15/12/24

Gabon-gabontzeta

Iaz, abenduaren 15eko artikuluan, Gabonak izan genituen hizpide: egutegia, ohiturak, haiei lotutako lexikoa eta esaera zaharrak... (Egin klik jarri dizuegun estekan, gaurkoa irakurtzen amaitzen duzuenean: altxor bat daukazue). Besteak beste, hau idatzi genuen: 
«Gabon egunean, Euskal Herriko zenbait herritan, umeak kantuan irteten dira (Gabon kantak edo Eguberri kantak), baserririk baserri edo etxerik etxe, eskean (Gabon eskean, gabonsaria batzen)».
Gabonsariarena ez da nobedadea izango inorentzat. Baina horren harira, behin baino gehiagotan esan izan dugu kanta batzuk nagusitu ("Olentzero" bereziki) eta beste batzuk galdu egin direla gure artean. Haietako bat ekarri dizuegu hona, guk ume-umetan zer abesten genuen gogoratuta (lau-bost-sei urterekin, bost xentimoren truke).

.
 Mutrikuko Musika Eskolako umeak
"Gabon Gabontzeta" kantatzen
Entzuteko, egin klik 
hemen.
Gabon-gabontzeta
Errosa galtzeta
Aurra jaio da ta
Jo daigun krixketa.

Aire miramor, aire miramor.

Larrosa enkarnada.
Aire miramor, aire miramor.

Etxetxiki onetan
Jo daigun atia,
Iriki, al badezu,
Ama-andre maitia.

Aire miramor...


Etxe onetan lau ardi,
laurak zortzi belarri,
etxe onetako etxeko andreak
topin beltza dirudi.


Ortografiaren aldetik batura pasatu nahi baduzue eta nola egin jakin ezzerbitzu hori geuk eskaintzen dizuegu. Sarean aurkitu ditugun bertsioetako bat kopiatu-itsatsi dugu, eta zegoen-zegoenean utzi: gure ukitua eman gabe.

Bide batez esanda, antzerki-lan bat ere bada Gabon-gabontzeta, J.A. Arkotxak idatzia.

Mutrikuarrei entzundakoa gustatu bazaizue, ikasi eta sartu datorren urtean Gabon-kanten errepertorioan. Edo, horrelako besterik baduzue eta hemen argitaratzea nahi, bidali (kantua bera, bideoaren esteka...) eta segituan helaraziko diegu gure irakurle guztiei.

Horrenbestez, eta loteria (aloterixe, loterie...) tokatu ez zaigunez, bagoaz kantuan eta eskean: Gabon-gabontzeta...


KZkook, gure lagunekin, goizean atera diguten lehen argazkian


Urtarrilean, gehiago. Edo lehenago... (nork daki!). Ondo jan, ondo edan, ondo lo egin... indarberrituta bueltatzeko.

Urte berri on!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina