14/11/4

Maite ditut, maite, zehar galderak


Zehaztu behar diegu agentziakoei datorren hilaren 25ean eguraldi ona egingo balu eta guraso elkarteak 100 €-ko diru laguntza onartuko balu Pagoetako parke naturala eta bereziki Agorregiko burdinola bisitatzeko txangora joango liratekeen 3. mailako ikasleen kopurua.
Zuzena da aurreko esaldia? Hala uste dugu, bai. Erraz ulertzen da? Ez gaude seguru. Baliteke bi edo hiru aldiz irakurri behar izatea oso-osorik ulertzeko, traba handia baita aditz nagusia irakurtzen dugunetik osagarrira heldu arteko alde luuuuuuze hori…: Bale, zerbait zehaztu behar dugu, baina noiz arraio jakingo dugu zer zehaztu? Hiru lerro irakurri behar dira informazioaren muinera heltzeko:

Zehaztu behar diegu agentziakoei datorren hilaren 25ean eguraldi ona egingo balu eta guraso elkarteak 100 €-ko diru laguntza onartuko balu Pagoetako parke naturala eta bereziki Agorregiko burdinola bisitatzeko txangora joango liratekeen 3. mailako ikasleen kopurua.

Beraz, baliteke guztiz zuzena izatea esaldia, baina bistan dago ez dela oso egokia. Nola konpondu?
Zehaztu behar diegu agentziakoei 3. mailako zenbat ikasle joango liratekeen datorren hilaren 25ean Pagoetako parke naturala –eta bereziki Agorregiko burdinola– bisitatzeko txangora eguraldi ona egingo balu eta guraso elkarteak 100 €-ko diru laguntza onartuko balu.

Behin bakarrik irakurrita, aurrekoa baino askoz hobeto ulertzen da, ezta? Gure ustez, zuzena da noski esaldia; eta, gainera, lehenengoa baino egokiagoa.



Beste adibide bat (betiko mate ariketa horietako bat):
Kalkulatu ezazu Bilbotik Eibarrera 110 km/h-ko abiadurarekin doan ibilgailu batek eta Eibarretik Bilbora 80km/h-koarekin doan beste batek elkarrekin topo egingo duten(eko) puntu kilometrikoa, ordu berean abiatu direla jakinik.
 Konpondu dezagun:
Kalkulatu ezazu zein puntu kilometrikotan egingo duten elkarrekin topo Bilbotik Eibarrera 110 km/h-ko abiadurarekin doan ibilgailu batek eta Eibarretik Bilbora 80km/h-koarekin doan beste batek, ordu berean abiatu direla jakinik.

Zeinen ondo ulertzen diren zehar galderak!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina