15/2/18

Erraberoa eta darwinismoa

Erraberoa: Abereak jetzi berritan biltzen den esnea.

Ba ote dago beste hizkuntzetan kontzeptu hori emateko berbarik? Ez dakigu. Baliteke, baina ez dakigu ezta nola bilatu ere. Kontua da euskara oso ondo egokituta egon dela bere txoko ekologikora, mendeetan eta mendeetan, eta besteak beste horrexegatik iraun duela pronostiko guztien kontra.

Ama Feliren euskara gurea baino jatorragoa izan zen, eta amarena baino jatorragoa izan zen amona Eulalirena: askoz ere baliabide gehiago zituen amonak pasadizoak (benetakoak zein asmatutakoak) dotore kontatzeko; hainbat formula, esaera, kantu... betiko desagertu ziren hura hil zenean... Baina, Mitxelenak esaten zuen bezala, haren euskarak (lexikoak, batez ere) ez digu balio, gaur egungo bizimodua oso bestelakoa baita.

Izaki bizidunek egokituta egon behar dute bizi diren habitatean, edo bestela desagertu eta suntsitu egiten dira. Gure ustez, berdin gertatzen da hizkuntzekin: amaren eta amonaren euskara guztiz egokia zen amaren eta amonaren bizimodurako, beren txoko ekologikorako, baina baldintzak zeharo aldatu dira. Txoko ekologikoa aldrebestu egin da guztiz. Eta euskarak, biziraungo badu, jakin beharko du garai berri hauetara egokitzen (egia esan, hizkuntza batek ezin du ezer jakin: hiztunok hartzen ditugu erabakiak, moldatzen ikasteko edo etsitzeko erabakia, hain zuzen ere).


800.000 hiztunotatik, bakan batzuek baino ez duzue edango erraberoa. Gehienok, tetrabrick-eko esnea edaten dugu; ez errapetik zuzenean edanikoa (gogoratu: "Artzainaren etxean, tetrabrick" da "Errementeriaren etxean, zotza burruntzi" esaera zaharraren gaur egungo baliokidea, harako hark asmatua).

Hala, gaur egungo txoko ekologikoan, gehien-gehienok bestelako kontzeptu batzuk adierazten jakin behar dugu: erraberoa baino garrantzitsuagoa bihurtu zaigu esne erdigaingabetua.

Eta, horrekin batera,
  • telefono baten estaldura
  • laser bidezko sinterizazioa (3Dn inprimatzeko)
  • ikuskarien zonaldeburuaren egitekoak
  • nola kalkulatu zilindro baten kanpo azalera
Galdetu letrakera lodiz nabarmendu ditugunak zer arraio diren, eta amaren eta amonaren belaunaldietako gehienek hala moduzko aurpegiera jarriko dizuete: ez dute egundo kontzeptu horiek gehienak euskaraz emateko premiarik izan; ezta erdaraz ere, noski.

Amaitzeko: Zer egin errabero hitzarekin, eta oro har ama Feliren eta amona Eulaliren hizkerekin, satsera bota betiko usteldu daitezen? Ez, inola ere ez! Lexikoa birziklatu egin dezakegu, eta tradizioa ezinbestekoa dugu euskara erregistro guztietara hedatu dadin, euskarari kolorea emateko. Baina horiek beste artikulu batzuetarako gaiak dira.



2 iruzkin:

  1. Birtziklatze lan horretan, "erreberoa" izan zitekeen, gaur egun, sorkuntza prozesu batean etortzen zaigun lehenengo ideia hori, jarioan datorrena, oraindik elaboratu gabea, hori izaten baita askotan gantz edo indar gehien duen pentsamendua, ondorengo elaborazioan erdigaingabetua geratzen zaiguna!
    Erabili zitekeen ere, brainstorming edo ideia-jasaren teknikan, hasieran eta arrazoitu gabe borborrean botatzen ditugun lehenengo pentsamenduak izendatzeko...

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Ondo, Arantza. Ideia ona da "errabero" birziklatzeko. Baina beste norbaitek ere izan lezake bestelako testuingururen batean birziklatzeko ideia.

      Kontua da hitz hori metafora moduan erabiltzen hastea testuinguru jakin batzuetan, eta zeuk ez ezik inguruko jendeak ere erabiltzea, modu bertsuan beti... Arrakasta izateko, "promozio" egokia izatea da gakoa: hala, gaur egun ez zaigu batere arraroa egiten "erdigaingabetua", Eroski eta gainerakoak eraginkorrak izan baitira hitza hedatzean; euskaraz eskolatu gabeko hiztunek ez dute jakingo zer den "eremu", baina euskal fisikariak ezin dira bizi beren "eremu grabitatorio"rik gabe, ezta hizkuntzalariak ere beren "eremu semantiko"rik gabe, unibertsitateak eta orohar hezkuntza sistemak arrakasta izan baitute "eremu" berreskuratzean. Noiz edo noiz, promozioaren ideia hori hartuko dugu hizpide beste post bat idazteko.

      Bide batez esanda: "Errebero" idatzi genuen, halaxe entzun genuelako Ahotsak-eko grabazio batean. Gerora ikasi dugu "errabero" esan eta idatzi behar dela batuan, eta horrexegatik aldatu dugu artikuluan.

      Ezabatu