15/11/5

Intoxikazio-kasu bi eman dira Txorrierrin, perretxikoak janda

Seguruena, eman aditza izan daiteke euskaraz dugun polisemikoenetako bat. Adiera batzuk aipatzearren:


  • norbait zerbaiten edukitzaile egin: dirua eman zion / txupatxusa eman dit / belarrondoko bat emango dizut!!
  • denboraz ari garela, igaro edo pasatu: 3 urte eman zituen galeretan / bi ordu eman ditut museoko ilaran
  • irudia, itxura izan: konponduz gero, berria emango du / tontoa ematen du 
  • ekin, lotu: edateari eman zion / polizia ikusita, ihesari eman genion
  • (ondo edo gaizki) egokitu: soineko horrek ederki ematen din!!
  • itzuli: latinetik ez ezik, grezieratik ere eman zituen hainbat lan euskarara
  • ...
Hala ere, gaztelaniazko "darse = producirse" horren eraginez, gertatu, jazo adierarekin entzuten da sarritan gure eman hori, batez ere ahozko komunikabideetan.

  • *Obamaren eta Putinen arteko kontaktuak eman dira
  • *Ikasleen artean noizean behin ematen diren gorabeherak...
  • *Teknologiaren munduan, berrikuntza ikusgarriak ematen ari dira
  • *Intoxikazio-kasu bi eman dira Zamudion, perretxikoak janda


Horietan guztietan, gertatu, jazo, izan, suertatu dira erabili beharrekoak1, edo, bestela, zuzenean izenak (kontaktu, berrikuntza, intoxikazio) aditz bihurtu:

  • Kontaktuak izan dira Obamaren eta Putinen artean = Obamak eta Putinek behin baino gehiagotan kontaktatu dute
  • Ikasleen artean suertatzen diren gorabeherak...
  • Teknologiaren munduan, berrikuntza ikusgarriak gertatzen ari dira = Teknologiaren munduan, ikaragarri ari dira gauzak berritzen
  • Intoxikazio-kasu bi jazo dira Txorierrin, perretxikoak janda = Pertsona bi intoxikatu dira Txorierrin, perretxikoak janda
Hortaz, tentuz ibili sasoi honetan inork ematen dizkizun perretxiko, onddo, ziza, nikalo eta abarrekin!!!





Euskaltzaindiaren hiztegiak 206. orrialdean dio:
"[Oharra: Euskaltzaindiak, neska-mutikoen artean ematen diren liskarrak esapideak eta kidekoek euskara idatzian izan duten erabilera kontuan harturik, esapide horien ordez, neska-mutikoen artean gertatzen diren liskarrak eta kideko esapideak erabiltzea gomendatzen du]".

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina