15/11/10

Pelloren erroskillak, lentillak eta galtzontzilloak

Bazenekiten euskaraz ere ll digrafoa erabiltzen dela? Digrafoa [grezieraz δίς (dis bezala transkribatuta: "bikoitz") eta γράφω (grafō, gráphō): "idatzi"] hots bakarra adierazten duen bi letrako sekuentzia da.  Esaterako: Ortuella,  txepetxa, onddoa, otsoa, Aitziber…

Baina, utz ditzagun pellokeriak eta rolloak alde batera! Goazen harira! Ikusten duzuenez, izenburuan ageri diren hitz guztiek ezaugarri bat partekatzen dute: denak idazten dira ll-z euskara batuan.

- Pello
- erroskilla
- lentilla
- galtzontzilloak
- paella
- brillante
- salmonella
- bulldog
- …

Euskaraz ll digrafoarekin idatzitako beste hainbat hitz dago. Non bilatu behar diren ez baldin badakizue, gure kontsulta zerbitzuko erantzunetan zerrenda bat duzue. Baina zerrenda bera baino interesgarriagoa izan liteke jakitea nola osatu genuen:

1. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua deskargatu genuen PDF formatuan.

2. Ctrl + F sakatu genuen bilaketarako laukia zabaltzeko, eta ll idatzi genuen hor.




3. Intro tekla sakatu, eta hor agertu zitzaigun lehen-lehenik Pello (ez noski hiztegiko sarrera gisa, adibide batean baizik).



Eta aurrerago, beste hauek: Trigonella foenum-grecum, Anguilla anguilla, arpillera, artillari eta artilleria, banilla... Batzuk, ikusten duzuenez, izaki bizidunen izen zientifikoak dira, eta kendu behar izan genituen zerrenda osatzeko; beste batzuk, ordea, hitz arruntak dira, bilatzen ari ginenak.


Beste kontsulta batean, galdetu ziguten ea zein aditz amaitzen diren -etsi atzizkiarekin, eta modu horretantxe lan eginda (pazientziarekin) lortu genuen zerrenda: ahuletsi, baietsi, esetsi, jainkoetsi...


Beraz, norbaitek galdetuko balizue zer berba amaitzen diren -kunde atzizkiarekin (esate baterako), izango zinateke kapaz zerrenda osatzeko?


ELLE
Nola ahoskatzen duzue: "el" (à la française), "elle" ala "eye"?
(Iritsi baita gurera ere yeismoa)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina