Joan den
larunbatean, KZko kideok eta lankide batzuk mendi buelta bat egitera joan ginen, arratsaldean, nora
eta… Legutio aldera noski, osaba Teofilori (Rosa Luxemburg batailoia, PCE-EPK-koa) eta tio Saturri (Olabarri
batailoia, ANV-EAEkoa) eta tio Joseri (Araba batailoia, PNV-EAJkoa) eta Legutioko batailan borrokatu ziren beste milaka gudari-milizianori gorazarre egin behar geniela gogoan sartuta, maiatzaren 1ekoa idatzi eta gero. Gutako
gehienok –ez denak– harro, familiakoak ez ziren-eta okerreko bandoan egon 1937
malapartatu hartan.
Hona ibilaldia: Legutio - Jarindo
(895 m) - Maroto (864) - Larragoien (gudarien oroigarria) - Albertia
(867) - Legutio. Eta, egunari berea emateko, Otxandioko
jantoki batean afaldu genuen.
![]() |
Gudarien oroigarria. Ez dugu gure argazkia jarri nahi izan: gutako bat zerrendaburu doa Obaban udal hauteskundeetan, eta ez dugu arazorik nahi eskualdeko hauteskunde-batzordearekin. |
Kontua da gehienok oso pozik amaitu genuela eguna, baina bi kidek komentario bitxi hauek egin zizkiotela antolatzaileari:
XABI: Ño! Jakin baneu aldatsak egongo zirela, ez nintzonan etorriko... (bizkaieraz eta noka)Aukerako eguna izan zen nonbait iraganeko baldintza irrealak egiteko, Albertiako gailurrean honela jardun baikenuen:
LALI: Ba ni ere, jakin banu holako aldapa txikiak egongo zirela, ez nindunan etorriko... (gipuzkeraz eta noka)
- Francok gerra galdu balu, gure familia askoz ere hobeto biziko zen: aita ez zen sartuko lanean fabrikan 14 urterekin...
- Francok gerra galdu balu, Francoren alde borrokatu ziren gehienak ere hobeto ibiliko ziren bizitzan: gutxi batzuek baino ez zuten irabazi gerra hura...
- Brutus (txakurra) ekarri banu, atzetik ibiliko zitzaien ikusi ditugun sai eta zaldi guztiei.
- Jarindon eguraldi ona egin baligu, Gorbeia eta Anboto eta beste mendi ugari ikusiko genituen: ikuspegi benetan ederrak ditu.
- Frontalak ekartzea ahaztu ez balitzaigu, sartuko ginen apur batean Otxarretako kobazuloan.

Ikusi dezagun zein den kontrafaktualen egitura, gaurko lehen orduan entzun dugun beste adibide honekin: Abisatu bazenigu, benetan gustura lagunduko genizuen...
- Baldintza perpausa: iraganeko gertakari bati buruzkoa denez, aditz nagusiak aspektu burutua du [abisatu]; eta aditz laguntzaileak, berriz, alegialdiko tempusa dakar [bazenigu].
- Ondore perpausa: aditzak ez ditu alegialdiko ezaugarriak: aspektua gerokoa da [lagunduko], eta laguntzailea iraganaldikoa [genizuen/genizukeen].
Oharrak:
- Hiztun askok izan aditza txertatuta indartzen dute baldintza perpauseko aditza: jakin izan banu, galdu izan balu, ekarri izan banu, egin izan baligu, ahaztu izan ez balitzaigu, abisatu izan bazenigu...
- Gehienok, indikatibozko iraganaldiko aditz laguntzaileak erabiltzen ditugu ondore perpausetan (nintzen, zitzaien, genituen...), baina Euskaltzaindiak bi aukera ematen ditu bere 42. arauan: nintzen/nintzatekeen, zen/zatekeen, ziren/ziratekeen, zitzaien/zitzaiekeen, genituen/genituzkeen, ginen/ginatekeen, genizuen/genizukeen...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina