15/6/5

Eta sambodromoan dantzatuko dugu

Behin mozorroa aukeratuta eta bikain josita genuela, Riora joatea zen hurrengo pausoa: abioiko txartelak erosi, hotela hartu Ipaneman bertan ez gara gu edozelakoak, eta pozik baina urduri irten ginen Riorantz: irabaziko ziguten Portelakoek (EIBZkoak eurekin ateratzen dira)?; barregarri geldituko ginen?; nahikoa entsegu egin genituen gure koreografiako urratsak ikasteko? Rioko aireporturako jaisten ari ginela zerubidean, ederto ulertu genuen berriro ere zergatik zen hura munduko hiririk ederrenetako bat: Guanabarako badia ikusten genuen, Pão de Açúcarreko tontorra, Maracanãko estadioa, mendixketako oihanak... 



Antônio Carlos Jobim aireportura iritsi (hura bai izen aproposa!), bagajea hartu, eta ezinezko maleta eskerga haiekin abiatu ginen hotelera. Hantxe genituen zain Zé eta Nélia, A Mangueirako bi lagun carioca: "Bizkor! Azken entsegua dugu ordu erdi barru! Bihar dantzatuko dugu sambodromoan!". Gutako batek zuzendu egin zuen: "Dantzatuko gara". Ui, ui, ui... inauterietan ere lanean aritu behar eta azalpenak eman...

Dantzatu aditzak zer erregimen eskatzen duen begiratzeko, Hiztegi Batura jo genuen, ea Euskaltzaindiak zer zehaztasun ematen dituen batasunerako:

    dantzatu, dantza/dantzatu, dantzatzen. da/du ad.: arratsalde osoan dantzatu naiz (ez              *dantzatu dut); aurreskua dantzatu dut; makila dantzatu dut.

Hortaz, erabakia argia da: NOR saileko aditzekin jokatu behar da, baina, objektu zuzena txertatuz gero, NOR-NORK. Beraz:

  • Bihar sanbodromoan dantzatuko gara.
  • Bihar sanbodromoan dantzatuko dugu sanba.
Zer esanik ez, dantzatu-ren ordez dantza(n) egin erabiltzen badugu, NOR-NORK beharko dugu:

  • Bihar sanbodromoan egingo dugu dantzan.

Berdin gertatzen da beste aditz batzuekin:

  • jolastu, jolas/jolastu, jolasten daeta, horrekin batera, jolasean ari izan (da), jolasean    ibili (da), jolas egin (du)
  • solastatu, solasta, solastatzen da; eta, horrekin batera, solas egin (du)
  • borrokatu, borroka/borrokatu, borrokatzen daeta, horrekin batera, borroka  egin (du), borrokan egin (du)
Kontu berezia da jardun aditzarena, laguntzaile biak onartzen baititu:
  • Dantzan jardun du gau eta egun. = Dantzan jardun da gau eta egun.
Gure irakasle bi, Kontsultakideoi bidali ziguten tutorialean

Azalpena eman ondoren, txinalak eta chineloak (txankletak) jantzi, eta laster batean jo genuen Mangueirara, hurrengo egunaren zain...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina