14/11/12

Kuleroak, prakak eta pantaloiak



Pasadizo bi:

Wikipediako Lapurtarren Biltzar sarreran begiratuz gero, hau agertuko zaigu: 
  • Biltzar hitzak Bil(-era) eta Zahar hitzen lotunea du arroa eta 'agureen bilera' esan nahi omen du. 
Wikipediako euskara ulertezina gorabehera (lotunea du arroa?), etimologia bitxi xamar baten berri ematen digu sarrerak, eta ez bakarrik formari dagokion kontuetan (ez zen izango, izatekotan, *zaharbiltza, Udalbiltza bezala?). Esanahi aldetik ere bitxikeria bat genuke: agureak baino ez ei ziren biltzen Lapurdiko bilera haietan. 
  • Orain dela gutxi, herrian batzar bat egin behar zela eta jardunean genbiltzala, ezagun gazte bat hurreratu zitzaigun, eta blaust! bota: “Ezin da karteletan batzar idatzi: sexista da, arrak batzea esan gura duelako. Kanpoan uzten ditu andrazkoak”. Gutako batek –umore zoliko biologoa bera– erantzungo zion edozelan ere harrak baino ez zirela batuko, eta, guztiak hermafroditak izango zirenez… 

Benetako pasadizo horiek gorabehera, hiztun batzuengan bada joera bat hitzen erabilera okerra edo desegokia (sarritan ustezko) etimologian oinarritzekoa, kontuan hartu barik denbora igaro ahala hitzen esanahia aldatzen joaten dela hizkuntzan (eta batez ere hiztunongan). Gaur egungo euskaldun askorendako, hausnartu hitza arrazoitzeko prozesutik hurrago dago belarjaleen prozesu digestibotik baino. Zer esanik ez, garatu hitza inork gutxik lotzen du landareen zurtoina haztearekin.

Baina etimologiaren indarra gogor dabil oraindino. Entzun eta irakurri ere egin dugu gizarte desegokia dela, emakumeak ez dituelako aintzat hartzen (bada gaur egun inor gizarte hitza erabiltzen duenean emakumeak kanpoan uzten dituenik?).

Sinplea da kontua: hitzaren jatorriak ezer gutxi zehaztu eta finkatu ditzake historian hitz horrek eta haren gainean eraikitakoek hartzen eta hartuko dituzten esanahiak. Unean uneko hiztunei berdin die zer esan nahi (ote) zuen ahoan darabiltenean. Imajinatzen dituzue ingelesdunak nice hitzaren gaurko esanahia (= polita, atsegina) desegokia dela aldarrika, zergatik eta latineko nescius (> necio, gaztelaniaz) hitzean duelako jatorri?

Hitzen esanahiek buelta asko ematen dituzte: zelten jantzia zen braca hitzaren esanahiari, estu-estu jarraitzen diote euskaldun askoren prakek (ez guztiek: kuleroak adierazteko, barruko prakak edo praka txikiak erabiltzen dira inguru batzuetan). Frantsesek –oh là là- gizonezkoen jaka dotore (frac) bihurtu dute: hanketatik gora janzteko, nahiago izan dituzte  Italiako pantal(e)onak, gaztelaniadunek bezala. Horiek, ostera, emakumezkoen braga bihurtu dute braca zaharra (gure kuleroak). Munduari itzulia egiteko, Lekeitiotik Bergarara doan marra batean, hiztun askok kuleroei esan diete pantaloiak[1] oraintsu arte!!!





[1] Ingelesendako, kuleroak nahiz galtzontziloak dira pants-ak!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina