15/12/1

"Blakfraideia" erabiltzera iritsiko gara?

Duela hilabete pasatutxo, milaka lagun izan ziren Gernikan Urriko Azken Astelehena ospatzen. Azoka astelehenero egiten bada ere, urriko azkena izaten da berezi: izugarrizko festa antolatzen dute egun osorako, eta jendetza biltzen da.

Azaroaren amaieran, berriz, beste ospakizun hau izan dute: "Black Friday Gernikés" (hala iragarri du hango dendari batek bere facebookean).

Eta Gernikan bezala, beste hainbat herri eta hiritan antolatu dute tokian tokiko merkatariek Black Friday hori: Bilbon eta Mungian, Bariku Baltza; Oñatin eta Azpeitian, Ostiral beltza; Hernanin eta Beasainen, Ostiral Beltza...

Orain arte, «egun beltza» edo «etorkizun beltza» bezalako adierazpenak zoritxarrarekin edo hondamendiekin lotzen genituen. Bada, ez: «ostiral beltza» Gabonetako festa-giroan sartzen hasi gaitezen pentsatuta omen dago (opariak lehenbailehen erosten, alegia).

Kontua da batzuek ingelesezkoari eutsi diotela eta beste batzuek hitzez hitz itzuli. Itzultzerakoan, jokatu zitekeen beste modu batera: deskontuen ostirala, esaterako; edo azaroko azken ostirala Gernikako urriko azken astelehena bezala. 

Asteburua osatzeko, Fair Saturday ere izan dugu. Solidarters fundazioak duela urtebete Bilbon abian jarritako ekimena beste herri eta hiri askotara zabaldu da aurten. Bultzatzaileen esanetan, luzaro irauteko jaio zen. GKE eta proiektu sozial jakin batzuei laguntzea du helburu, artea eta kultura kalera aterata.

Izena eta izana ez dira kasualitezkoak: Black Friday eta Cyber Monday komertzialen artean txertatu dute Fair Saturday solidarioa, kontsumo arduragabearen aurka egiteko. (Bide batez, esan dezagun Ziber Astelehena aurkitu dugula hiru agerpen bakarrik; larunbatik edo zapaturik, ez).

Baina politena irudi honetan ikusi dugu: BLAS FRIDEI.


Bide horretatik joz gero, erraz daukagu azaroko azken egunei izena jartzea: blakfraideia, fertsaturdeia, (sandeia) eta zibermandeia.

Hau da abelera!



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina