15/5/22

Ez sartu!


Behar al du testurik irudi honek? Seguru asko, ez. Denok egingo dugu irakurketa bera, nork bere hizkuntzan: prohibit el pas, prohibido o paso, accès interdit, no entry, vietato l'ingresso, passagem proíbida... 

Eta euskaraz ?

Seinaletika eta errotulazio kontuak dira gaurkoak. Izan ere, denbora gutxian, arlo horretako bi kontsulta jaso ditugu: 

BAT: Nola eman euskaraz "Prohibida la entrada a toda persona ajena al servicio"?

Erantzuna hau izan zitekeen: Debekatuta sarrera zerbitzuari ez dagokion pertsonari (molde horretan egiten dira itzulpen asko, eta hala lortzen dugu elkar ez ulertzea).

Gure benetako erantzuna hemen dago. Artikulua osorik irakurtzeko gogorik ez baduzue, hona hemen funtsean zer diogun: Itzultzen dugunean, abiapuntuko testuaren esanahiari erreparatu behar diogu, eta ez formari. Beraz:
"Prohibida la entrada" = "Ez sartu"
"Prohibida la entrada a toda persona ajena al servicio" =
  • "Ez sartu"
  • "Zerbitzu honetako langilea izan ezean, ez sartu"
  • "Zerbitzu honetako langileak izan ezik"

Gure bulegoan inor sartzerik nahi ez dugunean, kartel hau jartzen dugu. Badakigu Kieto beharko lukeela, baina...


BIgarren kontsulta: "Eskolako tailerren segurtasun-kartelak euskaratu ditugu Euskaltermen laguntzarekin, baina zalantzan gelditu gara kasu batzuetan. Kartel horiek tailerretan urteak emango dituztenez, ondo egin behar ditugu."

Oso itzulpen txukuna bidali zigutenez, zuzenketa gutxi egin genituen; elkarren artean, hau adostu genuen:

Uso obligatorio de ropa protectora
Segurtasuneko arropa nahitaez jantzi behar da
Uso obligatorio de protector
Babesa nahitaez erabili behar da
Es obligatorio usar careta de soldar
Soldatzeko aurpegi-babesa nahitaez erabili behar da
Es obligatorio usar calzado de seguridad
Segurtasuneko oinetakoak nahitaez erabili behar dira
Es obligatorio usar guantes
Eskularruak nahitaez erabili behar dira
Es obligatorio usar gafas protectoras
Begi-babesa nahitaez erabili behar da
Es obligatorio el uso de protección acústica
Belarri-babesa nahitaez erabili behar da
Es obligatorio enganchar las botellas
(Aire konprimituko) Botilak nahitaez lotu behar dira
Riesgo choque eléctrico
Kontuz!: Shock elektrikoa
Riesgo de atrapamiento
Kontuz!: Harrapatuta geratzeko arriskua
Peligro: materiales explosivos
Kontuz!: Lehergaiak
Atención: carga suspendida
Kontuz!: Karga zintzilik
Atención: superficies calientes
Kontuz!: Gainazal beroak
Emisión de partículas
Kontuz!: Karraka-hautsa eta txirbilak harrotzeko arriskua
Prohibido encender fuego
Ez egin surik
Prohibido fumar
Ez erre
Prohibido el paso a toda persona ajena a la obra
Ez sartu, obrakoa izan ezik
Rómpase en caso de incendio
Sua izanez gero, hautsi
Cuadro eléctrico
Elektrizitate-kutxa
Extintor
Su-itzalgailua
Salida de emergencia
Larrialdietako irteera


Konturatuko zinetenez, gaztelaniaz era batera baino gehiagotara esandakoak modu bakarrean eman ditugu euskaraz (beltzez markatu ditugu forma horiek guztiak); lehenago esan dugun bezala, esanahia hartu dugu kontuan. Funtzionatzen du? Zeuek esan!

Badakizue zeinek eman zigun lanik handiena? "Emisión de partículas" horrek. Hurrengo batean kontatuko dizuegu zer buruhauste izan genituen eta zergatik.



   

















iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina