15/4/13

Egin proba, eta frogatu badakizula "proba" eta "froga" bereizten

Martxoaren 27an argitaratu genuen artikulutxoan, honela aurkeztu genuen egun hura:

«Batzuei, egun honetantxe hasiko zaie Aste Santua / Saindua / Gurena edo gurutzebidea, IRALEko atariko proba (eta ez froga) egin behar dute eta!»
Jende askori entzuten diogu "atariko froga" eta antzekoak erabiltzen dituela, eta erabaki dugu gaurkoan ariketatxo bat proposatzea, proba eta froga hitzak bereizteko balio lezakeena.

Beste ezer baino lehen, ikusi dezagun nola azaltzen dituen esanahiak Euskaltzaindiaren Hiztegiak:

froga iz. Zerbait egia dela finkatzeko edo egiaztatzeko balio duen gauza.

proba 1 iz. Norbait zerbaitetarako gai dela ikusteko egiten den saioa.
2 iz. Dema, norgehiagoka.
3 iz. Inprimatze lanaren kopia, hutsak zuzentzeko ateratzen dena.
IRALEko atariko probara sartu aurretik, 1993an
Ereduzko Prosa Gaur* gordailutik aukeratu ditugu 10 esaldi, eta haietan guztietan froga ageri da: batzuetan, zuzen erabilita, baina oker beste batzuetan. Ea asmatzen duzuen zein dauden ondo eta zein ez! Erantzunak beherago dituzue, baina erabili izan dugun teknikarekin ezkutatuta: zuriz idatzi ditugu; bistaratu nahi izanez gero, pausatu sagua erantzunen gainean, eta magia!

  1. Hala, hainbat auzipeturen aurkako froga bakarrak torturetan oinarrituta daudela txarretsi zuen.
  2. Errolda-agiria froga bakar modura agertzea ez dela «onargarria» dio oharrak, «atzerritar asko bere egoera erregularizatu ezinean» geldituko direlako.
  3. Guztira 3.741 alkoholemia froga egin zituen, eta gidarien %5,21ek eman zuten positibo.
  4. Eskuargia piztu nuen, eta haren helmena laburra zenez, harrizko aulkitik zutiturik, hainbat froga egin nuen nola jokatu deliberatzeko.
  5. Erratuta zegoela esan zion Luigik eta froga gisa hainbat jenderi entzundako komentarioak errepikatu zizkion.
  6. Oraindik azterketa eta froga asko egin behar ditugu enbrioi zelula horiekin, terapian erabiltzeko egokiak diren ikusteko.
  7. Trepetak martxan jarri eta soinu froga labur bat egin zuten segidan.
  8. Gaixo hauei hamaikatxo froga eginda ere, alferrik dira denak.
  9. Froga gainditu ez banu bezala: porrot egin nuen sentipenarekin.
  10. Autore gehienek diote sutautsa Txinan asmatu zela, baina ez dute oinarritarako froga sendorik.


    1.      froga
    2.      froga
    3.      proba
    4.      proba
    5.      froga
    6.      proba
    7.      proba
    8.      proba
    9.      proba
    10.  froga
     
* 2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen ditu Ereduzko Prosa Gaur corpusak; oso erosoa da gaur egun bertan bilatzea, Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran dagoelarik.



IRALEko atariko proba egiten, 2013an.
Hain azterketari gutxi aurkeztea honen froga da: duela 20 urteko jendetza hartatik. gehienek lortu zutela Hizkuntza Eskakizuna.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina