15/5/20

Amonaren gona zaharraz jantzi ziren festarako. Uste okerrak (IV)

Orain dela bi urteko inauteriak ailegatzeko zirela, kontsultakideok gertatzen hasi ginen ia urtero Rio de Janeirora egiten dugun bidaia (aurtengoa, Jamaikakoa, salbuespena izan da). Gure ohiko escola de sambako adiskideek A Mangueira-koek esan zigutenez, oraindik ez zuten urte honetarako gaia aukeratu, eta ideiak biltzen hasita zeuden eskolakideen artean: Nola jantzi? Nola mozorrotu?


Guk, jakina, prestu bezain prest, geure burutazioak bota genizkien: deabru, sorgin, txinatar... Erantzuna bat-batekoa izan zen: "Isto é Rio, não Lantz". Hortaz, beste buelta bat eman genien proposamenei:

Kontsultakide bat, bere proposamena erakusten.

Horretaz ari ginela, berehala etorri zitzaizkigun zalantza eta eztabaida: Marakekin jo erritmoa? Marakez jo erritmoa? Marakaz jo erritmoa? Erantzunak argia zirudien: instrumentala erabili beharko dugu, "instrumentua" adierazten ari garelako...

Erantzuna, baina, ez da horren argi eta garbia. Izan ere, Euskaltzaindiak, NOREKIN kasuak zer funtzio dituen aztertzean, Euskal Gramatika Lehen Urratsak (EGLU) I obran esaten digu:

"[...] Kasu hau [NOREKIN] kausa edo instrumentaltasuna adierazteko erabil daiteke; adibidez:
  • Makila honekin jo dut.
  • Liburu harekin, dakidan euskara guztia ikasi dut.
  • Soka ebaki zuen labana batekin.
  • Bero honekin ezin da lanik egin.

Beraz, NOREKIN kasua ere erabil genezake lasai-lasai:
  • Rion, amonaren gona zaharrekin mozorrotuko gara.
  • Marakekin joko dugu erritmoa.
  • Hegaldia txartelarekin ordaindu behar dugu.

Izan ere, ZEREZ kasuak mugagabean joateko joera du, eta esanahia apurtxo bat aldatzen da, NOLA galderarantz edo:
  • Amonaren gona zaharrez jantziko gara.
  • Marakaz joko dugu erritmoa.
  • Hegaldia txartelez ordainduko dugu.

Horiek mugatu nahi ditugunean, ZEREKIN-era jotzen dugu gehienetan:
  • Amonaren gona gorriekin jantziko gara.
  • Maraka horiekin joko dugu erritmoa.
  • Hegaldia txartel bakar batekin ordainduko dugu.

Kontsultakide bat, portabandeira lanetan, sambodromoan

Eta nola amaitu zen gure istorioa Rion? Beste baterako utziko dugu amaiera...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina