15/6/10

Gora korredakzioa! (Zein itzulpen kaxkarrak egiten diren Hezkuntzan!)

Egunotan, ikastetxeko AJA ('Antolamendu eta Jarduera Araudia'; gazt., ROF) irakurtzen ibili gara eta atentzioa eman digute pasarte batzuek (askotxok). Adibidez, honek:
4. artikulua. Koordinazio didaktikorako organoak
Tutoretzak eta taldeko, etapako nahiz zikloko irakasle taldeak ELBIRA ZIPITRIA HLHIko koordinazio didaktikorako organoak izango dira. Aipatu berri ditugun bi organo horiek, klaustroaren, Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen, didaktika-departamentuaren eta orientazio-departamentuen zuzendaritzapean egongo dira.
Gure galdera hau da: Koordinazio didaktikorako zenbat organo daude gure ikastetxean? Bi? Lau? Zazpi? Benito Lertxundiren abestia kantatzen ari garela ematen du: «Zer egin degu? Zer egiten degu? Zer egingo degu? Koordinatu? Ez, hori ez! Seguru asko, ez!».

Bigarren galdera: Nork idatzi du hori? Susmoa hartu dugu kopiatu-itsatsi sistemarekin eginda dagoela gure AJA, eta iturrira jo nahi izan dugu. Gure ikerketan, beste askotan bezala, lagungarri gertatu zaigu Google: AJA eredua aurkitu digu. Non, eta Hezkuntzaren atarian; etxean dugu, beraz, bekatua. Jakinik holako dokumentu guztiak bi hizkuntzetan egoten direla, gaztelaniazkora jo dugu: Modelo ROF. Bista-bistakoa da (esan beharrik ba al dago?) horixe dela jatorrizkoa eta euskarazkoa itzulpena. 
Artículo 4. Órganos de coordinación didáctica
Serán órganos de coordinación didáctica del centro bajo la dirección del claustro, la comisión de coordinación pedagógica, los departamentos didácticos y el de orientación, las tutorías y los distintos equipos docentes, de grupo, etapa y ciclo.
AJAren azala, behintzat, diseinuzkoa dugu geure ikastetxean (gure inizialak dira!).
Orain kontuak beste era batera ateratzen zaizkigu, nahiz eta gaztelaniazko bertsioa ere oso katolikoa ez den (noiz ikasiko dugu puntuatzen?):
Klaustroaren zuzendaritzapean, koordinazio didaktikorako organoak hauek izango dira: Koordinazio Pedagogikorako Batzordea, didaktika-departamentuak, orientazio-departamentua, tutoretzak eta taldeko, etapako nahiz zikloko irakasle-taldeak.
Lehenago ere esanda gaude zerbait itzulpengintzaren gainean: Zer da itzultzea? eta Zer ez da itzultzea? Baina funtsezko galdera beste hau da: Zergatik idazten dira beti gaztelaniaz dokumentu ofizialak? Zergatik ez dira idazten euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean? Horrela jokatuta bi erredakzio-talde izanda, nahitaez kontrastatu beharko lirateke bi testuak edukia berbera dela egiaztatzeko.

Adibide bat baino ez dugu jarri, baina beste hainbat aurkitu ditugu "AJA eredu" omen denean. Norbaitek haiek irakurtzeko perbertsioa balu, halamoduz idatzitako pasarteen bilduma polita egin lezake.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina