15/6/24

Ehun

[…] laurogeita bi, laurogeita hiru, laurogeita lau, laurogeita bost, laurogeita sei, laurogeita zazpi, laurogeita zortzi, laurogeita bederatzi, laurogeita hamar, laurogeita hamaika, laurogeita hamabi, laurogeita hamahiru, laurogeita hamalau, laurogeita hamabost, laurogeita hamasei, laurogeita hamazazpi, laurogeita hamazortzi, laurogeita hemeretzi… eta EHUN! 100! Blogari hauek ikasi dugu behingoz 100 arte zenbatzen, bai eta 100era arteko zenbakiak zuzen idazten ere.

Nork pentsatuko zuen, 2014ko urriaren 14an “aitxitxe” gure artikulutxo xume hura hodeietaratu genuenean, zentenario bihurtuko ginela? Guztion topaleku izan nahi zuen postontzia eraiki nahi genuen, eta blogariok geure oihal zatiak jarri ditugu ehuntzeko. Bai, ehungile bihurtu gara: ehun erraldoia bilbatu dugu ehun txatalekin, eta espero dugu handia ez ezik apaina ere geratu izana, nahiz eta albainuz josita egon, eta nahiz eta batzuk artilezkoak izan eta beste batzuk lihozkoak, batzuk meheak eta beste batzuk lodiak, batzuk latzak eta beste batzuk leunak, batzuk hitsak eta beste batzuk kolore gorri bizikoak...

Dagoeneko, bete ditugu Donibane goiz honetan bete beharreko gure gustuko errituak: argitu baino lehen, basora joan gara lizar eta elorri adar dotore batzuk biltzera, KZren jauregiko eta ukuiluko ateen alde banatara jartzeko; ortozik ibili gara oinak ihintzez bustitzen, etxearen aurreko belardian…
 
 









 
Eta bart gauean, argitaratzeke izan ditugun artikulu guzti-guztiak erre ditugu Donibane suan. Tximistetatik babestuta, gaitzetatik salbu, gorputza edertuta eta burua araztuta, udako oporretatik bueltan indarberrituta, ahaleginduko gara berriz heltzen eginkizun honi eta beste ehun txatal berriz ehotzen datorren ikasturteko patchworkeko soinekoa. 

Ea igartzen dugun nola hedatu zuek harrapatzeko arte bat, hutsik egingo ez lukeena; seguru egon arte, ez dugu ikasiko zein zenbaki duen atzetik 100ak.


Oh.: Hitz pare homonimoak esaldi batean (edo elkarren oso gertu dauden esaldietan) paratzeari antanaklasia esaten zaio (figura literario bat da, hitz joko baten modukoa). Bada, ez dakigu konturatu zareten, baina gutxienez hiru antanaklasia erraz-errazak txertatu ditugu aurreko paragrafoetan. Haiek aurkitzea da gaurko ariketa.

Beste oharño bat, matematikarientzat: Zenbaki biribila da noski 100 zenbakia, baina Leyland-en zenbakietako bat ere bada: 
62 + 26 = 100



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina