15/4/20

Nongotarrak gara KZkoak?



Interneteko hodeian bizi garelarik, esan liteke, guztiz hitz kultua erabilita, nefelibatak garela (gr. νεφέλη, 'hodei', eta βάτης, 'ibiltari'). 

Baina sanedrina lurrean daukagu, eta, inoiz gure web orria kontsultatu duzuenok jakingo duzuenez, Obaban daukagu egoitza soziala: bertatik erantzuten dugu kontsulta bat heltzen zaigun bakoitzean, eta bertan ordaintzen ditugu zerga guztiak. Beraz, esan liteke Obabakoak garela. Baina, nola demontre esaten zaie Obabakoei: obabar, obabatar...?
 
KZko bi kide, Interneteko hodeian, berriz ere eskalada praktikatzen 
1/ Horrelako zalantza bat dugunetan, zuzenean jotzen dugu Euskaltzaindiaren web orrira, eta honela jokatu:
  • Goian eskuinaldean dagoen leihoan bilatu nahi dugun toponimoa idatzi (adibidez, “azkoitia”), euskarazko grafiaduna edo erdarazko izen ofiziala (adibidez, “olite”).
  • Erlaitzean, “Izendegietan” aukeratu (eta ez “Artikuluetan”, kontuz!).
  •  “Toponimia” sailean, honelako informazioa aurkitzen dugu:

Euskal era arautua
Azalpena
Non
Obaba
Izaera: Udalerria
Herritarra: obabar
Ofiziala: Obaba
Erabaki maila: Euskaltzaindiaren araua
Atopialdea

Ikusten duzuenez, aurreko taulako datuak asmatu izan ez bagenitu, obabar izango zen bilatzen ari izan garen hitza, eta arau estatusa edukiko zuen.


2/ Herri baten euskal izena zein den jakinda, nola igarri zein den jentilizioa? Zoritxarrez, ez dago araurik. Bi gomendio hauek eman litezke, eta ez besterik: 
  • -ia + -ar zigoitiar, bediar (baina bediaztar ere bai), gabiriar, donamariar, hendaiar 
  • -n / -l + -dar aguraindar, trapagarandar, errezildar, buñueldar

Eta besteekin, zer? Kontsultatzea beste erremediorik ez dago. Esaterako, zer gertatzen da herriaren izena '-o'-z amaitzen denean? Hartu ditzagun adibide batzuk:
 
Bernedo → bernedo + ar = bernedar (gehienak egitura honen arabera eraikitzen dira)
baina…
Bilbo bilbo + tar = bilbotar
Altzo → altzo + tar = altzotar
Lezo lezo + ar = lezoar
Amurrio → amurrio + ar = amurrioar
Bakio bakio + tar = bakiotar
Zamudio → zamudio + tar = zamudiotar
Zamudio → zamudio + ztar = zamudioztar
Elorrio elorrio + ar = elorriar

 Ez: dirudienez, ez dago modurik jakiteko zein izan daitekeen jentilizioa leku izenetik abiatuta. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina