15/6/17

Selektibitatea: gurean, zer?

Esaera zaharrak dio: "Ekaina, azterketa garaia". Bueno, ez; honela dio: "Ekaina eder, uda halaber". Eta mix bat eginda bide bihurri samar batetik, hau ateratzen zaigu: "Ekaineko azterketak ondo, uda ezin hobeto". Hala daude ezin hobeto batxilergoa eta selektibitateko azterketak amaitu dituzten ikasleak: hiru hilabeteko oporraldian sartu dira. Nahi genuke guk halakorik!

Gu ez gaude, ez, oporretan; eta, gure lana euskararen kontuei erreparatzea denez, ikertzea okurritu zaigu ea nolakoa izan den 2015eko ekain honetan unibertsitatera sartzeko probaren Euskara eta Literatura atala.

Lehenbizi, azterketa egiteko instrukzioak edo jarraibideak ematen zaizkie ikasleei:



Gero, TESTUA dator (hasierako zatia baino ez dugu aukeratu):





Ez dugu azterketa egingo, baina bai pare bat iruzkin testuari.

1/ Izenburu bitxi hori aparte utzita (zer da "Utzi negarrez egoteari"?), lehenengo esaldia ere arraroa egin zaigu; guk beste era batera antolatuko genuke. Adibidez:
«Oso gustura irakurri dut Meredith Haaf (Munich, 1983) idazle alemanaren saiakera, gaztelaniazko bertsioan: Dejad de lloriquear. Sobre una generación y sus problemas superfluos [Jatorrizkoa: Heult doch: Über eine Generation und ihre Luxusprobleme (Utzi negarrez egoteari. Belaunaldi batez eta beraren arazo funsgabeez)].»
Batetik, liburua euskaratuta ez dagoenez, ezin da esan "Utzi negarrez egoteari. Belaunaldi batez eta beraren arazo funsgabeez" dela lanaren izenburua. Halakoetan, komeni da argi uztea izenburuaren itzulpena norberak egindakoa dela. Guk, bide batez esanda, bestela euskaratuko genuke.

Bestetik, ez da oso katolikoa, gure ustez, "1983. urtean Munich hirian jaiotako Meredith Haaf idazle alemanaren..." esaldiko erlatibozko perpaus hori; egokiagoa, arinagoa eta errazago ulertzekoa da ohiko baliabide hau: "Meredith Haaf (Munich, 1983) idazle alemanaren...".


2/ Ni-ni-ni belaunaldia aipatzen duenean, ematen du oso jende berekoiaz ari dela (Ni!, Ni!, Ni!) edo heldugabeen gainean (niniak, umeak). Gaztelaniazkoaren berri izan behar duzu, ulertzeko: "Generación Ni-Ni" (NI estudian NI trabajan).



Aurreko puntuan esan dugu izenburua euskaraz ematea ez dela egokia. Ba, kasu honetan, kontrakoa diogu: "Ez-Ez belaunaldia" da egokia, baldin eta gaztelaniaz eta katalanez (ni-ni, bietan) eta italieraz (né-né) bezala jokatu nahi badugu. Edo bigarren aukera egin: ingelesezko NEET akronimoa (Not in Education, Employment or Training) erabili, hizkuntza gehienetan egiten den bezala. Britainia Handian erabili zen lehenengo aldiz, eta handik zabaldu da gainerako herrialdeetara.

3/ Ez dugu segituko testua aztertzen, ez baitugu kritikatu nahi ez egilea (testugile profesionala ez delarik), ez eta aldizkaria ere: iruditzen zaigu txalogarria dela tokian tokiko komunikabideetan egiten duten lana, benetan duina.

Baina adierazi nahi izan dugu mila testu aproposago izango zituztela aukeran azterketa prestatzaileek Euskara eta Literatura jakintzagaiko proba diseinatzeko: selektibitateak dakartzan ondorioak kontuan hartuta, oso-oso fin jokatu behar dela uste dugu.




















  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina