15/11/12

Galiziako harginen euskal hitzak

Erdi Aroan, Galizian, beste leku askotan bezala, harginek elkarte sekretu bat osatu zuten. Hizkera misteriotsu batean hitz egiten zuten, harriak lantzeko jakintzarekin batera belaunaldiz belaunaldi transmititu dena; gremio-jargoi honetaz baliatzen ziren sekretuak gordetzeko: inguruko entzule jakingurek uler ez zezaten, alegia. Gaur oso hiztun gutxi dituen mintzaira kriptiko horri "verbo dos arginas" edo "latín dos canteiros" esaten diote. Bada, isilpeko mintzo honetan euskal harginen eta euskararen eragina nabarmenak dira: euskaldunoi ezagun egingo zaizkigu arría, chacurro, napurra, bay eta beste hainbat hitz.


Harginen markak
Izan ere, harginen lanbidea ibiltaria zen berez: gaur hemen eta bihar han lan eginda, Portugaldik Bretainiaraino eta harantzago ere bai, tokian tokiko harginekin batera jardun behar izaten zuten. Hartara, halako jargoiek gaur arte iraun dute, nola edo hala, Portugal iparraldean, Asturiasen, Santanderren eta Burgosen besteak beste, eta guztietan islatzen da Euskal Herriko hargin maisuek utzitako lorratza.
Frantsesetik ere izenordain tonikoak hartu zituen hizkera honek: moi, toi... bere horretan idatzirik, edo moa, toa... forman, tokiko aldaeren arabera. Halaber, beste hizkuntza askotatik mailegaturiko berbak ere aberasgarriak izan dira "fala dos arginas" jargoiaren ondarean.


Euskaratik jasotako hitz batzuk

  Verbo dos arginas
  Galegoa
  Euskara
argina / arxina / arguina
canteiro
hargina
guiche
pouco, pequeno
gutxi (gitxi), txikia
guiche a guiche
pouco a pouco
gutxika-gutxika
nin guiche / nin vai
nada
ezer ez
arría / ría
pedra
harria
arría guiche
pedra miúda
harri-koskorra
bai / bay/ vay
sí, vale
bai
chacurro
can
txakurra
napurra
raposo
azeria (lapur, ñapur)
urdio
porco
urdea
arrañía
troita
amuarraina
usquía
calor del sol
beroa (eguzkia)
murúa
face
aurpegia (burua)
ureta
auga
ura
beho
égua
behorra


Eta esaldi bat

Morrón, para cubicar muriar xidavante de arxina, xeres intervar o verbo dos arxinas.
Mutila (morroia), hargin-lanbidea ongi ikasteko, harginen berbaera jakin behar duzu.

Eta kanta bat

Verbo dos arginas
Galego estandarrera itzulia
Euskarara itzulia
Jina racha, jina racha,
Jina si xeres jinar;
Si foras luz Keikoa
Nexo te xerias esperar
Chega noite, chega noite
Chega si queres chegar
Que si foras día de festa
Non farías agardar
Jin arratsa, jin arratsa,
Jin, nahi baduzu jin;
Jaieguna bazina
Ez gintuzkezu hain luzaz zain edukiko

Amaitzeko: euskararen eragin hori beste gremio batzuen jargoietara ere hedatu da; esate baterako, zorrotzaileen hizkeran ("barallete") ere aprendizari edo mirabeari mutilo deitzen diote.

Hitza dugu geure ingurua ezagutzeko biderik onena. Gure herrian eta urrutiko lurraldeetan, gure arbaso haiek hainbat eraikin altxatu zituzten harriz eta zizelez, eta mundu zabala hitzez eta izenez erein zuten bidenabar. Merezi du mundu hori eta hitz horiek ezagutzea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina