15/3/9

Nola jokatu neurri izenen sinboloekin?

Idaztean, ez da erraza jakitea nola jokatu ohikoak ez diren hitzekin; adibidez, laburtzapenekin: siglekin, laburdurekin eta sinboloekin. Horren gaineko informazioa EIMAren Ortotipografia liburuan aurkituko duzu, 33.-44. orrialdeetan.

Zer dira sinboloak? cm (zentimetro), s (segundo), N/cm2 ("newton zati zentimetro karratu"), A (anpere), C (coulomb)… eta zientzialariek erabiltzen dituzten neurrien izen horiei sinbolo esaten diegu, eta ez laburdura. Hizkuntza guztietan dira berdinak, eta punturik gabe idazten dira.

[Laburdura, berriz, hitz arrunten adierazpen idatzi laburtuei esaten zaie: etab. (eta abar), K.a. (Kristo aurreko), or. (orrialde), adib. (adibidez)… Aldatzen dira hizkuntza batetik bestera, beraz, eta puntu eta guzti idazten dira.]

Sinbolo batzuk letra xehez idazten dira: km (kilometro), kg (kilogramo), min (minutu), rpm (bira minutuko), ns (nanosegundo)...

Baina beste batzuk, berriz, letra larriz. Hala gertatzen da zientzialarien omenez jarritako izenak direnean: W (watt James Watt), J (joule ← James Prescott Joule), C (coulomb ← Charles Augustin de Coulomb)...; baita unitateen zenbait multiplo handi adierazteko ere: Ms (megasegundo = milioi bat segundo), GB (gigabyte = mila milioi byte), Pm (petametro = mila bilioi metro)...


kWh: kilowatt-ordu (energia neurtzeko unitatea)

EIMAren Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak liburuko 31. orrialdean esaten den bezala: «Euskarazko testuetan, sinboloek edo sinbolo taldeek (neurri-adierazpenek, ekuazioek...) euskal joskerari zor zaizkion atzizkiak hartu behar dituzte maiz. Horrelakoetan, marratxoa jartzen da sinboloaren eta atzizkiaren artean, deskodetu behar den zatia (nazioarteko sinbolo taldea) eta hizkuntza naturaleko zatia bereizteko.
14 N-eko indarra: “hamalau newtoneko indarra”
25 N/cm2-ko presiotik gora: “hogeita bost newton zati zentimetro karratuko presiotik gora” 
[…]
Adibideetan ikusten duzun bezala, nola amaitzen den hitza (newton, kontsonantez; zentimetro karratu, bokalez), kasu markak forma bat edo beste hartzen du (-eko eta -ko, hurrenez hurren).

Zenbakia 1 denean, gainera, “metro bat” eta “newton bat” irakurri behar denez, kontsonantez amaitzen diren hitzei dagokien kasu marka jarri behar da beti:
1 N-eko indarra
1 cm-eko azazkala (ez 1 cm-ko)

Jakina, zenbakiaren eta sinboloaren artean zuriunea utzi behar da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina