15/6/7

Testuan nabigatzen hatz erakuslearekin

Txikitan, esaten ziguten edukazio txarrekoa zela hatz erakuslearekin gauzak seinalatzea. Askotan, seinalatutakoari errepararazteko, erakusle bat ateratzen zitzaigun: “Begira hor!”, “Begira, gizon hark nolako sudur luzea duen!”. Logikoa da erakusleak horrela erabiltzea gure ahozko jardunean, baina… konturatu zarete zenbat aldiz erabiltzen ditugun erakusleak testu idatzietan ere?

Adibide bat ekarriko dizuegu esandakoaren frogagarri, Gailurrak eta Goi Lurrak liburutik ateratakoa eta moldatua: 

MURUMENDI
Beasaindarrek eta ordiziarrek estimu handitan dute Murumendi. Mendi eder hau Aralar eta Ernio artean dago airoso asko, bi mendizerra horiez gain Gipuzkoako zati oso zabala begien aurrean duela.
Gipuzkoako erdialde horretan mendi garaiagoak badiren arren, irudi lerdenekoa da oso Murumendi, eta agian horregatik Mari edo Marimundukok (“Murumendiko Mari”ren metatesia) duen bizilekurik gustukoenetakoa da.
Igoerarik ezagunena Ordiziatik da. Egutera Bidea kaletik hormigoizko pista bat hartu, eta azken baserriraino joango gara. Handik aurrera dauden gainak saihestuz, Arrapaizko lepora iritsi, eta tontorra eskura izango dugu. Ehundik gora gailur ikusten dira egun argitsuetan; besteak beste, honako hauek: Txindoki, Aizkorri, Izazpi, Erlo, Ernio…

Murumendi. Indalecio Ojanguren argazkilari bikainak ateratako erretratua (Gizpuzkoako Artxibo Orokorra)
Zergatik hainbeste erakusle, testu idatzi batean ez dagoelarik hatz erakuslea erabiltzerik? Testuaren barruko erreferentziak egiteko balio dutelako erabiltzen ditugu erakusleak. Baina zein noiz erabili, hori beste kontu bat da… Murumendiren gaineko testutxoan, esaterako, batzuetan lehen gradukoak (hau, honako…) ageri dira, eta bigarren (horiez, horretan, horregatik…) eta hirugarren gradukoak (handik) beste batzuetan. 


Berriz idatziko dugu, baina oraingoan koloreez baliatuko gara erakusteko erakusle bakoitzak zeri egiten dion erreferentzia:
MURUMENDI
Beasaindarrek eta ordiziarrek estimu handitan dute Murumendi. Mendi eder hau (1) Aralar eta Ernio artean dago airoso asko, bi mendizerra horiez (2) gain Gipuzkoako zati oso zabala begien aurrean duela.
Gipuzkoako erdialde horretan (3) mendi garaiagoak badiren arren, irudi lerdenekoa da oso Murumendi, eta agian horregatik (4) Mari edo Marimundukok (“Murumendiko Mari”ren metatesia) duen bizilekurik gustukoenetakoa da.
Igoerarik ezagunena Ordiziatik da. Egutera Bidea kaletik hormigoizko pista bat hartu, eta azken baserriraino joango gara. Handik (5) aurrera dauden gainak saihestuz, Arrapaizko lepora iritsi, eta tontorra eskura izango dugu. Ehundik gora gailur ikusten dira egun argitsuetan; besteak beste, honako hauek (6): Txindoki, Aizkorri, Izazpi, Erlo, Ernio

  1. Esku artean dugun gaia da Murumendi bera; beraz, lehen graduko erakuslea: mendi hau.
  2. Lehen aipatutako bi elementuri egiten zaie erreferentzia, eta izen batez (mendizerra) ere baliatzen gara erakusleari laguntzeko (ez da erakusle soila); beraz, bigarren graduko erakuslea: mendizerra horiez.
  3. (Modu inplizituan bada ere,) lehen aipatutako eskualde bati egiten zaio erreferentzia, eta, berriz, izen baten (Gipuzkoako erdialde) sostengua dugu; beraz, aurreko puntuan bezala, bigarren graduko erakuslea: Gipuzkoako erdialde horretan.
  4. Oraingoan, ez diogu elementu arrunt bati erreferentziarik egiten, lehen aipatutako testu zati bati baino (irudi lerdenekoa da oso Murumendi: esaldi bat da, ez elementu sinple bat –mendia, baserria, liburua, eskualdea, pertsona…–); beraz, bigarren graduko erakuslea: horregatik.
  5. Lehen aipatutako elementu bati egiten zaio erreferentzia, baina, bigarren eta hirugarren puntuetan ez bezala, erakusle soila dugu; beraz, hirugarren graduko erakuslea: handik. Erakusle hori nolabait jantzirik egon balitz (esate baterako izen batez baliatu bagina), bigarren graduko erakusle bat beharko genuen: “Bizitoki eder horretatik”, adibidez.
  6. Oraingoan, aurreko lau puntuetan ez bezala, lehen aipatutako zerbaiti erreferentzia egin beharrean, gero datorren zerbaiti egiten diogu erreferentzia; beraz, lehen graduko erakuslea: honako hauek. 

Mariren bizilekua, Murumendin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina