15/5/6

Dirurik lapurtzekotan, deitu poliziari. Uste okerrak (III)

Bilboko metroan orain dela gutxi ipini duten kartela:


*Suitzalgailu okerraz eta mugagabe okerraz (*Larriunetan) gain —luzitu egin dira kartel honetan, “Zure segurtasunerako dira, surik izatekotan” ere irakurtzen dugu. Jakina, “-tzekotan” baldintzazkoa da-eta…

Bai, egia da: baldintzazkotzat har daiteke, Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-VII liburuan ageri den bezala, baina, ondo asko esaten digutenez 240.-241. orrialdeetako laburpenean, “helburuzko balioa adierazteko erabiltzen dira gehienetan”. Hortaz, tentuz erabili behar helburuzko esanahia eman nahi ez badiogu:
  • Mediku izatekotan, ez duzu dagoeneko medikuntzarik ikasi behar. ≈ Medikua izateko asmotan, ez duzu dagoeneko medikuntzarik ikasi behar. (Petrikilo izanda, nahikoa!)
  • Dirurik lapurtzekotan, deitu poliziari. ≈ Dirurik lapurtzeko asmotan, deitu poliziari. (Tira! Hori egia izan daiteke!)


Duda barik, hor borondaterik azaltzen ez duen baldintza behar dugu:

  • Medikua bazara, ez duzu dagoeneko medikuntzarik ikasi behar. / Medikua izanez gero, ez duzu dagoeneko medikuntzarik ikasi behar.
  • Dirurik lapurtu badizute, deitu poliziari. / Dirurik lapurtuz gero, deitu poliziari.
Hortaz:
  • Basora joatekotan, goiz jaiki behar dugu. ≈ Basora joan nahi/behar badugu, goiz jaiki behar dugu.
  • Bakea lortzekotan, hobe dute denak meditatzen jesartzea. ≈ Bakea lortu nahi badute, hobe dute meditatzen jesartzea.
Izan ere, -t(z)ekotan-ek baldintza adierazten duenean, halako borondatezko baldintza kutsua hartzen du:

  • Liburua utziko dizut, bihar itzultzekotan. ≈ bihar itzultzeko borondatea baduzu.
  • Oporretan Myanmarrera joango gara, baina meditatzekotan. ≈ meditatzeko asmoa badugu.


Kontsulta-zerbitzuko kideak, iluminazioa aurkitzekotan


Hortaz, metrora itzulita:

  • Zure segurtasunerako dira, surik izanez gero.

Goiko hau zuzendu zuten...



1 iruzkin:

  1. Myanmarrerako trena hartu aurretik egin kasu lagun matrakari

    ErantzunEzabatu