15/5/11

Ostikoketa (Terminologia finkatzen I)

Aspaldi honetan gerra aurreko prentsarekin bueltaka gabiltzala, eta 'Ametsen bila' izeneko erakusketa ikusi berri dugula, pentsatu dugu aukera ederra dela komentatzeko nola sortu daitekeen terminologia arlo berri batean. Bitxi samar egingo zaizue ekarriko dizuegun arloa, ez baita ez zientzietakoa, ez letretakoa: futbola (barkatu gorrotatzen duzuenok; baina irakurri itzazue artikulutxo hau eta hurrengoa: aitzakia bat baino ez da futbolarena).

Gerra aurrean nahiko kirol berria zelarik, sortu egin behar izan zen, nolabait, futbolari zegokion terminologia, euskaraz nahiz erdaraz. Zer uste duzue, asko aldatu dela orduko garaitik hona, edo berdintsu dirauela?


Harrigarria egingo zaizue jakitea estatuko lehen kirol egunkaria ez zela ez Madrilen ez Bartzelonan sortu: EAJren orbitan sortu zen, Euzkadi egunkariko erredakzioaren inguruan, Bilbon, Excelsior izenarekin (1924-1932); gero, Excelsius izena hartu zuen (1932-1937).

Estatuko lehen kirol astekari garrantzitsua, berriz, Bartzelonako El Mundo Deportivo izan zen, 1906an sortua. Bada, partida baten kronika irakurri berri dugu astekari horren hemerotekan: "Vasconia-Cataluña. Los vascos ganan por 6 goals a 1"; hain zuzen ere, orain dela 100 urte (1915eko urtarrilaren 3an, "Iparraldeko selekzioa (Selección Norte)" izenarekin) gure futbol selekzioak jokatu zuen bere lehen partidaren kronika.

1915eko selekzioa. Ezkerretik laugarrena, nola ez, KZko kide baten amonaren aita.

Erdara hutsean daude aipatutako kazeta guztiak, bai Bartzelonakoa, bai Bilbokoak. Joan den mendearen hasierako kazetak irakurtzen badituzue, konturatuko zarete futbol terminologia finkaturik gabe zegoela gaztelaniaz; anglizismoz beterik zegoen: foot-ball, goal eta goal-keeper, back, referee, equipier... Gure gazte denboran ere, 'orsai' (off-side) eta 'fao' (fault) botatzen genizkion epaile gizajoari garrasi batean, euskaraz zein erdaraz hitz egitean, eta, jakina, 'penalti' eta 'corner' gaur egun irauten duten terminoak ere bai, jakin gabe Obabako fonetismoarekin bazen ere ingelesezko hitzak ebakitzen ari ginela.

Erregerik gabeko Espainian, 'Donostia' izena hartu zuen Realak.
Garai hartako euskarazko futbol kroniketan, zer esanik ez, nabari-nabaria da terminologia finkatze horren premia. Argia Donostiako astekarian edo Euzko Bilboko astekari jeltzalean, esaterako, euskara garbijan ematen saiatu ziren kirolari zegozkion terminoak: ostikolaritza edo ostikoketa da futbola, baina atezainak, atzelariak, erdilariak eta aurrelariak jokalariak (ostikolariak), gaur bezala.

Aldamenean duzuen Argiako kronikak dioenez, Donostia taldeak hiru tanto edo goal sartu zizkion Castelloni, denak partiduko bigarren ekiñaldian. Referee-ari esateko, berriz, epaile hitzarekin lehian zebilen beste hau aurkituko duzue: txistulari.

Berdin gertatzen zen beste kirol batzuekin: ukabilketa zen boxeoa, txirringariak ziren karreristak... 'Kirola' esateko ere, batzuek kirol erabiltzen zuten, eta jolas beste batzuek.

 
Nola joan zen finkatzen erdaraz (kontuz, Hego Amerikan desberdina da: Argentinako arqueroa izan zen 'El vasco Goycochea', eta ez porteroa) terminologia? Lehenengo pausoa, seguruenik, Alberto de Gomar Rubio kazetariak El arte del foot-ball liburua itzuli zuenean eman zen; gero, telebistaren eragin orohartzaileak amaitu zuen prozesua.

Eta euskaraz? Artikulu hau luze samar geratu da, eta hurrengoan kontatuko dizuegu: "Nori berea, Obabako legea (Terminologia finkatzen II)". 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina