15/6/22

Non sartu behar dugu gure botopapera? Erabaki dezagun gaur bertan.

Orain dela egun batzuk, eskandalizatuta, esan zigun batek: «Nola jarri dute hautetsontzia, hautestontzia bada?» Jakina, Gure Esku Dago ekimenekoei buruz ari zen, eta hainbeste zabaldu duten goiburuaz.


Gaur goizean, hiru aldaera entzun ditugu irratian: hautesontzi, hautestontzi eta hautetsontzi. Baten bat trabatu ere egin da, nola ebaki asmatu ezinda. Hain zaila gertatzen da hitz hori? Nork eta Andoni Aizpuruk berak esan omen zuen San Mamesen baietz, oso zaila dela. Baina, zein da, ba, Euskaltzaindiak erabakitako forma?

Arakatzen ibili gara hiztegietan eta gainerako gure informazio-iturrietan, eta ezustean harrapatu gaitu gure lehenengo bilaketak. Zehazki, Zehazkin izan dugu sorpresa "urna" hitza sartu dugunean: "hautestontzi". Elhuyaren, ordea, "hautetsontzi" dator. Orduan, Hiztegi Batura jo, eta ikusi dugu "hautetsontzi" ageri dela; beraz, amaitu da kontua. 

Baina gu ez gara konformatzen jangoikoen hitza besterik gabe entzunda (edo irakurrita), eta saltsatzen segitu dugu. Hiztegi Batu Oinarriduna bisitatu dugu gero, bertan ikusten baita Hiztegi Batuko Lantaldeak noiz eta zertan oinarrituta hartzen dituen erabakiak; 2011n erabaki zuten "hautetsontzi" hitza hobestea.

Txangoan segitu dugu, eta hurrengo geldialdia Berriaren estilo liburuan egin dugu; hiztegian h letran klik eginda, hona iritsi gara:



Zergatik "hau-tes-kun-de" eta "hau-tes-le", eta "hau-tets-on-tzi"? Lehen bi kasuetan, kontsonantez hasten direlako atzizkiak (-kunde eta -le); hirugarrenean, berriz, bokalez hasten delako elkarketako bigarren hitza (ontzi).

Honezkero, aspertuta egongo zarete kontu honekin, eta esango duzue: «Zer axola dio hitz baten formak? Elkar ulertzen badugu, berdin dio». Guri ez digu berdin. Edonola ere, aitzakia bat baino ez da izan gogorarazteko baditugula esku-eskura zalantzak argitzeko baliabideak. Kontsulta Zerbitzua martxan jarri berritan hasi ginen Euskalbar erabiltzeko gomendatzen. Badakigu askok eta askok kasu egin diguzuela, eta eskertu ere bai haren berri eman izana; baina oraindik despistaturen bat badago, ba... Egin txangoa!
    



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina