honako galdera bota zidan tupustean: "Non demontre pasatu duzu gaua?".
  • [Ez zuzena] (Horrako) Galdera hori bota zidan tupustean: "Non demontre pasatu duzu gaua?".
Baina badira beste baliabide batzuk: 
  • Barçak dena irabazi du: Liga, Kopa [ñi-ñi], eta Champions-a.
  • Abantailarik garrantzitsuena zera da: ez daukadala zertan egonik eurekin egun guztian.
Zerbait azaltzeko edo bestela formulatzeko, hau da lotura erabiltzen da, azken finean katafora bat baino ez baita:
  • Galdera markekin, euskaraz, gaztelaniaz ez bezala jokatu behar da; hau da, galderak ireki eta itxi egiten dira gaztelaniaz, eta itxi baino ez euskaraz.
Eta amaitzeko, ohar bat. Erdaraz, asko erabiltzen dira siguiente eta antzekoak kataforak egiteko orduan, eta, beraz, euskaldun askok kalkatu egiten dute egitura hori. Erne, baina! Begira zer dioen EIMAren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburuak kontu horren gainean: 
«Beste esanahi bat dutelako, ez dira egoki kataforetarako hurrengo, ondorengo eta ondoko:
Azkenik, hurrengo / ondorengo / ondoko liburua aipatu zuen: Jendaurrean hizlari.» 
Beraz,
  • [Zuzena (Hiru galdera egin ditugu ahozko azterketan, eta laugarrena aipatzeko)] Hurrengo galdera: Zer da katafora?
  • [Desegokia]: Hurrengo galdera hau egin ziguten: Zer da katafora?
  • [Zuzena]: (Honako) Galdera hau egin ziguten: Zer da katafora?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina