14/10/17

Richard Lionheart


Richard Lionheart (Ricardo Corazón de León) eta John Lackland (Juan sin Tierra): nola esan euskaraz? kontsulta-zerbitzura galdera egin zigutenetik, urte guztietan erabiltzen dugu adibide bera EIMAren Onomastika (zerrendak) liburukiaren berri emateko:“Eman dezagun Robin Hood lantzen ari zaretela ikasgelan, B edo D ereduan, eta halako batean “Ricardo Corazón de León” agertzen dela: nola esango zenukete euskaraz?”Harrigarria egin zaigu beti irakasle askok eta askok nolako erreakzioa duten: “Baina… zergatik demontre euskaratu behar da?”. Ez dira konturatzen frantsesez “Richard Ier Coeur de Lion” esaten dela, eta ingelesez “Richard I the Lion-Heart”; eta, beraz, euskaraz ezin dugula erdarazko formarik eman…

Bide batez esanda, bitxia da nola errege-erreginen eta haien familiako kideen izenak itzultzen diren (Erresuma Batuko queen Elizabeth eta prince Charles ‘Elisabet erregina’ eta ‘Karlos printzea’ dira euskaraz, reina Isabel eta príncipe Carlos gaztelaniaz, reine Élisabeth eta prince Charles frantsesez…) baina ez lehen ministroenak edo presidenteenak (Tony Blair eta Will Clinton politikarien izenak bere horretan ematen dira hizkuntza guztietan, eta ez Andoni/Antxon Blair eta Gillermo/Gilen Clinton, edo Antonio/Toño Blair edo Guillermo/Guille Clinton…).
Lehen ez genekien nola eman izen horiek euskaraz: hala moduz euskaratu, gaztelaniaz edo jatorrizko hizkuntzan –jakinez gero nola!– eman…; gaur, berriz, hau esan dezakegu: “Ez dakit, baina badaukat non bilatu: Euskaltzaindiaren datutegian edo EIMAren Onomastikan”.
Urrats handia da, ez baita batere dotorea B edo D ereduko taldeetan behin eta berriz ibiltzea honelakoetan erdarara jotzen: «Shakespeare-k zioen bezala: “Ser o no ser: esa es la cuestión”», edo «Sokrates-ek esan bezala: “Sólo sé que no sé nada”», edo “Oporretan, Estocolmora (Stockholm, euskaraz) joango naiz”… Horrela jokatuta, gure ikasleei –inplizituki bada ere– erakusten diegu gaztelania dela kultura hizkuntza bakarra, eta euskara behe mailakoa…

Puntu honetara helduta: nola esango zenukete euskaraz “Sólo sé que no sé nada”?

2 iruzkin:

  1. Ez dakit ezer, hori badakit

    ErantzunEzabatu
  2. Interneten aurkitutakoak:

    Ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik.
    Nik dakidan bakarra da ez dakidala ezer.

    Niri bururatu zaidana:

    Gauza bakar bat dakit: ez dakidala ezer.

    ErantzunEzabatu